Dokumentuaren akzioak
“Dantza oso lanbide ikusezina da gaur egungo gizartean, ez dugu bisibilitaterik”
Osa+Mujika dantza garaikideko lantaldeak ‘Suddenly III’ izeneko pieza eskainiko du gaur Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaon, 19:30tan
Jaiotz Osa eta Xabier Mujikak orain dela bi urte sortu zuten Osa+Mujika dantza garaikideko lantaldea;hala ere, ez dute dantza konpainia soil bat bezala definitzen. Sortzailetzat dute beren burua, mugimenduez haratago baitoaz haien piezak. Osa, Alhondigako artista egoiliarra Dantza Garaikideko Programan barne, eta Mujikaren arteko topaketa artistikoa da Osa+Mujika, hala dantza, jantzigintza eta eszenografia uztartzen dituztelarik. Atzo, Batxilergoko ikasleekin masterclass bat antolatu zuten Azkuna Zentroan eta gaur Suddenly III pieza aurkeztuko dute bertan. Biak ados agertzen dira dan-tzaren egoera latzaz hitz egitean, estigmatizatuta dagoen eta gizartean ikusgarritasun urria duen arloa baita.
Hainbat konpainiatan lanean ibili ondoren, orain dela bi urte Osa+Mujika lantaldea osatzea erabaki zenuten. Zerk bultzatu zintuzten pauso hori ematera?
-Jaiotz Osa: Hainbat konpainiatan egon nintzen bai, interprete eta zuzendaritza laguntzaile bezala. Hainbatetan kointziditu genuen biok batera, eta filosofia berdina genuela ikusi genuen. Horregatik, era naturalean gertatu zen proiektu honen sorrera. Barruan genuen hori adierazteko eta nahi genuena egiteko jaio zen Osa+Mujika. Orain arte besteen zuzendaritzepan ibili gara, eta proiektu honi esker, erabaki guztietan gure senari entzuten diogu.
-Xabier Mujika: Hainbat arlo jorra- tzeko aukera ere ematen digu. Esaterako, ikus-entzunezkoak. Beste konpainiekin ere ibiltzen gara, baina hemen gure kezkak jorratzen ditugu. Gainera, arlo guztietan elkarlanean aritzen gara beti: jantzigintza, pieza bera...
Alde estetikoez haratago doaz zuen sorkuntzak. Bakardadea, espektatibak betetzeko ezintasuna... bezalako gaiak jorratzen dituzue.
-J. O.: Bai, bisualki potentea izateaz gain mezua izatea ezinbestekoa da. Gai sozialak lantzen ditugu, ukitzen gaituztenak. Estetikotik abiatzen gara baina gure kezka pertsonal horiek lantzen ditugu.
-X. M.: Ikuslearengana mezu bat iristea nahi dugu. Izan ere, bisualki erakargarria izateaz gain publikoa hausnartarazi nahi dugu.
Hala ulertzen duzue dantza?
--J. O.: Guztiz. Fisikotasunetik eta estetikotik haratago doa. Mugimenduak baino gehiago dira, zerbait kontatzen dugu.
-X. M.: Mugimendua dramaturgiaren menpe dago, eta ez aldrebes.
-J. O.: Dantzaria baino gehiago pertsonaia zara eszenatokian. Oholtzara irtetzerako momentuan, nor zaren eta zer kontatu nahi duzun jakin behar duzu. Dantza aurretik finkatuta geratzen da, oholtzan pertsonaia bat zara.
Zer egoeratan dago dantza Euskal Herrian?
-J. O.: Sorkuntza bultzatzen da, erakunde publikoen aldetik piezak sor -tzeko eta konpainiak mantentzeko diru laguntzak ematen dira, baina gizarteari begira ikusezinak gara. Gu ikustera dantza munduko jendea dator bakarrik. Oraindik ez gara bisibleak. Aktoreak esaterako, askoz sona handiagoa dute. Galdetzen baduzu aktore bat zer den, mundu guztiak argi dauka. Baina dantza garaikidea egiten duen pertsona batek egiten duena galdetzen baduzu...
-X. M.: Jendeak balleta zer den dan -tza garaikidea baino hobeto daki, Euskal Herrian ballet konpainiarik egon ez arren. Garaikideko konpainiak berriz, asko daude baina ez dira ezagutzen. Kontraesana dago.
-J. O.: Gizarteari begira lan asko dago egiteko.
Zuen ustez beraz, arazoa ez da jendeak dantza gustoko ez izatea, baizik eta ezaguna ez izatea.
-J. O.: Bai. Nire ustez ezagutza falta da. Gu dantzariak gara eta mundu hau ezagutzen dugu baina seguraski arlo gehiagotan gertatzen da. Beti kazetari, mediku edo abokatu izan behar garela uste dugu, hori sinestarazten digutelako. Nik txikitan dan- tza maite nuen baina ez nekien ezta nora joan behar nintzen hori ikastera. Arazoa eskolatik dator. Beti lan- tzen dira ikasgai berdinak baina gorputzarekiko arreta falta da. Musika eta plastika bigarren plano batean badaude, dantza guztiz inexistentea da.
Estigmatizatuta dago?
-J. O.: Guztiz. Gizarteak dantzari buruz duen ideia murritza guztiz atzerakoia da, 70eko hamarkadan geratu zen. Jendeak iluna dela, musika zatarra edo arraroa duela… uste du. Pertzepzio hori geratu zen hor nonbaiten eta hortik urruntzea kostatzen zaio jendeari.
Gaur (atzo) Batxilergoko ikasleekin izandako masterclassean dantzarekiko harreman hori transmiti- tzen saiatu zarete?
-J. O.: Hasieratik gure helburua beste bide batzuk hartu ahal direla transmititzea izan da. Dantzatik haratago, artearekin harremana sustatzen saiatu gara. Mundu horretatik datoz ikasle hauek eta nabaritzen da kreatibitatearekin harremana izatea ezinbestekoa dela. Gazteek eta dantzariak daudela jakin behar dute, eta, horretatik bizi garela eta bizi ahal direla.
-X. M.: Egia da zaila dela dantza mundu honetan bizitzea eta lan asko egin behar dela. Proiektu batean baino gehiagotan ibili behar zara gainera, baina hori bada nahi duzuna…
Irailean ‘Loser’ piezarekin hasi zineten, eta otsailean egonaldi artistikoaren bigarren etapa Rotterdamen egingo duzue.
-J. O.: Bai, Loser piezaren germena hor dago. Kenophobiarekin ibili gara, baina kaxoitik atera eta otsailetik martxora arte, prest utzi behar dugu pieza hau. Bertan, ideia nagusia hau da: txikitatik berezia zarela esaten dizute, oso urrun helduko zarela, baina baliteke ezetz! Gure belaunaldiak sufritzen duen arazoa da.
-X. M.: Gauza pila izan arren, ezer ez duzunaren sentsazioa dugu beti. Inoiz ez zarela asetzen, eta Loser bat zarela pentsatzen duzu zugan daude espektatibak ez betetzean.
-J. O.: Madrilen zaude eta Bartzelonara joan nahi duzu. 32 urterekin etxea eta kotxea izango dituzula suposatzen da... eta ez duzu ez bata ezta bestea ere.
Zelako espektatibak dituzue Rotterdameko egonaldiari buruz?
-J. O.: Kristonak. Urte hau super potentea izan da eta nekatatuta gaude, baina pozik era berean. Irailean gogoz utzi nuen Loser proiektua eta berreskuratzeko gogoa daukat. Rotterdamera joatea aberasgarria izatea espero dugu.
Nola definitzen duzu zure burua koreografo bezala, Osa?
-J. O.: Ez naiz hala definitzen. Sor-tzailea naiz, koreografia mugimenduarekin lotuta dagoelako eta hura %25a besterik ez da gure sorkuntzetan. Bestea, estetika, dramaturgia, mezua… dira. Sortzaileak gara biak eta dantza garaikideko konpainia gisa definitzea kostatzen zaigu;ez ditugu beste arloekiko ateak itxi nahi.
Etorkizunari begira, norantz bideratu nahi duzue zuen ibilbidea?
-X. M.: Egia esan, nik nire burua Loser piezan daukat jarrita bakarrik.
-J. O.: Oraina bizi dut soilik. Eguneko gauzetan zentratzen naiz.
Dokumentuaren akzioak