Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza filma Basteron ikusgai

Dokumentuaren akzioak

Dantza filma Basteron ikusgai

Urtarrilaren 11n, iluntzeko 20:00tan hasita, Dantza filma Basteron ikusgai izango da. Filmean agertzen diren berrehun dantzarien artean daude Urki Dantza Taldeko kideak.
Egilea
Leire Esnaola
Komunikabidea
Aiurri
Mota
Albistea
Data
2019/01/04
Lotura
Aiurri

Eguzkiaren goizeko lehen izpiekin hasi eta gauaren iluntasunean elurpean emaitzen den bizitzaren zikloa erakusten du Dantza filmak. Telmo Esnal zarauztarraren fikziozko hirugarren filma da eta zazpi urteko prozesu luzearen ondoren, Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen. Estetika eta ikus-entzunezkoen arduraduna Koldobika Jauregi eskultorea izan da eta Juan Antonio Urbeltz koreografo eta folklore kontuetan adituak ireki zizkion dantzaren munduko ateak zuzendariari. Ezin ahaztu, ordea, maisu hauekin lankidentzan ibilitako lan taldea eta nola ez, filman parte hartutako berrehun pertsonatik gorako dantzari taldea. Horien artean, Urki dantza taldeko andoaindarrak, Euskal Herriko eta gure mugetatik haratagoko hainbat txokotan filma grabatzen ibilitakoak.

Lagun batek hitz gutxitan laburbildu zidan moduan, filma gure erro eta errituak dantzaren bitartez interpretatzeko ariketa da. Dantza tradizionalak eta Urbeltzek urteetan zehar sortutako koreografiak lurrari, uztari eta tradizioei uztartu eta elkarrizketarik ere behar ez duen istorioa sortzen da. Esnalen hitzetan, dantza da protagonista, hitzak ere soberan daude.

Zentzumenekin jokatzen da. Dantza oholtza gainetik atera eta haratago eraman da, paisaia txundigarrietan grabatuz. Filma naturarekin elkarlanean sortu da, urtaroekin, eguraldiarekin eta agerleku bakoitzak eskaintzen zuen xarmarekin jokatuz. Gertuko dantzariek adierazi zigutenez, gaueko ordu txikitan grabatu behar izaten zituzten zenbait eszena. Baina hain da zoragarria emaitza! 

Hitz gutxi dituen ordu eta erdiko pelikulan ezinbesteko papera hartzen du musikak ere. Bidean utzitakoak hasieratik gogoraraziz, dantza munduan ibiltzen garenoi hain ezagunak egiten zaizkigun doinuek eta hauek markatutako erritmoak haritzen dute filma. Izan ere, garbi ikusten da aitzurrarekin lurra lantzean sortzen den hotsa nahikoa dela erritmoa markatu eta dantzan hasteko. 

Dantza zein egoera bakoitzerako sortutako jantziak bereziak dira oso. Askotan ikusitako dantzari jantziez haratago, dantza bakoitzak adierazten duena islatzen saiatzen dira diseinuak: ezpata dantzako mandeuliak, zinta dantzako zilbor-hesteak... Jantzi bereziak eta ikusgarriak dira eta nabarmentzekoa da hauen atzean dagoen lana.

Herri baten istorioa kontatzen duen filma herrian bertan ikusteko aukera izango dugu ostiral honetan. Aurpegi ezagunak eta ikus-entzunezko zirraragarriak ikustera animatu nahi nituzke andoaindarrak, merezi du eta.  Prozesu luze baten hasieran ereindako haziak eman du azkenean bere fruitua.

Dokumentuaren akzioak