Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Aire berriak dantza soltean

Dokumentuaren akzioak

Aire berriak dantza soltean

Iritsi da dantza solteko txapelketarik garrantzitsu eta ospetsuenaren ordua: Euskal Herriko 42. Dantza Txapelketa jokatuko da bihar, 18:00etan, Segurako Baratze pilotalekuan. Hamalau bikotek hartuko dute parte. Azken urteetako beherako joeraren ondoren, parte hartzeak zertxobait gora egingo du aurten. Aire berriak datoz.
Egilea
Loinaz Agirre
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Mota
Albistea
Data
2018/10/19
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Antton Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren barruan dagoen dantza solteko batzordeko koordinatzaileak barru-barrutik ezagutzen du dantza soltearen azken urteetako bilakaera, dantzan ibilitakoa baita bera ere, 1980ko eta 1990eko urteetan. Mendizabalen esanetan, XX. mendearen erdialdetik aurrera hartu zuten indarra dantza solteko txapelketek. “Francoren azken urteetan eta Franco hil ondoren, euskalduntasuna adierazteko modu bat zen dantza eta folklorea”. Baina aldatu egin dira garaiak. “Eta orain dela 40 urteko egoerarekin alderatuta, askoz arazo handiagoak dauzkate egungo dantza taldeek; askoz ikuskizun gutxiago dauzkate herrietan. Gaur egun, agian, ez dago motibazio hori”.

Mendizabalen ustez, beste faktore bat ere badago dantza soltearen gainbeheraren jatorrian: “Gaur egun, beste mila aukera ditu dantza gustuko duenak. Oso modalitate zehatza da dantza soltearena. Orain hainbeste aukera dago dantzaren barruan… euskal marka duena eta euskal markarik gabea! Lehen, askoz jende gehiago mugitzen zuen dantza solteak. Gaur egun, berriz, mantentzea ez da gutxi”.

Beherakada horren adibide argia da Segurako Euskal Herriko Txapelketaren bilakaera. Duela hogei urte, esate baterako, 25 bikotek hartu zuten parte Segurako Euskal Herriko Txapelketan, eta bezperan kanporaketa jokatzen zuten finalerako hamabi bikoterik onenak aukeratzeko.

Dantzarien Biltzarrean buru-belarri lanean ari dira modalitateari eusteko, eta, zentzu horretan, orain arteko txapelketak garai berrietara egokitzeko saiakerak egiten hasi ziren duela bi urte, bide berriak sustatuz eta formula berriak bilatuz eta probatuz. Izan ere, Mendizabalen ustez, “berritu” egin behar da tradizioa ere. “Erakargarriago egiten baditugu, beste formatu bat har dezakete txapelketek”.

Epaimahaian bertan aldaketak izan direla gogoratu du Mendizabalek: “Lehen, gizonezkoak izaten ziren epaile guztiak, eta gaur egun gehiago dira emakumezkoak. Aurrerapausoak eman ditugu emakumeak kargu horietan ere egoteko”. Dena den, dantza solteko txapelketek beste hainbat esparrutan ere egokitu beharra daukatela uste du koordinatzaileak. “Ikuskizunaren ikuspegitik ere egokitu behar dira”.

Txapelketaren erakargarritasuna areagotzeaz gain, beste helburu bat ere lortu nahi dute aldaketekin: “Bidean utzitako dantza molde interesgarriak berreskuratzea”. Hiru proposamen egin dituzte: besoen erabilera naturala, eremu txiki batean dantzatzea, eta bikotearen arteko komunikazio biziagoa sendotzea. “Asko findu da dantza soltea, asko bistaratu da txapelketei esker. Dohain bat izan daiteke hori, baina baita galera bat ere; zentzu batean bai, behintzat: bizitasuna galtzea, oso-oso fina eta teknikoa bihurtzea…”.

Mendizabalen ustez, “konplizitatea” bilatu behar da bikoteen artean. “Plazan dauden elementu batzuk berreskuratu behar dira, teknifikazioa ez hainbeste indartu…”. Besoei dagokienez, “beste jolas bat egitea” proposatzen dute. “Dantzari berari laguntzeko, bueltak azkarrago emateko… Lotura handiagoa dauka, agian, arlo teknikoarekin”. Besoak beste funtzio bat ere izan du dantzan: “Denborarekin asmatu da eskuak goian izateko joera, baina malguagoa izan daiteke”. Besoak erabil daitezkeela uste du Mendizabalek. “Altxatu daitezke, jaitsi, bikoteari ukitu bat eman… Besoekin bestelako freskotasun bat, naturaltasun bat islatu daitekeela uste dut”.

Eremu txikiagoan dantzatzeari dagokionez, Donostian txapel gainean dantzan jarri zituzten bikoteak. “Asko mugitzen garela esaten digute orain, eta lehen kontrakoa izaten zen helburua; eremu txikian dantzatzea, alegia. Koreografikoa da egungo dantzaren oinarria, eta espazioa erabiltzeko joera handiagoa dago”.

Arazoa eta etorkizuna

Mendizabalen esanetan, proba berri horiek puntuatu izan dira txapelketan. “Baina ez dira baliagarriak izan azken emaitzarako”. Hurrengo urtean balio izatea da asmoa. “Baina eroso sentitu behar du jendeak. Soseguz eta pixkanaka eman behar dira pausoak”. Bihar, esaterako, ez da izango proba berririk.

Mendizabalen ustez, irakasle falta da une honetan dantza solteak duen beste arazoetako bat. “Profesionalizatu beharra”, baina baikor dago etorkizun hurbilera begira. “Bikote gazte dezente dago gaur egun. Izan zen gutxiago zeuden garaia. Dantza soltean azpeitiarrak bakarrik aritzen zirela ematen zuen garai batean, eta larri samar ibili ginen. Poliki-poliki, aldatu egin da joera hori”.

Aire berriak dantza soltean

Dokumentuaren akzioak