Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka BAD, eszenako arteentzako aterpe bat

Dokumentuaren akzioak

BAD, eszenako arteentzako aterpe bat

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen jaialdiak sei estreinaldi eta hogei emanalditik gora eskainiko ditu, guztira, gaur hasi eta hilaren 23ra bitartean.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2022/10/13
Lotura
Berria

Sleepwalk Collectivek eta Christropher Brettek sortutako <em>Psychodrama</em> obra.

Sleepwalk Collectivek eta Christropher Brettek sortutako Psychodrama obra. LADALIANEGRA

 

Mende laurdenetik urrats bakar batera. Antzoki konbentzionaletako egitarauek kanpoan utzi ohi dituzten proposamen garaikideentzako aterpe moduko bat sortzeko jarri zuten abian BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia Bilbon, justu duela 24 urte, eta helburu horrekin jarraitzen du orain ere. Guztira, hamasei konpainiaren hogei emanaldi baino gehiago eskainiko ditu bihar hasi eta urriaren 23ra arte. Gainera, erabateko estreinaldiak izango dira ikuskizun horietariko sei. Euskara hutsezko bi lan daude egitarauan —lau izan ziren 2019an, bi 2020an, eta hiru 2021ean—, eta euskara eta gaztelera uztartzen dituzten beste bi. Metrokoadroka konpainiaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlanaren aurrestreinaldia izango da euskara hutsezko lan horietako bat. Gaur izango dute saioa, Fundicion aretoan, eta harekin abiatuko da festibala.

Bilboko Udalak antolatzen du jaialdia. 150.000 euro inguruko aurrekontua izan du azken urteetan, eta beti jarri diote arreta berezia Euskal Herriko eszenari. Aurtengoan, esaterako, bederatzi izango dira jaialdian parte hartuko duten euskal konpainiak, eta estreinaldiak eskainiko dituzte haietako seik. Eszenako arteen adar guztiak hartzen ditu kontuan jaialdiak, bestalde, eta, beraz, dantza garaikidea, arte biziak, antzerkia, performancea eta dramaturgia berriak ikusteko aukera izango du ikusleak egunotan. Elkarrekin nahastuta ere bai, maiz, euskal konpainien estreinaldiek erakusten dutenez.

Diziplina artekotasuna

La fragilidad de mi pene (Nire zakilaren hauskortasuna) pieza estreinatuko du Mollis konpainiak, esaterako, bihar, Fundicion aretoan. Antzerki fisikoaren, dantzaren eta zirku pieza baten arteko hibridoa da lana. Platea izeneko proposamena aurkeztuko du Tripak kolektiboak. Harrobia aretoan izango da emanaldia, larunbatean, eta antzerkia eta performancea uztartuko ditu ikuskizunak.

Denis Martinez dantzari eta koreografoak 365 obra estreinatuko du urriaren 17an, Campos antzokian, eta Vulnera konpainiak Lo que no se ve (Ikusten ez dena) 18an, Harrobian. Indibidualismo espazialak gorputzak nola merkaturatzen, erabiltzen eta zanpatzen dituen erakusten duen antzerki pieza bat da azken hori, eta, konpainiak egindako sinopsiaren arabera, ondorengo galdera du ardatz: «Zeren alde ari gara erabiltzen forma artistikoa?». 

Itziar Manero antzerkigileak bere amonaren memoria galera eta memoria historikoari buruzko hausnarketak uztartzen dituen Memoria eskainiko du 19an, eta Otempodiz izeneko ikuskizuna aurkeztuko du 21ean Ertza konpainiak, Mozambikeko Fenias Nhumaio eta Deissance Machava dantzariekin elkarlanean.

Horiez gainera, Sleepwalk Collective euskal konpainiak eta Christopher Brett idazle interprete eta musikari kanadarrak Psychodrama obra taularatuko dute 15ean, Fundicion aretoan. Itzuli konpainiak Oihana taularatuko du 16an. Bailar al sonido aurkeztuko du Sandra Gomez dantzariak (urriak 20). Societat Doctor Alonso konpainiak, Compañia Ensallek eta Aves migratorias de Madrid taldeak ere emanaldi bana aurkeztuko dute. Olga Cirqanalogique konpainiak LP Long play zirku eta musika ikuskizuna eskainiko du bihar, bestetik, eta Utopisistas taldeak I'll be back dantza ikuskizuna. Suitzako, Suediako, Italiako eta Euskal Herriko dantzari banarekin, kasu horretan.

Iraute hutsa, erronka

Izan ere, konpainien arteko hartu emanak sustatzeko helburua ere badu jaialdiak, antolatzaileek azaldu dutenez. «BADek sareak zaintzen ditu, eta zubiak eraikitzen ditu arteen eta elkarlanaren bidez, programazioa aberasteko eta publikoarekiko harreman zuzenaren alde egiten duten proposamenak eskaintzeko».

Iraute hutsa ere bada lorpena, edonola ere. Alicia Otxandategi BAD jaialdiko zuzendariak desagertze bidean deskribatu zizkion BADen moduko jaialdiak BERRIA-ri, 2019. urtean. Koronabirusaren krisia lehertu aurrean, alegia. «Erreferentziazko jaialdia da jadanik [BAD], bai nazio barruan, bai nazioartean. Jaialdi asko desagertu dira urteotan, eta arte eszeniko garaikideen jaialdi ospetsuenetako bat bihurtu gara: Temporada alta, TNT, BAD eta ez daude askoz gehiago». Eta, beraz, bi urteko osasun krisia gehitu behar zaio orain Otxandategik irudikatutako paisaiari.

Hainbat tailer eta profesionalentzako topaketa ere antolatu dituzte jaialdiak iraun bitartean, eta, bestetik, hiru saio ikusteko bonuak 20 euroan salduko dituzte eta bost saio ikustekoak 30 euroan.

Dokumentuaren akzioak