Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ariane Aldalur: "Dantza egiterakoan eraldatu egiten naiz"

Dokumentuaren akzioak

Ariane Aldalur: "Dantza egiterakoan eraldatu egiten naiz"

Ariane Aldalur txikitatik mugitu da dantzarekiko zaletasunak agindu dion lekura. Bere kabuz hasi zen ikasten eta hara-hona ibili da formakuntza bila. Afizioa lanbide bihurtzea lortu du eta dantza irakaslea da orain. Iraileko Azkoitia Guka aldizkariaren Erretratua atalerako egindako erreportajea da honako hau.
Egilea
Maddi Txintxurreta
Komunikabidea
Azkoitia Guka
Tokia
Azkoitia
Mota
Albistea
Data
2025/10/12
Lotura
Azkoitia Guka
Ariane Aldalur: "Dantza egiterakoan eraldatu egiten naiz"
Ariane Aldalurren erretratua. (Egilea: Gorka Larrañaga)

Ariane Aldalur txikitatik mugitu da dantzarekiko zaletasunak agindu dion lekura. Bere kabuz hasi zen ikasten eta hara-hona ibili da formakuntza bila. Afizioa lanbide bihurtzea lortu du eta dantza irakaslea da orain. Iraileko Azkoitia Guka aldizkariaren Erretratua atalerako egindako erreportajea da honako hau.

Dantza umetatik disfrutatzen du Ariane Aldalurrek (Azkoitia, 1997). Dioenez, txikitan, musika entzuten zuenean automatikoki hasten zen dantzan, gorputz-adarrak erritmoaren aginduetara astinduz. Alai Batza aisialdi taldeak dantzaren bueltan antolatzen zuen lehiaketan parte hartu zuen hamaika urte inguru zituenean, eta gorputzean antzematen zuen susmoa konfirmatu zuen orduan: "Niri hau gustatzen zait", esan zuen. Eta ez du gogo hori aldatu ordutik: "Dantzan nagoenean ez dut beste ezertan pentsatzen, horretan nago eta gainontzeko gauza guztiengandik ihes egin dezaket. Momentua disfrutatzen dut, eta segurtasun puntu bat ematen dit, ez naiz txikitzen. Dena ematen dut, eta gero gerokoak".

Izozdun kafeak lagundu du bere kontakizuna egun eguzkitsuan. Afizioa lanbide bihurtua du jadanik Aldalurrek, baina ezinezkoa du zenbatzea horretara iristeko inbertitu dituen orduak. Bere kabuz hasi zen ikasten bideoen bitartez, eta orduan bogan zegoen Fama, ¡a bailar! telebista programak are gehiago harrapatu zuen dantzaren mundura. Beste askok bezala, orduan ezagutu zuen zer zen funk estiloa, eta amak esan zioenean kiroldegian dantza mota horretako klaseak ematen zituztela, buruz eman zuen izena ordura arte, itxuraz, soilik telebistan existitzen ziren erritmo dardaratsuak probatzeko. Alta, funk klaseen gozamenak ez zion askorik iraun, irakasleak martxa egin baitzuen.

Halere, probatzen duenak katigatzeko arriskua du, eta hori gertatu zitzaion Aldalurri. Berandu gabe egin zuen salto hurrengo lubakira: Alai Batzak antolatzen zituen musikaletan parte hartzen hasi zen, eta kari horretara, dantzaren nahiz antzerkiaren harra barruan zeramatzaten herriko gazte batzuekin elkartu zen, Bigoterik Gabea taldekoekin, musikal propioak sortzeko. Talde horrekin "mordo bat" ikasi duela nabarmendu du Aldalurrek, "funtzionatzeko era autodidakta zelako". "Orri zuri batetik hasita sortzen genituen antzezlanak. Nik 16-17 urte nituen hasi nintzenean, gazteak ginen denak", esan du.

Orri zurietatik abiatuta eta sormen prozesu "makal" baina aberasgarriei esker, hiru antzezlan musikal sortu ditu taldeak; Rise & ShineShine Again eta K-baret. Eta dantzariak aurreratu du Bigoterik Gabea bere laugarren lana prestatzen ari dela. Iragarri du aurrekoen aldean "oso desberdina" izango dela; "dantzatik baino gehiago izango du antzerkitik, eta tren batean kokatuko da istorioa, Bidasoan", esan du. Ezin du gehiago kontatu.

Formatzeko grina

"Gaztetan nire kasa ikasi nuen, bideoak ikusiz, dantzaren inguruan ikertuz eta horrelako saltsa guztietan sartuz. Ni, egiaz, askoz beranduago hasi nintzen formakuntza jasotzen", adierazi du Aldalurrek.

Londresera lagunekin egindako bidaia batek eta COVID-19aren pandemiak berretsi zioten dantzari lotutako ikasketa formalak egitearen garrantzia. 19 urterekin, ostalaritzan lanean hasi zen, hamar egunez hiriburu ingeleseko akademia batera joateko dirua biltzeko. Aurretik dantza klaserik hartu gabe joan zen, baina berdin gozatu zuen esperientzia. "Klaseetan galduta sentitzen nintzen, baina klasekideak dantzan ikusten nituen eta emozionatu egiten nintzen. Sekulako aje emozionalarekin bueltatu nintzen, eta gehiago formatzeko beharra sentitu nuen", esan du. Koronabirusaren pandemiak, halaber, online formakuntzan blaitzeko aukera eman zion azkoitiarrari. "Bilbo edo Madrileko irakasleak klaseak online ematen hasi ziren, eta kurtso batzuk hartu nituen, garajean nuen espazio batetik. Baina klaseak aurrez aurre hartzea garrantzitsua dela konturatu nintzen konturatu nintzen", gogoratu du.

Geroztik, dantzari lotutako ikastaroak eta klaseak hartzeko hara eta hona ibiltzen da Aldalur. Aukera duen bakoitzero, berdin joaten da Frantziako estatura, Donostiara, Bilbora ala Madrilera. "Hilean behin, gutxienez, Bilbora joaten naiz, eta saiatzen naiz urtean pare bat aldiz Madrilera joaten, han ikastaro trinko bat hartzeko", adierazi du.

Egonkortasuna eta abenturaren artean

Hainbeste nabigatu du dantza klaseen itsasoetan, Aldalur bera bilakatu dela patroi. Azpeitian hasi zen funky-a irakasten, Zestoan ere ibili zen, eta gaur egun Azkoitiko Born to Dance eskolan ematen ditu klaseak. Adin guztietako herritarrak izaten ditu eskoletan, 5 urteko haurretatik hasita. Lanbide "polita" dela ziurtatu du, eta gustura dabil, afizioa ofizioa bilakatzea lortu duelako. "Zorteduna naiz gainera, zeren umeak asko gustatzen zaizkit, eta erakustea ere bai", gaineratu du.

Aitortu du, halere, batzuetan izaten dituela halako bulkada batzuk eta sartzen zaiola gogoa Madrilera-edo bizitzera joateko, hango dantzaren makromunduaz blaitzeko. Abentura izango luke han, ametsa betetzeko bide tentagarri bat, baina lehia biziko oihanak bere arriskuak ditu. "Madrilen, adibidez, sekulako maila du jendeak, eta nire maila hobetu dudala sentitzen dudan arren, batzuetan zaila izaten da talka hori, segurtasun falta sartzen da jokoan. Dena ez da hain polita", onartu du. 

Momentuz, Aldalur gustura dago herrian. "Oreka bilatzen saiatzen ari naiz. Bilbora eta Madrilera joaten naiz tartean behin, aurrekoan Valentziara [Herrialde Katalanak] ere joan nintzen takoien ikastaro batera, eta bitartean, herrian nago. Beraz, egonkortasuna eta abentura ditut, bi-biak", agertu du Ariane Aldalurrek.

Dantza eta puntu

Funk edo jazz-funk estiloa jorratzen du gehienbat Aldalurrek, horretan sentitzen baita erosoen: "Sentitzen dut estilo horrek ahaldundu egiten nauela, dantza egiten dudanean eraldatu egiten naiz". Hala ere, bestelako estiloak ere erakartzen dute, besteak beste, dantza garaikideak eta klasikoak, nahiz eta ez duen hainbeste aukera izan horietan trebatzeko.

Berriki, heels estiloaren amuari heldu dio. Dantza klase horrek sentsualitatea eta koreografia exijenteak lantzen ditu, eta takoi altuen gainean dantzatzen dela da bere ezaugarri behinena. "Badu lotura funk-arekin, baina askoz sexiagoa da, sentsualagoa. Takoi finekin dantzatzen da, beraz, askoz teknikoagoa da, oreka mantendu behar duzu", esplikatu du.

Dantzaren kultura defendatu eta zabaldu nahi du hark, eta Azkoitia herri dantzaria ote den galdetuta, ezezkoa iradoki du bere barreak. Baina etorkizunari begira baikorra da. "Esan behar da gaur egun askoz dantzariagoa dela; umeengan ikusten dut hori. Oraingo haurrak askoz dantzariagoak dira. Ez dakit Tik Tok-aren eraginez izango den ala ez, baina gauza txar asko dituen bezala, onak ere baditu. Lehen norbait ipurdia mugitzen ikustea arrotza egiten zitzaion jendeari, orain ikusten da dantza bat dela, eta puntu. Lotsa gutxiago dute umeek eta horrek poz handia ematen dit", ospatu du.

Dokumentuaren akzioak