Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza askatasunerako, munduari zentzua emateko

Dokumentuaren akzioak

Dantza askatasunerako, munduari zentzua emateko

Dantzaren Nazioarteko Eguna da gaur eta Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak sare sozialak #dantzaeguna traolaz betetzera deitu du, hausnartzeko, partekatzeko. Aurtengo mezua Gregory Vuyani koreografo eta dantzari hegoafrikarrak idatzi du.
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2020/04/29
Lotura
Naiz
0429_kul_dantza

Sare sozialak izango dira gaur oholtza, dantza egiteko, partekatzeko, hausnartzeko. Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak egin du proposamena, #dantzaeguna traolaz nork beretik jartzeko, iritziak, hausnarketak. «Dantzaren inguruko edozein aipamen» ongi etorria izango da. «Dantza lanbidea da, baina orain inoiz baino gehiago dantza osasuna, ongizatea, lotura, komunikazioa da, eta mezu horrek sareak betetzea eta egun honetan gurekin egotea nahi dugu», adierazi du elkarteak.

Ekarpenak Twitter bidez zein elkartearen Facebook orrialdean edo Youtuben duen kanalean jar daitezke.

Ekimena, ordea, lehenagotik dator; izan ere, azken astean hausnarketa bat igo dute egunero, tantaka, pixkanaka busti eta kontzientzia hartzeko.

Kontzientzian eragin eta zer pentsatua eman. Norabide horretan argitaratzen da urtero manifestua; aurten Gregory Vuyani koreografo, dantzari, aktore eta irakasle hegoafrikarrak idatzi du. Dantza aldaketarako gakoa dela sinetsita, uste du «inoiz baino seinale indartsuagoa» igorri behar diela munduko liderrei. Eta hau eransten du: «Dantza askatasuna da, eta dantzaren bidez askatu behar ditugu besteak munduko hainbat bazterretan jartzen zaizkien tranpetatik. Dantza ez da politika, baina politika bihurtzen da, giza lokarri bat daramalako bere baitan, eta, beraz, inguruabarrei erantzuten dielako giza duintasuna berrezartzeko ahaleginean».

«Gure gorputzez dantzan egin ahala, espazioan jauziz-eroriz eta elkarrekin korapilatuz, indar higikari bihurtzen gara, bihotzak ehuntzen ditugu, arimak ukitzen eta hain beharrezkoa duten sendabidean jartzen. Eta erronka dantza bakar, garaiezin eta banaezin bihurtzen da».

Vuyaniren ustez, gakoa «xedeak izatea» da. «Egun bakoitzak erronka berria jartzen dizula aurrean. Ni dantzaren bidez saiatzen naiz munduari zentzua ematen».

DK programazio berezia

Donostia Kulturak programazio berezia prestatu du gaurko. “Ispilu Beltza” DK Irratiaren goizeko irratsaioan (107.4 FM), Lucia Lacarra dantzaria, Jon Maya dantzari eta koreografoa eta Maria Eugenia Maisueche Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko presidentea izango dira. Arratsaldean berriz, eta Antzokia Etxean programaren baitan, Verdini Dantza Taldeak “Muxuka” lana aurkeztuko du, dantzaren egun handia ospatzeko espresuki sortua.

Dokumentuaren akzioak