Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aitor Jimenez: "Dantzaren bidez aduerazten dut hitzen bidez adierazi ezin dudana"

Dokumentuaren akzioak

Aitor Jimenez: "Dantzaren bidez aduerazten dut hitzen bidez adierazi ezin dudana"

Euskal dantzetan hasi zuen bere ibilbidea Aitor Jimenez (1995) getariarrak, eta dantzako irakasle ohi batek animatu zuen dantzaren aldeko apustua egitera. Irakaslearen gomendioari jarraitu zion Jimenezek: beste ikasketak utzi eta dantzan trebatzeari ekin zion. Gaztela eta Leongo (Espainia) Dantza Eskola Profesionalean graduko ikasketak egiten ari da gaur egun, dantza garaikidearen munduan murgiltzen. Graduazioa aurten jasoko du.
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/02/08
Lotura
Urola Kostako Hitza

Noiz hasi zinen dantzan?
Haurra nintzenetik aritu izan naiz euskal dantza talde batean. Emanaldi batean Isaak Aranberri maisu ohi zumaiarrak ikusi ninduen; bera Madrilen egona zen dantza ikasten. Nire gurasoengana zuzentzea erabaki zuen Aranberrik, eta dantzan segi nezan animatu zituen.
Balleta ikasten izan zinen ondoren, Donostian.
Maria Eugenia Maisuetxe akademiara eraman ninduen Aranberrik, eta bi hilabetez jardun nuen bertan balletaren oinarriak ikasten. Ondoren, Mentxu Medel zuzendariaren eta dantzariaren Thalia akademian jarraitu nuen balletaren mundua ezagutzen. Bitartean, Donostiako Estudio 84 akademian dantza garaikidean lehen urratsak egiten hasi nintzen.

Gaztela eta Leongo Dantza Eskola Profesionalean zaude orain.
Bai, laster amaituko ditut ikasketak, eta graduatu egingo naiz. Sei urteko gradua da, baina hasi aurretik proba bat egiten diete ikasleei, bakoitzaren maila jakiteko. Ni, zuzenean, laugarren mailan sartu ninduten.

Nola ikusten duzu gaur egun euskal dantzetan aritzen zen Aitor hura?
Ez nuen sekula pentsatuko honaino iritsiko nintzanik. Gainera, herri txiki batean bizita, zailagoa da gaur egun ezagutzen ditudan dantza estiloak ikasteko aukera izatea. Hala ere, honaino iritsi naiz, orain profesionalki dantzan aritzea da nire asmoa.

Sare sozialetan Getarian zehar dantzan agertzen zaren bideo bat zabaldu da. Nolatan otu zitzaizun hori grabatzea?
Iaz Jonathan McCallum nirekin kontaktuan jarri zen, argazki sesio bat egin nahi zuela eta. Beste era bateko argazkiak egitera ohitua zegoen McCallum, baina zerbait ezberdina egin nahi zuela esan zidan. Getariako txoko ezberdinetan argazkiak egin genituen. Gerora, bideo bat egitea proposatu zidan, eta ideia polita iruditu zitzaidan. Sare sozialetan zabaldu genuen bideoa, baina ezustekoa izan da hainbeste pertsonengana iristea. Inola ere ez genuen espero.

Zein dantza mota dituzu gustuko?
Txikitan euskal dantzak nituen gustuko. Balletean ere pozik aritu nintzen, eta gustuko dut. Garaikidea egiten hasi nintzenean, hain mugatua ez den dantza bat dela iruditu zitzaidan. Hau da, norbere adierazkortasuna  eta mugimenduak lantzeko eta gehiago zabaltzeko aukera ematen duen estiloa da garaikidea. Estilo horri eutsi diot, eta horren inguruan mugitzen naiz gaur egun. Profesionalki ere arlo horretan aritzea gustatuko litzaidake.

Astean zenbat ordu eskaintzen dizkiozu dantzari?
Astean bost egunetan joaten naiz dantza eskolara, goizero. Egunero bost edo sei ordu pasatzen ditut dantzan.

Zaila egin al zaizu zure bizitzako gainontzeko arloak dantzarekin uztartzea?
Dantzan hasi nintzenean ikasketekin nenbilen, baina dantzaren aldeko apustua egin nuen. Ikasketak utzi egin nituen, eta gaur egun dantzarekin bakarrik nago kontzentratuta. Lehendabizi dantza eskolako ikasketak amaitu nahi ditut, eta gerora ikusiko dut etorriko dena.

Zer ematen dizu dantzak?
Pasioa da niretzat dantza. Oraintxe bertan, dantzarik gabe ez dut inon ikusten nire burua. Adierazpide horren bidez adierazten ditut hitzen bidez adierazi ezin ditudan sentimenduak.

Zein asmo dituzu etorkizunerako?
Graduko azken urtea egiten ari naiz orain, eta ikasketa horiek bukatzen ditudanerako munduan zehar hautaprobak bilatu nahi ditut. Proba batzuetan izan naiz dagoeneko. Datorren urtean dantza konpainia batean sartzea gustatuko litzaidake. Ea zortea dudan, eta nonbaiten hartzen nauten…

Argazkia: Jonathan McCallum.

Dokumentuaren akzioak