Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Argitalpenak Antzuolako Alardea. Ikerketa historikoa

Dokumentuaren akzioak

Antzuolako Alardea. Ikerketa historikoa

Antzuolako Udalak eta Alardearen Elkarteak elkarlanean bultzatu dute Antzuolako alardearen ikerketa historikoa. Ospakizunean dantzatzen diren dantzen inguruko informazioa ere jaso da. Alardearen inguruko datuak eta urteetan izan duen bilakaera bildu ditu liburuan Lourdes Odriozola historialariak. Urte betean aritu da artxiboak arakatzen, eta azaro hasieran aurkeztu dute egindako lanaren emaitza.
Egilea
Lourdes Odriozola Oiarbide
Formatua
Liburua
Editorea
Antzuolako Alardearen Elkartea
Data
2020/11/06

Uztaileko hirugarren larunbatean ospatzen da Antzuolan alardea. Bi zati nagusi ditu ospakizunak: kaleetan zehar egiten den desfilea eta herriko plazako ekitaldia. Plazako agerraldian hainbat herritarrek trokeo-dantzak ematen dituzte: uztai-dantza, makila-txikiak, makila handi dantza eta zinta-dantza.

Antzuola makila-txikiena 1925
Makila-txikiena, Antzuola, 1925.

Garrantzi handia hartzen dute dantzariek ospakizunean. Alardearen aurretik ere dantzek bazuten beren lekua herrian. 1850ean, alardearekin hasi baino 30 urte lehenago, "berrikuntza bat (trokeo-dantza) ezarri zen jai tradizionaletan". Esteban de Madariaga antzuolarraren ekimenez antolatu omen zituzten dantzak jaietan. Hark Udalari aurkeztu zion txosten batean zioenez, "trokeo-dantza antolatzea" erabaki zuen, herriko beste zortzi gazterekin batera, "Antzuolako zaindariaren festak handikiro ospatzeko". Madariagak 160 erreal kuarto eskatu zituen oinetako gastuetarako. Hurrengo urtean Eusebio Laborda antzuolarrak egin omen zuen eskaera bera, eta "handik aurrera, trokeo-dantza, sokamuturra eta musika beti jarri ziren herriko zaindariaren jai-programan".

1877an, alardearekin hasi baino 3 urte lehenago, herriko jaietan egiten ziren trokel-dantzak dotoretu, handitu egin zituzten. Honela jasotzen da liburuan: "garrantzi handiagoa eman zitzaion trokeo-dantzari (hamazazpi gazte, zortziren ordez, lau koadrotan banatuta, eta dantzari bat denen buru zela)".  Bestalde, 1878tik aurrera trokeo-dantzaz gain zinta-dantza gehitu zitzaion dantza emanaldiari.

Gero, dantza horiek alardean txertatu zituzten. Hasieratan arma desfilearen amaieran joan ohi ziren dantzariak, artilleriaren atzetik. Lehendabiziko urteetan zinta-dantza, arku handien dantza, makila-dantza eta txapa-dantza egiten zituzten. Trokeo-dantzen argazkirik zaharrena ageri da liburuan, 1910eko hamarkadakoa. Zenbait urtetan, aurreskua ere dantzatu izan dute.

Egun, Oinarin dantza taldeko dantzariek ematen dituzte dantzak plazako emanaldian. Trokeo-dantzak eta zortzikoa eskaintzen dituzte. Azken urteotan alardearen eraberritzearekin batera eta genero berdintasuna bilatuz hainbat aldaketa egin dituz, zortzikoa neskek dantzatzeko sortu zuten. Azken urteetan, trokeo-dantzetan neskak eta mutilak batera aritzen dira.

Antzuola makila-handiena 1915
Trokeo-dantzak ageri diren argazkirik zaharrena. Makil-handiena, Antzuola, 1915.

Lourdes Odriozolak Gipuzkoako eta Antzuolako alardeen kokapen historikoa egin du liburuan, eta jarraian, Antzuolako alardearen bilakaera azaldu du. Alardean dantzek izan duten garrantzia azpimarratu nahi izan da ikerketan, eta garai bateko dantzariek eta egungoen inguruko hainbat datu jaso dira. Alardeari lotutako XVII. mendetik hasi eta XX. mendera bitarteko informazioa ikertu du Odriozolak. Horretarako, batik bat, Antzuolako udal artxiboan aritu da lanean; baina Bergarakoan eta Tolosako Gipuzkoako artxibo orokorrean ere ibili da ikerketa egiten.

Artxiboetako dokumentuetatik alardeari lotutako hainbat data eta datu zehatz jaso ditu. Orain arte uste izan da 1881ean ospatu zela lehenengo aldiz Antzuolan Mairuen alardea, baina aurkitutako fakturei esker, jakin da 1880an egin zela. Lehenago ere ospatu ziren herriko festetan alardeak, baina 1880an izendatu zuten lehenengoz Mairuen Alarde gisa. 1976an, berriz, lehenengo aldiz buruzagiak euskaraz egin zuela diskurtsoa ziurtatu dute.

Antzuola torkel-dantza taldea 1920-22
Trokel-dantza taldea, Antzuola, 1920-22.

Aurkibidea

  • Sarrera
  • Soldadutza, alardeak eta arma-erakustaldiak Gipuzkoan
  • Alardeak eta arma-erakustaldiak Antzuolan
  • Antzuolako lehen alarde folklorikoak (1876-1879)
  • Mairuaren alardea: Lehen garaia (1880-1976)
  • Lehen berrikuntzak alardean (1976-2008)
  • Alarde berritua (2009-2018)
  • Ondorioak
  • Dokumentazio-iturriak, hemeroteka, bibliografia

 

Fitxa

  • Argitaratzaileak: Antzuolako Udala eta Antzuolako Alardearen Elkartea
  • Testuak: Lourrdes Odriozola Oiarbide
  • Azalaeko akuarelaren egilea: Pili Azkarate
  • LG: D 01088-2020
  • ISBN: 978-84-936402-2-4

 

Antzuolako Alardea. Ikerketa historikoa

Lourdes Odriozola Oiarbide, 2020
Antzuolako Udala eta Antzuolako Alardearen Elkartea

Dokumentuaren akzioak