Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Barkoxen agur erran ondotik, Atharratzen abiatuko dituzte aurtengo Maskaradak

Dokumentuaren akzioak

Barkoxen agur erran ondotik, Atharratzen abiatuko dituzte aurtengo Maskaradak

Hainbat hitzordu krisi sanitarioaren eraginez bertan behera utzi behar izan ondotik, 2021eko Maskaradei bukaera emanen diete urtarrilaren 8an Barkoxen. Aste bat beranduago, aurtengo egutegiari hasiera emanen diote Atharratzen.
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2022/01/04
Lotura
Kazeta

 

Maskaradak Altzürüküko herriko plazan.  © Bob EDME
Maskaradak Altzürüküko herriko plazan. © Bob EDME

 

Berriz ere, Maskaradek kolorez beteko dute Barkoxeko herria urtarrilaren 8an. Krisi sanitarioak baldintzatuta iragan zen iaz Maskaraden sasoia. Koronabirusak eragindako pandemia dela eta, hainbat hitzordu bertan behera utzi behar izan dituzte neurri sanitarioek agindurik. Egoera sanitarioa kezkagarria bada ere, Atharratze-Alozen abiatuko den aurtengo Maskaraden egutegia plazaratu dute jada.

Barkoxeko herriko gazteek emanaldiak eskaini behar izan dituzte uztailetik abendura. «Maskaradak Barkoxen eskaintzeko ideiari atxikiak ginen», aitortu dute Christelle Etchegoyhen eta Benoiz Hourmilougue barkoxtarrek. Jakinik, parte hartzaileak buru-belarri ibili direla lanean errepiketan, pentsaezina iruditzen zitzaien amore ematea.

Oroitarazi behar da Maskaradak neguan iragan ohi direla. Herriz herri ibiltzen dira, udaberria ailegatu arte. Maskaradak antolatzea harrotasun handi bat da horren ardura duen herriarentzat. Barkoxeren kasuan, 40 aktore eta dantzari engaiatu dira ekimen eder bat proposatzeko.

Urtarrilaren 8ko hitzordua 9.00etan hasiko da, barrikadekin. Ohiko pertsonaiak atzematen ahalko dira, kantiniersak, Txerreroa, Gatuzaina eta Zamalzaina tarteko. Arratsaldean, 14.00etan, emanaldia hasiko da xirularen soinuarekin. Publikoak barkoxtarren dantzen, antzerkiaren eta kantuen bidez, urteko gertakarien berri ukanen du, Maskaradei «laster arte» erranen dien ekimenean.

Barkoxeko hitzorduaren ondotik, azkar aurtengo maskaradei so jarriko dira. Aurten, urtarrilaren 16an abiatuko dituzte Atharratzen, apirilaren 17an Gamere Zihigan bukatzeko. Lau hilabetez, Xiberoko hamabi herri bisitatuko dituzte Atharratze eta Alozeko gazteek, Dantzan.eus atariak zabaldu duenez.

2022ko maskaraden egutegia:

    •    Urtarrilak 16 (igandea): Atharratze
    •    Urtarrilak 22 (larunbata): Pagola
    •    Urtarrilak 20 edo 30 (data zehazteke): Lexantzü
    •    Otsailak 6 (igandea): Barkoxe edo Altzürükü
    •    Otsailak 13 (igandea): Barkoxe edo Altzürükü
    •    Otsailak 26 (larunbata): Santa Grazi
    •    Martxoak 6 (igandea): Muskildi
    •    Martxoak 12 (larunbata): Idauze
    •    Martxoak 19 (larunbata): Ainharbe
    •    Martxoak 26 (larunbata): Aloze
    •    Apirilak 10 (igandea): Iruri
    •    Apirilak 17 (igandea): Gamere-Zihiga

 

Dokumentuaren akzioak