Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Amaiurren eroritakoak gogoan izan dituzte

Dokumentuaren akzioak

Amaiurren eroritakoak gogoan izan dituzte

Komunikabidea
Alea
Tokia
Amaiur
Mota
Albistea
Data
2022/07/19
Lotura
Alea

Jare dantza taldeak Araba ordezkatu du gotorlekuaren erorialdiaren mendeurreneko ekitaldian.   

Joan den larunbatean Amaiurko gazteluaren setioaren amaiera oroitu zuten Nafarroa Garaian, bost mende igaro baitira Gaztelako soldaduek Nafarroako erresumaren erresistentziaren azken gotorlekua mendean hartu zutenetik. 

Bertan egindako ekitaldian, herrialde desberdinetako dantzariak izan ziren. Arabaren partetik, Jare dantza taldea bertaratu zen. "Goizeko hamaikak aldera, kanpaiak jotzen hasi ziren, eta dantza talde guztiak kale nagusian sakabanatzen hasi ziren", azaldu du Jare dantza taldeko Endika Saez de Adanak. Talde bakoitzak bere herrialdeko dantza bat egin zuen. Arabarren kasuan, Villabuenako paloteado bat dantzatu zuten. "Zehazki, dantza horren aldaera bat egin genuen; Arabako Errioxan eta Nafarroako zenbait herritan oso zabalduta dagoen dantza mota bat da. Makil txiki batekin formazio desberdinetan jotzen da".

Ondoren, gaztelua zegoen gailurrera igo ziren, orain monolitoa dagoen lekura. "Bertan egin zen ekitaldi nagusia. Besteak beste, beasaindarrek Nafarroako banderarekin dantza moduko bat egin zuten, eta Nafarroako ereserkia abestu zuten". 

Ez zen izan asteburuko hitzordu bakarra, igandean Baztandarren Biltzarrean parte hartu baitzuten. "Baztango herri bakoitzak karroza bat prestatzen du, eta kalejiran ateratzen dira. Ez da izan aurreneko aldia joaten garena, eta, beti bezala, oso ondo tratatu gaituzte", nabarmendu du dantzariak. Amaiurreko ekitaldia "solemneagoa" izan bazen ere, igandekoan jai giroa izan zen nagusi. 

BIDEOAN: Beasaingo dantzariak, Amaiurko ekitadian. Irudiak: Jare dantza taldea.

Dokumentuaren akzioak