Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ainara Agerre Lako: «Ez dugu nehor herrian errateko 'maskarada hola egin behar da'»

Dokumentuaren akzioak

Ainara Agerre Lako: «Ez dugu nehor herrian errateko 'maskarada hola egin behar da'»

Urtarrilean herriz herri ibiliko da pagolarren maskarada; kauter taldearen buru izanen da Agerre Lako, Kabana Handiaren rolean. Lehen aldiz izanen da emazte bat kargu horretan.
Egilea
Joanes Etxeberria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Pagola
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/12/01
Lotura
Berria

(ID_17010443821255) Ainara Agerre Lako, 2024ko Pagolako maskaradako Kabana Handia

Ainara Agerre Lako, 2024ko Pagolako maskaradako Kabana Handia. J. E.

Jutsin sortu zen Ainara Agerre Lako (Jutsi, 2001), amaren herrian. 2012an jin zen Pagolara familiarekin, Bordaia etxerat, aitaren herrira. Agerrek dioenez, erritmo problema bat badu dantzatzeko, eta kantatzeko ere ez da on, haren erranetan. Hura izanen da heldu den urtarriletik goiti herriz herri predikuak erranen dituen Kabana Handia, Pagolako maskaradan. 2019an pastoralak herrian piztu zuen dinamika biziak ez du etenik ukan, geroztik elkarte ostatu bat sortu baitute, eta orain gazteen maskarada abiatzekotan da. «Kasik naturalki» egin da dena. Alta, lehen aldia da pagolarrek maskarada bat emanen dutena. Eta, maskarada misto batean lehen aldiz, Kabana emaztea izanen da.

Zer dinamika duzue Pagolan azken urte hauetan?

Azken urteetako dinamika guztia pastoraletik [2019an] hasia da, Oskaxe Zolan herriko kultur elkartea sortu baitzen. Pastoralean dantzatu ahal izateko gazteak mugitu ginen, dantza eskola bat sortuz eta denak dantzan hutsetik hasiz, Pette eta Jakes Jaragoihenekin. Pastoralean sosa bildu zen, eta pentsatu genuen zer egiten ahal genuen herria oraino gehiago bultzatzeko: herriko elkarte ostatu baten ideia agertu zen, eta beste elkarte bat sortu zen herriko bost elkarteak biltzen dituena. Dinamika hori ez da sekula lasaitu, eta, beti-beti arituz, kronologia hori errazki gertatu da. Ostatua sortu eta dantza eskolak atxikirik, Oskaxe Zolan elkarteak izena eman zuen maskarada egiteko 2024an. Gazteek bagenekien bagenuela data hori helburu gisa. Joan den urtean, Xiberoko Gaü Eskolaren antena bat sortu genuen Pagolan, talde dinamiko euskaldun bat sortzeko. Nahi genuen maskarada ahal bezainbat euskaraz egin. Bi talde dira: bat zuberotarra lantzeko, ni bezala Oztibarreko ikastolatik edo beste ikastola eta eskoletatik jinik direnendako; beste taldea, batere entelegatzen ez zutenendako. Ostiral oroz biltzen ginen bi orenez, Didier Agerre eta Mirentxu Lako irakasleekin.

Noiz hartu zenuten 2024a maskarada egiteko? Ez da konplikatua aitzinetik hitzartzea?

Pastorala egin eta gero aski fite, 2019an edo 2020an, nik uste. Oskaxe Zola zen horretaz okupatu. Gehienek kalkulatzen genuen lau urteren buruan behar genuela hemen izan maskarada bazelako. Egiteko manera kanbiatu dugu batzuek: batek, bi asteburuetatik batean laneko izan beharko zenez, urte bateko formakuntza hartu du hor izateko. 20 urtetan anitz gauza pasatzen ahal dira, baina hemen izan behar genuen. Bagara anitz, baina ez sobera. Konplikatua zen, baina buruan sartua genuen eginen genuela eta ezin zela huts egin.

Pagola bidegurutzean da, Amikuze, Oztibarre eta Zuberoa artean.

Pette Basabürü pastorala izan baitzen 1982an, behin egin baitzen, ari zara Pagola Zuberoan dela. Gero beste pastoral bat egitea errazago zen, eta pastoralaren ondotik maskarada bati lotzea pixka bat errazago. Maskarada bati lotu behar balitz hutsetik hasiz, konplikatua litzateke erratea Pagola legitimoa dela Zuberoako parte izateko edo. Baina usatuak gara bazter orotarik entzutea alde onak hartzen ditugula denetarik. Nik lau urtez egin dut libertimendua Amikuzen, Oztibarren izan nintzen ikastolan, eta Oztibarreko Egunean laguntzaile izan naiz... Batzuk sentitzen dira arras zuberotar, besteak zuberotar eta amikuztar, batzuk zuberotar eta oztibartar... baina gehienak zuberotar, halere.

Zuena izanen da Pagolako lehen maskarada. Nola egiten da belaunaldiz belaunaldi transmisiorik izan ez delarik?

Ene ustez, badu alde ona: ez dugu nehor herrian errateko «maskarada hola egin behar da», eta, orduan, gazteek gure artean hartzen ditugu deliberoak, arrunt libre gara.

Erran nahi du kodeak hautsiko dituzuela?

Ez da gure helburua kodeak haustea. Bada ikusten duzun maskarada, bada imajinatzen duzuna, eta bada nahi duzun maskarada ere. Uste dut hiruren arteko zerbait sortuko dugula.

Nola antolatu duzue maskarada? Nor da gidari?

Taldean antolatu gara. Oskaxe Zolan elkartea hor da, baina arrunt garbiki erran digute herriko gazteen proiektua, dela eta gu gara eramaile, baina hor dira laguntzeko. Badugu alimaleko elkartasuna gure inguruan, baina luxu bat da, nahi duguna egiteko xantza baitugu. Guk eramaten dugu, baina laguntza galdegin diegu Armand Elgoihen, Dominique Bentaber, Nicolas Lekarrotz, Julie Ahaspe eta Mirentxu Lakori gure segitzeko eta rolen banatzeko.

Zuri Kabanaren kargua eman dizute. Entzunen duzu lehen emaztea izanen zarela.

Entzuten dut jadanik. Karguak atera diren ber, neskak heldu ziren erratera bikaina zela, eta mutil batzuk ere bai. Entzun ditudan ohar txar edo arrunt positiboak ez zirenak mutikoek eginak ziren. Ez dut oraino ohar negatiborik ukan nesken partetik horri buruz. Kabana neska izatea ez zen gure erronka bat, ez dugu hori pentsatu. Baina, halere, horrek hainbeste polemika pizteak erakusten du badela problema zerbait Zuberoan. Estonatzen nau jendea estona dadin rolak osoki partekatu ahal izateaz. Eskiulan izan zen emazteen maskarada bat, ene ustez erakusteko bazela desoreka arazo bat maskaradetan, eta edozein gai dela edozein kargu egiteko. Zuberoan bada arazo hori, ene ustez: pentsatzea zinezko berrikuntza dela hori gertatzea.

Ez zoaz bandera batekin plazara?

Ez, batere. Ez naiz heldu kausa batekin buru gibelean; heldu naiz ene lagunekin maskarada bat emateko eta bizitzeko. Ni arituko naiz Kabana karguan, beste batzuek andere izanen diren bezala, edo buhame, edo gathuzain...; beste edozein kargu bezala.

Nola izaten ahal dira ohar negatiboak hasi aitzin ere?

Batzuek erran dute ontsa zela neskak sartzea maskaradetan baina Kabanak mutiko egon behar duela halere. Rol hori pixka bat gogor dela aldatzeko. Enetako neska ala mutiko, Kabana entzun behar da. Hori lehen gauza, prediku bat egitekotan behar da entzun, eta neska entzuten bada hobe neska entzutea, besterik ez.

«Enetako, neska ala mutiko, Kabana entzun behar da. Hori lehen gauza: prediku bat egitekotan, behar da entzun, eta neska entzuten bada, hobe neska entzutea, besterik ez».

Presioa handia da?

Jendea hasten delarik horri buruz hainbeste eleka, pentsatzen duzu jinen direlarik maskarada ikustera kasu eginen diotela pasaia horri. Beraz, beharbada presio handiagoa da, baina niri presioak ez dit on egiten, entseatzen naiz ez anitz pentsatzen. Baina bai, beldurgarria da. Zuberoan bada pentsatzeko manera elitista bat, halere: hobe da ona izatea; bestela, ez da pasatzen. Eta berriak fite abian dira Zuberoan. Badakit jendea mintzatuko dela, baina erran dezatela nahi dutena. Ahal dudan hoberena eginen dut.

Euskalkian ere berritasuna ekarriko duzu.

Horrek beldur handiagoa egiten dit, bai baitakit zuberotarra ez dudala ontsa ematen. Pentsatzen dut paperarekin eta usatuz testuarekin errazago dela. Pagolarrak gara, eta bidegurutzean garenez, bortxaz euskalkietan ere nahas-mahasa nabari da. Pagolan entzuten dugularik jendea zuberotarrez mintzo, usu xuka ari dira, eta ez zuka. Xuka eta zuberotarra, nahas-mahas bat da, eta hori da etxean entzun dugun lehen zuberotarra. Enetako inportanteena euskaraz mintzatzea da, frantsesa baino ederrago izanen da beti. Ahalaz zuberotarrez, eta bestela, gure maneran.

Libertimenduetan parte hartu izan duzu. Esperientziak balio du maskaradarendako?

Ez dut esperientzia handirik oraino, aski gazte bainaiz, baina iruditzen zait azken urte hauetan jokoak edo esketxak geroz eta gehiago agertzen direla kauteren partean. Horretan, libertimendua gauza bertsua da: zerbait salatzea, umorez eta norbaiten rolean sartuz. Ez da hainbeste Kabana bakarrik, bere papera irakurtzen, eta kauterak erdian. Pixka bat gehiago mugitzen dira, eszenan ematen, eta horretan pixka bat hurbiltzen zaio libertimenduari.

Taldea abiatzeko prest da?

Ene ustez, lehena bizitu aitzin ezin gara biziki prest izan. Lehena egin eta aldaketa gehienak eginen ditugu, behar baldin bada. Espero azkenekoan prest izanen garela!

Dokumentuaren akzioak