Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza eskola baten istorioa

Dokumentuaren akzioak

Dantza eskola baten istorioa

Egilea
Erkuden Ruiz Barroso
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Altsasu
Mota
Erreportajea
Data
2025/11/18
Lotura
Guaixe
Irantzu Gonzalez Azpiroz dantzaria eskolan.

Irantzu Gonzalez Dantza Eskolaren hamargarren urteurrena izanen da azaroaren 21ean. Dantza estilo desberdinak eskaintzeko helburuarekin sortu zuen dantzari altsasuarrak. Gaur egun, 200 bat dantzari trebatzen ditu. Azaroaren 22an ospatuko du urtemuga. 

2015eko azaroaren 21ean Irantzu Gonzalez Azpiroz dantzariak Dantza Eskola mustu zuen Altsasuko San Juan kalean. Betiko ametsa bete zuen irekierarekin, baina hamar urte beranduago gaur egun arte lortu duena ez zuen espero. "Izan zen dena hain handia... Pixkanaka gaztetxo gehiagok ematen zuten izena, eskola handitu behar izan genuen. Pixkanaka joaten ginen, baina beti ilusioarekin". 60 bat gaztetxorekin hasi zen, eta gaur egun 200 bat dantza ikasle eta irakasle talde bat dauka. 

Gonzalez Madrilera dantza ikasketak egitera joan zen, "dantzari profesionala izan nahi nuelako" eta behin amaituta herrira itzultzea erabaki zuen, baina "kostatu" zitzaiola aitortu du: "Alde batetik, itzultzeko gogoa nuen, hemen dantza klaseak ematea eta nire dantza ikastola izatea nire ametsa izan delako; baina han aukera profesional asko nituen". Baina ilusio handiarekin 2012an inguru herrira itzuli zen. 

Hasierak
"Madrilen nengonean udan etortzen nintzenean dantza ikastaro trinkoak egiten nituen, eta itzuli nintzenean Kirol Zerbitzutik ikastaro bat ateratzea proposatu zidaten". Klaseak urrian hasiko ziren, baina taldea ia ez zela atera gogoratu du dantzariak: "Azkenean, ez ninduten asko ezagutzen eta gaztetxoek dagoeneko beste eskolaz kanpoko jarduerak zituzten". Taldea atera zen eta Eguberrietarako, Iortia kultur gunean, erakustaldi txiki bat egin zuten: "Horren ondoren, pixkanaka, interesa handitu zen eta gaztetxo gehiago eman nahi izan zuten izena".

Altsasun ez ezik, Olatzagutian eta Ziordian ere klaseak ematen zituen, eta ikastaroek sortu zuten interesa kontuan hartuta, Sakanan berak eskaintzen zuen dantza estiloak izango zuen harrera ezagutu nahi zuen: "Egiten ditudan gauzak asko pentsatuta egiten ditut; oso inpultsiboa naiz, baina aldi berean segurtasunarekin egiten ditut gauzak". Hortaz, interesa bazegoela ikusita, Dantza Eskola sortzearen ideiak indarra hartu zuen. 

Gonzalez "munduko ilusio handienarekin" hasi zen Dantza Eskolaren proiektuarekin, "eta ilusio horrek egiten zuen prozesuan zehar indarra izatea". Laguntza handia izan zuen bidean, "senideak, lagunak eta profesional asko". Dena zalantzan jartzen zutenak eta ilusioa kendu nahi ziotenak ere izan zirela aitortu du, "eta neurri batera arte egiten nien kasu". Proiektua ilusio handiarekin egin, baina udaletxean aurkeztu zutenean, "dena zuzendu eta atzera bota zuten". Denak trabak ziren, "obra handia egin behar zen; erraza eta zaila zen".

Azaroak 21 data berezia zela esan du Gonzalezek, eta horregatik mustu zuen eskola egun horretan. "Klaseak berez urtarrilean hasi ziren". Behin obra egiteko baimena jaso zutenean, "oso prozesu polita" izan zela aitortu du dantzariak: "Senide asko izan nituen ondoan, lagunak... Ahalik eta hobekien egiteko dena, izan ere, Madriletik etorri nintzen eta praktikoki zerotik hasi behar nintzen". 

Dantza
Gaztetxo eta gazteek dantza klasikoa eta bestelako estiloak ikasteko aukera izateko helburuarekin sortu zuen Gonzalezek Dantza Eskola, "eta ez ni bezala oso gazte hiriburuetara joan behar izatea". Madriletik "emozio eta ilusio handiarekin" etorri zen, "eta bertan ikasitako guztia irakatsi nahi nuen". Dantza Modernoa deitu zion, "barnebiltzen zuen dantzari bezala nintzen guztia". Dantza estilo horren barruan klasikoaren oinarri "garrantzitsu" bat dago, eta gero jazz musikala, garaikidea eta abarrekin uztartzen du. "Gaur egun oraindik ematen dugu". Eskaintza zabaldu du, eta dantza garaikideko klaseak ere ematen ditu, baita yoga ere. Eskolarekin batera Dantzarima konpainia sortu zuen ere, "egia esan, aurretik izan zen; hori bai hasieratik argi izan nuen". 

60 bat ikaslerekin hasi zen, eta dagoeneko Altsasuko eta Lakuntzako taldeak kontuan hartuta 200 bat ikasle ditu IG Dantza Eskolak. Gonzalez bakarrik hasi zen klaseak ematen eta eskolaren zuzendaritza guztia kudeatzen, "Bordako Ainhoak gomendatu zidan harreran norbait egotea". Bestela, klaseak eman bitartean atea itxi behar zuen, eta ateratzean berriz ireki. Erabaki oso ona izan zela esan du dantzariak; Izaskun hasi zen harreran, orain Maitane dago, eta eskola handitzen joan zen heinean ere irakasle taldea handituz joan zen: Leire "hasieratik nirekin dantza klasera joaten zen", Igone, Amaia, Saioa, Kitzia, Ilazki... 

Hamar urteko ibilbidea "emozionantea, oso polita, eta, aldi berean, gogorra" izan dela aitortu du Gonzalezek. "Errespontsabilidade oso handia da. Baina hain polita da gaztetxoak dantza ikasten ikustea...". Badira hamar urtetan eskolan izan diren dantzariak. 

Ospakizuna
Hamargarren urteurrena "ospatu eta disfrutatu" nahi du dantzariak. Hortaz, azaroaren 22an, larunbata, goizean, herriko txoko desberdinetan emanalditxoak antolatu ditu, "baina ikuskizun bat egin beharrean dantzariak eta ekipoak disfrutatzea nahi dut". Ondoren, emanaldia Foru plazan izanen da, eta jardunaldia txokolate jana eta eskolako kideen arteko herri bazkari batekin amaituko du; sorpresak izanen direla aurreratu dute eskolatik. 

"Nire energia mugimendua eta sorkuntza dira, baita nire taldearena ere"

"Oraintxe bertan haurdun nago, eta pixkanakapixkanaka noa; egunero. Baina ez naiz gelditzen. Nire energia mugimendua eta sorkuntza da, baita nire taldearena ere". Etorkizunerako orain bezala jarraitzea nahi du. 

Dokumentuaren akzioak