Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza Konpainia Nazionalak 'Don Quijote' balleta eramango du Arriagara asteburuan

Dokumentuaren akzioak

Dantza Konpainia Nazionalak 'Don Quijote' balleta eramango du Arriagara asteburuan

Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) zuzeneko musikaren laguntza duen Dantza Konpainia Nazionalaren (CND) azken ikuskizuna, Don Quijote balleta, Arriagara heldu da. Antzokiak eta BOSek berak aurkeztuko dute Miguel de Cervantesen heriotzaren 400. urteurrenaren ospakizunen testuinguruan sortu den ikuskizuna.
Komunikabidea
Uriola.info
Mota
Albistea
Data
2016/06/03
Lotura
Uriola.info

Hiru emanaldi eskainiko dira, gaur, bihar eta igandean; ekainak 3, 4 eta 5ean. Gaurko eta biharko emanaldiak 20:00etan hasiko dira, eta igandekoa ordubete lehenago, 19:00etan.

Jose Carlos Martinezek zuzentzen du CND 2011tik, eta lan honek bere bultzada du, zuzendari eta koreografo gisa. Koreografia diseinatzeko orduan Marius Petiparen (agian ezagunena eta Don Quijote Errusiako ballet ezagunenetakoa bilakatu zuena) eta Alexander Gorskiren bertsioetan inspiratu da.

Hiru ekitaldi dituen balleta 2015eko abenduan estreinatu zen Madrilgo Zarzuela Antzokian, eta arrakasta handia lortu zuen ikus-entzuleen eta kritikaren aldetik. Orain Arriaga Antzokira helduko da, eta, gainera, zuzeneko musikak lagunduta aritzearen luxuarekin. Oraingo honetan Manuel Covesen zuzendaritza irmo eta bikaina izango duen Bilbao Orkestra Sinfonikoa izango da Ludwig Minkusen partitura ezaguna interpretatuko duena.

Don Quijote lan honen libretoa Cervantesen Don Quijote laneko bigarren liburuko gertakari batean oinarritzen da (XXI. kapitulua, 'Camachoren ezteiak eta beste gertakari atsegin batzuk luzatzen direnekoa…'), eta ekintza Quiteriaren eta Basilioren maitasun gorabeheratsuetan zentratzen da, Don Quijoteren eta Sanchoren abenturetan baino gehiago. Baina, dena den, dantza mugimenduei dagokienez, nahiko pieza korala da, eta dantza taldeak eta bigarren mailako artistek pisu handia dute bertan.

Don Quijote, balleta

Marius Petiparen Don Quijote balleta, Errusiako ballet ezagunenetakoa izan zen, Beltxargen Aintzirarekin batera. Errusian bertan egin zen 1869an, Ludwig Minkusen partitura batean oinarrituta. Kolorez betetako lan horrek, XIX. mendeko ballet klasikoen naturaz gaindiko izaki etereoen unibertsoa apurtzen zuen, eszenara herriko jendea eramanez. Balleta belaunaldiz belaunaldi transmititu zen Errusian, eta tradizioaren parte bilakatu zen, behin eta berriro egindako errebisioei esker. Errebisio horietako garrantzitsuena Alexander Gorskik 1900ean egindakoa izan zen.

CNDri eta Jose Carlos Martinezi buruz

Dantza Konpainia Nazionala 1979an sortu zen, Ballet Nacional de España Clasico izenez, eta lehenengo zuzendaria Victor Ullate izan zen. Egungo zuzendaria, 2011tik, Jose Carlos Martinez da, dantza munduko lehen mailako artista. Dantzari gisa hainbat sari eta aintzatespen lortu ditu, eta Balleteko hierarkiako maila gorenera heldu zen Pariseko Operako Balleteko Dantzari Izar izendatu zutenean, 1997an. Ballet horretara Rudolf Nureyev berak aukeratuta heldu zen 1988an. Koreografo gisa lan ugari prestatu ditu 2002tik, eta 2011tik Dantza Konpainia Nazionalaren zuzendaritza lana ere bere esku du. 

Ikuskizunerako sarrerak 13 eta 45 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Dokumentuaren akzioak