Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza emozionala

Dokumentuaren akzioak

Dantza emozionala

Romy Madley-Croft, The XX taldeko kidea, dantzarako ereserkiz betetako disko batekin estreinatu da bakarlari gisa: 'Mid Air'. Bere nerabezaroko musika omendu nahi izan du.
Egilea
Mikel Lizarralde
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2023/11/12
Lotura
Berria

Romy Madley-Croftek Romy izenpean sinatu du bere bakarkako lehenengo diskoa.

Romy Madley-Croftek Romy izenpean sinatu du bere bakarkako lehenengo diskoa. VIC LENTAIGNE 

Jamie XX izan zen lehenengoa, 2015ean In Colour argitaratu zuenean. Iaz, berriz, Oliver Sim estreinatu zen Hideous Bastard-ekin, eta, azkenik, joan den astean, The XX taldeko hirugarren erpinak, Romy Madley-Croftek (Londres, 1989), bere bakarkako lehenengo diskoa argitaratu du, Romy izenpean: Mid Air.

Ez da, zehazki, Romyren estreinaldia, 2020an, pandemia betean, Lifetime dantzarako ereserkia kaleratu eta berehalakoan oihartzun handia izan baitzuen. Ordurako, Romy zaildua zegoen pop izarrentzako kantuak sortzen —besteak beste, Dua Lipa eta King Princessentzat idatzi izan du—, baina une horretan ikusi zuen argi bere ahotsa egokia izan zitekeela bere konposizioak zabaltzeko. «Bakarkako proiektuari ekiteko akuilu nagusia izan zen gauza berriak probatzea. Nire erosotasunetik aterako ninduen zerbait egin nahi nuen». The XX-ekin landutako pop ilunetik alde egin nahi zuen, eta dance musikaren eremuan erabat murgildu. «Lasai asko egin nezakeen gitarrarekin jotako balada disko bat, baina segurtasun gehiegirekin emandako pauso bat izango zatekeen hori. Neure barnean, ordea, zerbaitek kontrako norabidean eramaten ninduen, gustatzen zaidan beste eremu batera, dance musikara, alegia».

Izan ere, dantzarako musikarekin hazi zen musikari ingelesa XXI. mendearen hasieran. 2000ko hamarkadaren erdialdean hasi zen dantzalekuetara joaten, eta orduan jaso zuen musika guztiak eragin handia izan du haren lanean. «Musika hori entzutea, klubetan dantzatzea eta gero kasetetan grabatzea nire nerabezaroaren parte izan zen», azaldu du Rockdelux musika atariari emandako elkarrizketa batean. «Nigan asko eragin zuen The Ghetto izeneko klub queer batek. Han pop musika euforiko eta izugarria entzuten nuen. Dance eta trance musika zen [...], niretzat oso dibertigarria, eta betirako geratu zen nirekin». 

Mid Air, hain zuzen ere, klub horiei egindako omenaldia da, dantzarako pieza distiratsuak, melodiaz beteak, eskaintzen dituena. Eta, hala ere, ez da norabide bakarreko albuma, eta bere 11 kantuen artean, dantzarako musikaren hainbat aldaera jorratzeko aukera izan du musikari ingelesak. Horri lotuta, nabarmentzekoa da diskoan hainbat ekoizlek parte hartu dutela: Fred Again, Stuart Price, Koreless eta Avalon Emerson.

Loveher hasierako kantuak, bere house pianoko zertzeladekin, dance malenkoniatsuaren eremuan kokatzen du Romy, bere disko dantzagarrienetan Everything But The Girl bikoteak egin izan duenarengandik ez oso urruti. Fred Againekin landu zuen aurreneko kantua izan zen. «Elkar ezagutu genuenean, bai bera bai ni beste batzuentzako kantuak ari ginen konposatzen. Baina behin, beste artista batentzako kantu bat sortu, eta norbaitek galdetu zidan: 'Ziur zaude kantua eman nahi duzula'?. Hortik sortu zen Loveher». Romyrentzat hasiera bat izan zen kantu hori, eta horregatik jarri du diskoaren hasieran. «Nahi nuen jarraitzaileek disko hau sortzeko abiatu nuen bidaian segi nazaten».

Maitasunaren eragina

Romyk 19 urterekin ezagutu zuen Vic Lentaigne argazkilari eta zinemagilea, eta, urte batzuetan aldenduta egon ziren arren, diskoa prestatzen hasi baino lehen, euren arteko harremanari berrekin zioten. «Berriro elkartu ginenean, gure harremanaren hasieran elkartu gintuzten musika haiek guztiak berriro entzuten hasi ginen. Hori inspirazio handia izan zen: nola elkartu nintzen berriro ere harekin, batzen gintuen musika, nola maitemindu ginen ostera ere... Horrek guztiak eragin zuzena izan du albumean».

Dokumentuaren akzioak