Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaren egun handia larunbatean Seguran

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren egun handia larunbatean Seguran

Hilaren 15ean I. Dantza Eguna egingo dute egun osoan. 40. Euskal Herriko dantza solte txapelketan hamar bikotek hartuko dute parte.

Larunbatekoa egun handia izango da Seguran; dantzaren hiriburua bilakatuko da beste behin ere. Aurten, gainera, inoiz dantzari eta dantza zale gehiago elkartuko da bertan. Batetik, 40. Euskal Herriko dantza txapelketan parte hartuko duten hamar bikoteak, eta bestetik, I. Dantza Egunean parte hartuko duten ehunka dantzarik eta dantza zaleek.
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/10/11
Lotura
Goierriko Hitza

Dantza soltearen txapelketa gorenak, Segurakoak, 40 urte bete ditu aurten. Apirilaz geroztik hainbat ekitaldi antolatu dituzte segurarrek eta eguna bera ere berezia izango da. Dantza txapelketako ikusleak dantzari bilakatu nahi dituzte.

Goizean, 10:30ean hasita, kaleak musikaz alaituko dituzte eta 11:30ean, plazan topaketa nagusia izango da. Azpilla dantza taldearen erronka gauzatzen saiatuko dira: Seguran inoiz ezagutu den polka jendetsuena eta erraldoiena egitea. Ondoren, nahi duenak, nahi adina dantza egiteko aukera izango du Segurako txoko desberdinetan. 13:00etan, Zango taldearekin dantza gidatuak egingo dituzte. Buruko zapiak janzten ikasteko aukera ere izango da.

13:30ean, herri bazkaria egingo dute Errebote plazan jarriko duten karpan. Txartelak egunean bertan jarriko dituzte salgai, helduena 8 euroan eta umeena 4 euroan. Bazkalondorenean ere dantzak jarraituko du Zango taldearekin. 17:15ean, trikitixaz lagundurik kalejiran joango dira guztiak elkarrekin Baratze pilotalekura.

40. Euskal Herriko dantza solte txapelketa

18:00etan, lehiaren txanda izango da. Lapurdiko, Arabako eta Gipuzkoako hamar bikote banan-banan igoko dira Baratze pilotalekuko oholtzara, fandangoa eta arin arina dantzatzera. Zozketa bidez erabakiko dute bikoteen ordena. Iazko txapeldunak Lezoko Iker Sanz eta Billabonako Lierni Kamio izan ziren. Sanz berriz ere Seguran izango da, baina oraingoan bikote berriarekin, Lezoko Ane Urruzolarekin. Bestetik, azken hiru urteetan bezala, Ibai Jimenez zaldibiarra izango da Goierriko dantzari ordezkari bakarra.

Isilkara taldeko txistulariek joko dute fandango doinua, eta Estanga anai-arrebek arin arina. 40 urtean txistua jotzen aritu diren Joxe Mari Telleria segurarrak eta Naxario Telleria idiazabaldarrak omenaldia jasoko dute saioaren bukaeran.

1994az geroztik, Euskal Telebistak grabatzen du txapelketako saioa eta aurten ere bertan izango dira ETBko kamerak. Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute saioa, eta Andoni Ezenarro ariko da dantzarien iritziak biltzen. Larunbatean bertan, 21:00etan eskainiko dute telebistan.

40. Dantza txapelketako datu interesgarriak.

· Parte-hartzaileak. Euskal Herriko 10 bikotek parte hartuko dute.

· Gipuzkoatik. Ibai Jimenez (Zaldibia)-Iratxe Lizarburu (Ibarra), Iker Sanz (Lezo)-Ane Urruzola (Villabona), Xabier Artola (Irura)-Idoia Besada (Pasaia), Gorka Kerejeta (Azpeitia)-Leire Eizmendi (Errezil), Julen Murgiondo-Saioa Galarraga (Bergara), Mikel Subinas-Maite Beobide (Azpeitia), Julen Berrondo-Nagore Berrondo (Errezil).

· Arabatik. Beñat Olano eta Paula Gonzalez gasteiztarrak.

· Lapurditik. Pierre Latasa (Urruña)-Ihintza Handy (Ziburu).

· Dantza epaileak. Josu Ibarra (Laudio), Arantxa Garin (Hernani), Rafa Salaberri (Lezo), Nahikari Vizuete (Lezo) eta Jesus Mari Garate (Ordizia).

· Jantzi epaileak. Ainhoa Mendiburu (Errenteria) eta German Nastares (Donostia).

· Atsedenaldian. Edu Muruamendiarazen Aukeran dantza konpainiak Geltokia Suit ikuskizun berezia eskainiko du atsedenaldian.

Lurdes Esnaola, Eñaut Telleria, Edu Muruamendiaraz, Naxario Telleria, Joxe Mari Telleria, Andoni Salas eta Estibaliz Iturria aurkezpenean.

http://goierri.hitza.eus/files/2016/10/IMG_5600-1.jpg

Lurdes Esnaola, Eñaut Telleria, Edu Muruamendiaraz, Naxario Telleria, Joxe Mari Telleria, Andoni Salas eta Estibaliz Iturria aurkezpenean.

Dokumentuaren akzioak