Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aukeran konpainia: mende laurdeneko migrazioa

Dokumentuaren akzioak

Aukeran konpainia: mende laurdeneko migrazioa

Egilea
Naroa Torralba Rodriguez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Hernani
Mota
Albistea
Data
2022/12/02
Lotura
Berria

Aukeran konpainiako kideak, Hernanin (Gipuzkoa) <em>Migratzaileak</em> disko-liburua aurkezten.

Aukeran konpainiako kideak, Hernanin (Gipuzkoa) Migratzaileak disko-liburua aurkezten. MAIALEN ANDRES / FOKU

 

Urte berezia dela aitortu du Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoak. Hogeita bost urte joan dira 1997an Aukeran dantza konpainia sortu zutenetik, eta Migratzaileak ikuskizuna sortu dute horren kariaz. Orain, izen bera duen disko-liburuan bildu dituzte Xabi Aburruzagak obrarako prestatutako doinuak, Oier Guillanen testuak eta Char-Lee Mitoren ilustrazioak.

2001ean Sutargi emanaldiarekin hasi zirenetik, konpainiaren hamalaugarren ikuskizun luzea da Migratzaileak. Eta, Muruamendiarazek azaldu duenez, duela bi urte egin zioten musika sortzeko enkargua Aburruzagari. «Saiorako musikaz gain, disko-liburu bat egitea proposatu genion, eta buru-belarri hasi zen lanean».

Orotara, 11 abesti bildu zituen hark: hamar propio sortuak eta Loa loa kanta herrikoiaren moldaketa bat. Fandangoa, porrusalda, ezpata dantza eta kalejirak dira, besteak beste.

Bi kanta nabarmendu ditu bereziki koreografoak: Iparreko txoriak eta Aukeran 2.5. Lehenaren hitzak koplak dira, Xabi Paiak idatzitakoak eta Mikel Markezek kantatuak. Eta bigarrena konposizio «garaikidea eta gaurkoa» da: «Eguneratu egin ditu musikak, eta, aitzindari izan garenez, asko gustatzen zaigu berritasuna». Iker Carrerak asmatu du abesti horren koreografia, eta hori ere «plazera» izan da Aukeran konpainiako kidearentzat.

Disko liburua Gillanen testuek azaltzen dute. Prozesua «pasioz» eta «interes handiz» bizi izan du idazleak. Dantzariak garrantzitsu izan ziren haren sorkuntza lanean, ikuskizunera «begira» idatzi zuelako: «Zortzi dantzari aipatzen dira testuetako batean; musika da bederatzigarrena. Horren oihartzuna dira testuak, ispilu bat. Konpainiari sortzen zitzaizkion galderak hitzez islatu ditut, besterik ez».

Testu laburrak idatzi ditu, galderaz beterik daudenak. Konpainiak ere gaiari buruz nagusiki galderak zituelako, Gillanen hitzetan: «Mikropoemak dira, neurri handi batean. Gutxirekin asko esateko ahalegina egin dugu: lerro gutxi izan arren, asko diote, lerro artean asko dagoelako esateko». 

Lanaren diseinua eta irudiak Char-Lee Mito artistarenak dira. Sorkuntza lanaren denbora lerroa zein izan zen zehaztu du margolariak: «Gustuko dut lan bakoitzarekin artistaren bat omentzea. Migratzaileekin, Arrue anaien lana hartu nuen oinarri». Jose Arrueren «fanatikoa» izanagatik, irudiek Ramiro anaiaren trazua dutela onartu du: «Ramirok lan egiteko duen modu piktorikoa eta paleta hartuta hasi nuen lana». Inspirazio iturri izan zuen bereziki Bilboko Arte Ederren Museora itzuli den Fandango lana. «XXI. mendeko Arrue bat izatera jolastu naiz», adierazi du Mitok.

Margolariak aitortu du ez zuela inolako harremanik dantzarekin, baina bazuela hura ulertzeko sentsibilitatea. Obraren lehen entseguak ikusteko «ohorea» izan zuela azaldu du, eta «pribilegiodun» baten antzera argazkiak atera zituela, lanean hasteko.

Erraietatiko irudiak

Ilustratzailea dokumentatu egin da migrazioari buruz. «Asko gustatu zitzaidan gaia naturarekin lotzeko izan zuten ideia». Irudietan animaliak ere ageri direla azaldu du, nola haiek ere migratu egiten duten bizirauteko edo haien urteroko zikloen arabera.

Zehazki, 21. orriko marrazkia egin zaio zailena. Erraietatik irten zitzaiola esan du, gerraren aurkako «oihu» gisa. Ez zuen markoa koordenatu konkreturen batean jarri nahi: «zerbait orokorragoa» egin nahi zuen. Goyaren Coloso obra izan zuen inspirazio: «Begira dagoenaren figura nabarmendu nahi nuen, borondatezkoa ez den eta sufrimendua den migrazioari so». Ez zuen migrazioari buruzko ikuskera usatua etengabe azaleratu nahi, ordea; edertasuna ere atera nahi zion: «Sustraiak irudikatuz, adibidez. Norbere lurraldeko enbaxadore izaki, jaioterriko sustraiak garraio dabilenaren antzera».

«Migratzaile» izan da Aukeran konpainia bera ere, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Kultura diputatuaren hitzetan. Azaldu duenez, dantza tradizionaletik hasi, handik irten eta dantzariek ere migrazio bati ekin diotelako. Bide horretan maiz behar besteko «berotasunik» gabe aritu direla ere gehitu du Bilbaok, eta «hotza eta beldurra» ere sentitu dutela. Euren ibilbidea hasi zutenetik mende laurdenera, ordea, konpainiakoak «koloretsu» eta «ondo inguratuta» daudela aipatu du: «Euskal kultura deskribatu duzue».

Migrazioak «errespetatuago, maitatuago eta babestuago» izateko desira ere azaldu du Bilbaok.

Dokumentuaren akzioak