Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Askotatik lehena izan da

Dokumentuaren akzioak

Askotatik lehena izan da

Euskal Herriko Dantza Txapelketako irabazle izan dira Katerin Artola oiartzuarra eta Iker Belintxon lezoarra. Faboritoen artean zeuden, baina oholtzan azaldu dute lanak eta konstantziak emaitzak ematen dituela.
Egilea
Urko Etxebeste
Komunikabidea
Orasoaldeko Hitza
Mota
Kronika
Data
2020/10/23
Lotura
Orasoaldeko Hitza

Larunbat arratsean Segurako Baratze pilotalekuan bi gazte zeharo hunkituta, ia hitz egin ezinda. Ondoan, inguruan, senide eta lagunak, baina ez nahi adina COVID-19ak hurbilekoenen presentzia ere murriztu duelako. Bi gazte horiek Katerin Artola Telleria (Oiartzun, 2001) eta Iker Belintxon Lizarazu ziren (Lezo, 2002). Emozioaren arrazoia ez zen nolanahikoa: Euskal Herriko 44. Dantza Txapelketako irabazle izan ziren. Artolak, amari eta amonari eskaini dio saria, amonari bereziki: «Segurakoa zen. Asko gustatuko zitzaidan hura ni irabazten ikustea. Ezinezkoa izan da. Baina oso pozgarria izan da amonaren herrian txapelketa irabaztea». Belintxonek ere, guraso, senide eta lagunak gogoan bai, baina lau pertsona bereziki. Bat Lurdes Esnaola dantza irakaslea. Bestea Jesus Mari Garate: «Duela bi urte hil egin zen. Nire dantza irakasle izan zen». Beste biak, Jabi Anuariz eta Amaia Etxebeste; Lezoko haien lokalean entseatzen dute txapeldunek.

Nagusitasunez irabazi zuten nazioko dantza txapelketa, bigarren izan zen bikoteari bost puntuko aldea aterata. Eta ametsa hitza biek erabili dute lortutakoa nolabait definitzeko. Baina amets horren atzean, lana, eta asko dago. Bigarren urtea dute aurtengoa bikotekakoetan dantzan ari direla, eta ametsera iristeko sekretua konstantzia eta lana izan dela ziurtatu dute biek.
«Bi urte hauetan asko entseatu dugu. Asko hobetu dugu denborak aurrera egin ahala, eta lortu dugu», nabarmendu du lezoarrak. Azken asteetan, ordea, zailago izan dute txapelketaren prestaketan ibiltzea Artolak esan duenez: «Pixka bat zaila egin zaigu gelditzea, norberak bere gauzak dituelako. Berandu entseatu dugu, gau aldera askotan. Baina hau da gustuko duguna, eta irabazi dugula ikusita, merezi izan du».

Segurako saioa bukatuta, elkarri begiratu, eta biek ala biek bazekiten saio oso ona egin zutela. Begien keinuekin, espresioarekin, elkar komunikatzeko gaitasuna lortu dute. Hankak jada oholtzan geldirik eta bihotza dar-dar batean zutela, irabazteko aukerak zituztela konturatu ziren. «Segituan konturatu ginen oso ondo dantzatu genuela. Oholtzatik oso pozik jaitsi ginen», dio oiartzuarrak; «ez genuen oso nekatuta bukatu. Bagenekien hor egongo ginela», lezoarrak.

Baina oholtzatik jaistean dena zen zalantza, dena urduritasuna. Izaro Iraeta txapelketaren aurkezleak, irabazleen zerrendatze txandan, eurena esan zuen arte. «Ez dakit une horretan zer sentitu nuen, ez dut ondo gogoratzen. Oholtza gainean elkarrizketa egin zidaten, eta ez dakit zer esan nuen ere! Ez nekien non nengoen, ez nuen sinisten irabazi izana. Baina bai, gurea zen txapela», dio Artolak, emozioz. Belintxonek adierazi du haien izenak entzutean sentitu zuena ezin duela adierazi, emoziotik haragoko zerbait izan zela, «gainera, familia pozik ikusi, eta…».

Jantzi onenaren saria
Dantzan bakarrik ez. Jantzi onenei ere sariak ematen dizkiete bikotekako euskal dantza txapelketetan. Bada hori ere, Artolarentzat eta Belintxonentzat.

Artolak dio bereziki gustuko dituela euskal dantzako jantziak. Asko zaintzen du lehiaketetan zer jarri. «Gainera, larunbateko jantzia berria zen. Pozgarria da gustatu izana, eta irabaztea». Belintxonek, txantxetan, jantziaren saria Artolari esker lortu zutela adierazi du, «berria zen, uste dut harengatik lortu genuela sari hori». XX. mende hasierako argazki originaletan ikusitako jantzien erreplikak erabili zituzten biek, Atharratzeko eta Errenteriako soinekoetatik hartuak, hain zuzen ere.

Kotxeak sariz gainezka itzuli ziren Oarsoaldera biak. Irribarre zabal-zabala zutela, ziur. Hilabete askoz landutako garaipena lortu baitzuten. «Nik familiarekin afaldu eta gozatu nuen txapela larunbatean», dio Belintxonek; «nik etxean goxo afaldu, eta lagunekin tragoskaren bat hartu nuen, beti ere osasun neurriek baimentzen zutenari erreparatuz», Artolak. Ospakizun ikaragarririk ez, beraz.

Aurrerago zer egin ez dute hitz egin. Atsedenerako hartu dute aste hau, larunbateko garaipena liseritzeko. Baina ziurtzat jo daiteke hurrengo urtean ere oholtzara elkarrekin aterako direla, era alai, dotore, sinkronizatu eta sendoan dantza egitera. «Hori bai, Katerinek afari bat zor dit», dio Iker Belintxonek.

Lezo ordezkatu dute bi dantzariek Seguran
Euskal Herriko Dantza Txapelketak baditu bere berezitasunak. Horietako bat sarien jabetzarena da: bikote batek hiru alditan segidan, edo bostetan tarteka txapelketa irabazten badu, Aitor Ruiz de Eginok irabazleentzat egindako eskultura bere udalerrira jabetzan eramateko aukera du; hau da, udalerriarentzat lortzen dute dantzariek ere aitortza, eta udaletxean gordetzen dute saria.

Eskultura bakarra denez, bi herritako dantzariek osatzen dituzten bikoteek aukeratu behar izaten dute zein herri ordezkatu txapelketan. Hala, Artolak eta Berlintxonek erabaki zuten Lezoko ordezkari bezala joatea Segurara, batetik Belintxon bertakoa delako, baina batez ere hangoa delako Lurdes Esnaola irakaslea, eta Jaizkibelen magalean dagoen herrian entseatzen dutelako.

Dokumentuaren akzioak