Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Alardea nire barruan sentitzen dudan ekintza bat da, beraz, asko poztu nintzen aukera hori eman zidatenean”

Dokumentuaren akzioak

“Alardea nire barruan sentitzen dudan ekintza bat da, beraz, asko poztu nintzen aukera hori eman zidatenean”

Lehenengoz, Antzuolako Mairuaren alardeak emakume bat izango du kapitain. Edurne Iturbek hartu du horren ardura eta larunbatean estreinatuko da karguan
Egilea
Anabel Dominguez
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Antzuola
Mota
Elkarrizketa
Data
2019/07/17
Lotura
Noticias de Gipuzkoa
Edurne Iturbe, Antzuolako mairuaren alardeko kapitain berria.

Edurne Iturbe, Antzuolako mairuaren alardeko kapitain berria.

Edurne Iturbek iaz Jose Angel Arbuluk utzitako lekua beteko du. Berarekin batera, Mikel Bargiela mairuaren segizioaren estandartea eramaten estreinatuko da. Datorren larunbatean izango da hori (19.00etan). Egun horretan, 200 antzuolar inguruk herriko nortasuna adierazten duen ospakizun propio honetan parte hartzen dute;belaunaldiz belaunaldi transmititu dena.

Jose Angel Arbuluren lekukoa hartu duzu. Nola jaso zenuen kapitain izateko proposamena?

-Askorik pentsatu gabe eman nuen baiezkoa. Alardea nire barruan sentitzen dudan ekintza bat da, beraz, asko poztu nintzen aukera hori eman zidatenean.

Zer suposatzen du lehenengo emakume kapitaina izateak?

-Emakumeak betidanik egon dira alardean, nahiz eta postu garrantzitsuenetako batean lehenengo aldia izango den emakume batek beteko duena. Alde horretatik, aurrerapauso bat da. Gero eta alarde parekideago bat eraikitzen gabiltza. Eta pertsonalki, arduraz hartu dut kapitainaren papera. Buruzagiaren diskurtso bezain luzea ez da nirea, baina Herriko plazak jasotzen duen ekitaldian hasieratik bukaera arte hainbat aldiz hitz egin behar dut.

Urduri zaude?

-Orain arte, ez. Hala ere, eguna gerturatzen den heinean urduritasun puntu bat sortzen dit. Kalean ere jendea hurbiltzen zait, eta horrek arituko naizen postuak duen garrantzia gogorarazten dit.

Postu desberdinetan ibili zara.

-Alardean 13-14 urterekin danbor-jole bezala irtetzen hasi nintzen. Dantzari ere izan naiz eta 2009tik hona, alardea berriztu zenetik -gizartearen egungo balioetara egokituz-, eskopetari lanak egin ditut. 2006an jaurtigairik gabeko eskopetetara aldatu zen eta, ondorioz, edozeinek bete zezakeen paper hori;lehen, aldiz, arma lizentzia zutenek bakarrik. Hortaz, poliki-poliki, lizentzia gabeko pertsonak eskopetari gisa irtetzen hasi ginen.

Zeintzuk dira zuretzako alardearen une aipagarrienak?

-Alde batetik, buruzagiaren diskurtsoa bera, eta baita Iparragirreren bertsoak abesten den unea ere. Dena den, momentu gorena bezala kanoien eta eskopeten zarata entzuten dena hartuko nuke.

Zer da zuretzako Antzuolako Mairuaren Alardea?

-Betidanik bizi izan dudan ospakizun bat da. Gure familiako kide dexentek parte hartu du alardean. Aita gastadorea izan zen urte askotan, osaba alardeko buruzagi izandakoa da.... Jaia nirea izango balitz bezala sentitzen dut, herritar gisa maite dudan zerbait da.

Zer esango zenioke ospakizun hau ikustera inoiz gerturatu ez den jendeari?

-Nahiz eta beste alardeekin alderatuta gurean parte-hartzaileen kopurua txikiagoa den, oso polita da. Berezia eta erakargarria. Ikustera etor daitezen animatuko nuke jendea. Halako herri txiki batentzako oso garrantzitsua da herritarren inplikazioa. Antzuola ezagutaraztera emateko ere balio du.

Bihartik aurrera festetan murgilduko zarete antzuolarrak. Nola espero duzu bizitzea?

-Egunero gustatzen zaidan zerbait dago. Lehenengo egunean, esaterako, jaien hasiera eta udalbatzaren aurreskua. Ostiralean, herri bazkaria;larunbatean, noski, alardea, eta igandean, Larrain dantza. Ez dago aitzakiarik aspertzeko.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txoko bat. Aizkorriko mendikatea eta Urbia.

Festa bat. Duda barik, Antzuolako jaiak.

Mendi bat. Irimo, eskura baitugu. Gabon Zaharrean kuadrillarekin bertara joateko ohitura daukagu.

Paisaia bat. Deskargatik An-tzuolarantz ikusten dena. Beti gustokoa izan dudan paisaia izan da, nahiz eta orain zakartuta dagoen.

Hondartza bat. Ez naiz oso hondartza zalea. Bat esatearren, Zumaiako Itzurun esango nuke.

Dokumentuaren akzioak