Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Nahi dugu Berritza profesionalizatu, amaturren zerbitzuko”

Dokumentuaren akzioak

“Nahi dugu Berritza profesionalizatu, amaturren zerbitzuko”

‘Beritza elkartea’ deitzen zena ‘Berritza’ da orain, belaunaldi berri baten eskuetara pasatu dela argi uzteko. Uztailaren 3an, koprodukzioan lagundu dituen hiru proiektu kulturalak aurkeztuko ditu, Maulen.
Egilea
Joanes Etxeberria
Komunikabidea
Ipar Euskal Herriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2021/06/25
Lotura
Ipar Euskal Herriko Hitza

Azken urteetan, dantza ikuskizunak sortzen zituen konpainia bat izan da Beritza; lehenago, bestelako sorkuntzen ekoizpenean ere aritua zen. Belaunaldi berri baten esku utzi dute elkartea, eta horien artean dira Graxiana Castillon kopresidentea (Eskiula, 1994) eta Pette Jaragoihen langilea (Berrogaine, 1991). Uztailaren 3an, koprodukzioan ekoiztu hiru lan aurkeztuko ditu Berritzak Maulen: Topa Noka eta Kauter Balet dantza taldeen azken sorkuntzak eta Xiberoots taldearen disko berria.

Beritza konpainia Berritza izendatu duzue zuek.

PETTE JARAGOIHEN: Konpainia 1998an sortu zen, eta hatsarrean Pier Pol Berzaitzen ikusgarrien ekoizpena egiten zuten. Horretarik landa, hogei urtez ikusgarriak egin dituzte dantzan, musikan, kantuan…; azken urteetan, partikularki, dantza ikusgarriak. Taldea hor zen aspalditik, eta nahi zuten lekua gazteei utzi. Juntatu ginen Johañe Etxebestekin ikusteko zer tresna izaten ahal zen, eta aski fite xerkatu dugu jendea gure inguruan: Graxiana [Castillon], Emilie Ourthe, Josie Lavoy eta Jon Foucher. Departamenduaren laguntza galdegin, eta urte batez elkarte batek lagundu gaitu proiektua zehazteko, ardatz berrien atzemateko, nahi genuen tresna egiazki plantatzeko.

Erran nahi du lehen Beritzak egiten zuena aldatuko dela orain?

GRAXIANA CASTILLON: Orain Berritza deitzen da, r bat gehitu diogu. Nahi genuen aldaketa hori eman ardatz berriak baitira, beti dantza ekoizpen horiek segituko baditugu ere. Johañe [Etxebest] eta Pette [Jaragoihen] gogoetan hasi ziren oharturik profesional haboro bazirela Zuberoako lurretan, eta betiere amaturren ikusgarriak. Horiek elkarrekin lanean aritzeko ez da beti aisa legearen aldetik, intermitentzian dena amaturrekin aritzea ere ez da beti aisa… Hori ikustez, hiru ardatz hautatu ditugu: ikasi, bizitu eta irakatsi.

JARAGOIHEN: Ikasi ardatza praktika lantzea da. Elkarteak ikusgarri bizidunak egiten ditu, eta ideia da praktika segitzea eta azkartzea, izan dantzan, antzerkian, musikan ala kantuan. Hemengo beste elkarteekin elkarlanean eginen litzateke, tailerrak proposatuz.

CASTILLON: Dantza biziki ontsa egituratua da: IDBrekin [Iparraldeko Dantzarien Biltzarra], bakoitzak bere dantza eskola badu, master class-arekin segitzen dugu, usu ikusgarriak egiten ditugu… Baina musikan, azken urte hauetan, disko batekin ari izan gara, ez baita txülülari edo tabalari anitz. Nahi genuen aipatu oraingo irakasleekin eta musika eskolarekin egituratzea txülüla eta tabala kurtsoak, Zuberoa osoari hedatuz.

Aipatu duzuen beste ardatz bat bizitu deitzen da.

JARAGOIHEN: Bizitu da ikasi ondoan egiten dena. Ikusgarrien ekoizpena nahi dugu begiratu Beritza Konpainiak egiten zuen bezala, eta hemengo taldeekin lan egin aisatzeko beren lana, koprodukzio gisara. Amiñi bat administratzaile gisa lagunduz, gogor baita ikusgarri baten muntatzea burutik buru; pisu amiñi bat ilkitzea da ideia, hedapenean ere lagunduz. Momentuko sartuak direnak Kauter Balet eta Topa Nokako dantzariak eta Xiberoots dira. Hedapenean ere segituko ditugu, Zuberoan eta hemendik kanpo.

CASTILLON: Azken lan ardatza, berriz, zoinahi amatur talde laguntzeko pentsatua da, gure harreman sarea haien esku ezartzeko.

Zuek dantzariak zarete; Pette, Xiberootseko musikaria ere bai. Dantza sorkuntzetan zer zen eskas Berritzak ekarriko dizuena?

CASTILLON: Nik Topa Noka aipatuko dut. Hasi ginen euro bat bera gabe, eta behar genuen norbait musikarendako, norbait koreografian laguntzeko, norbait kantuarendako, jantziak… beti sos arrangura. Ez dugu nehor pagatu hamazazpi ateraldi egin arte. Azken ikusgarrietan ere beti plazer hartzen genuen, baina beti sos arrangura horiek buruan. Hasi ginen sos laguntzarik galdegin gabe; nahi genuen dantzatu. Behar ziren fakturak, kontratuak… Denak amatur gara, eta denborarik ez. Pisu hori kentzea bat da. Bestea da talde zabalagoan musika tresnak erosten ahal direla elkarrekin, gela bera baliatzen ahal dela; egiazko elkarlan bat da azkenean.

Amatur mundua ezagutu duzue, batere ahalik gabe. Profesionalizatze zerbait gertatzen ari da?

CASTILLON: Egia gure ibiltzeko manera kanbiatu dela. Gure taldean zortzi neska gara, gune desberdinekoak. Ari zarelarik zure herrian, badira herriko zaharrak jiten direnak; baina gure taldean Eskiulako batek erraten badu “hori ez da hola egiten”, Muskildikoak erran lezake “guk hola egiten dugu”. Pertsona neutro bat horra delarik laguntzera dena pikoan izan dadin ez da ber gauza. Ikasi nahi dugu kanpoko jendeekin ere.

JARAGOIHEN: Guk baditugu gure usantxak, folklorea. Prefosta, profesionalak kanpotik heldu direlarik, ekartzen dizute zerbait. Nahi dugu Berritza elkartea profesionalizatu, amaturren zerbitzuko. Ez dugu nahi izan dadin edo oro profesional edo oro amatur. Nahaste hori dugu interesgarri atzematen.

Erraten da diru laguntzentzat sare batean izan behar dela, eta usu zuberotarrak urrun direla.

JARAGOIHEN: Zuberoan elkarte bat baldin bada proiektu batekin, ez dateke bortxaz instituzioetarik segitua. Berritzak baliabideak zentralizatzeko xedea baluke, kulturaren sosa sarraraztea halako proiektuendako. Elkarte bakoitzak ez du hori egiten ahal; gu profesionalizatuak baikara, entseatuko gara baratx-baratxa haiekin lan egitera sosa sarrarazteko.

CASTILLON: Erran behar da Beritza ezagutua dela mundu horretan alimaleko lana eraman baitzuten aitzinekoek. Denek ezagutzen dute lehengo lana; ikusgarriak ontsa iragan ziren, bada konfiantza zerbait edo ezagutza gutienez; beraz, instituzioetan ez gara ber maneran errezibituak sos laguntzak galdetzean. Gogor da laguntzak ukaitea, eta ez ditugu anitz, baina esperantza dut lan amiñi batekin aisago ariko garela.

Uztailaren 3an aurkeztuko dituzuen hiru proiektuez gain, besterik baduzu gogoan?

JARAGOIHEN: Talde bat muntatu dugu Pier Pol Berzaitzen ikusgarri berrian parte hartzeko; agorrilean emanen da lehen aldiz, Kanbon. 18 urteko gazte taldearekin dantza sorkuntza segitu dugu, eta, gero, haiek ikusgarri horretan segituko dute. Heldu den urtean, ideia da irakaskuntzan lan egitea musikan eta dantzan. Eta ondoko urtean gure ikusgarria egitea, produkzio bat, lehen egiten zuten bezala, gazteagoekin.

Dokumentuaren akzioak