Dokumentuaren akzioak
Mutil-dantzak Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenean
Erratzu, Arizkun eta Amaiurko dantzariak Oñatin Eusko Ikaskuntzaren I. kongresuan, 1918-09-04. Txistularia: Antonio Elizalde. Atabalaria: Inaxio Santxotena.
Eusko Ikaskuntzaren lehenengo kongresuan mutil-dantzak eman zirela gogoratzeko, irailaren 9an Elizondon festa eguna izango dute. Baztango udalak bertako dantzariak bidali zituen Oñatira Eusko ikaskuntzaren I. kongresuan eta mutil-dantzen erakustaldia egin zuten, Antonio Elizalde txistuarekin eta Inaxio Santxotena atabalarekin zirela. Dantza emanaldi hura gogoratu asmoz dantza egun bat antolatu du Jo ala Jo Baztandarrak dantza eskolak, Baztango AEKako irakasleen eta Elizondoko herriaren laguntzaz. Hasteko Baztango kankailuak, txistulariak eta gaitariak ibiliko dira herrian barrena, ondoren mutil-dantzen inguruko hitzaldia eskainiko dute Kattalin Ezkerrak eta Patxi Larraldek. Amaitzeko, mutil-dantzak dantzatuko dituzte plazan.
Kattalin Ezkerrak, Baztandarrak dantza eskolako kideak, azaldu digunez badira urte mordo bat Patxi Larralde Bailarako Folklorea ikertzen ari dela eta ateratako ondorioen arabera duela 100 urte Oñatin izandako mutil-dantzen emanaldiak garrantzia izan zuen Baztango dantzetan, ez bakarrik gure herrietako kulturaren gorazarrea ekarri zuelako, baita mutil-dantzen bateraketa prozesu baten hasiera izan zelako ere. Baztango dantzak indartzeko aukera ona izango dela dio Ezkerrak, gure dantzak bizitu nahi ditugu eta aitzaki polita da bertze behin ere plazara ekarri eta arras gurea den moduan dibertitzeko. Dantzak irekiak izango dira eta ohiko mutil-dantzez gain zahar berrituriko Baztango jauzi batzuk ere joko dituzte.
Duela 100 urte dantzatu zituzten
1918ko irailaren 4an dantzatu zituzten baztandarrek Oñatin mutil-dantzak. Garaiko kronika batek honela azaltzen du emanaldia:
Los festejos populares fueron una nota tipica y curiosa. Una cuadrilla de mutillak del Baztán, con sus tamborileros en la cabeza, vino enviados por el Ayuntamiento de aquel pintoresco valle a mostrar en Oñate la mutil-dantza, que no se baila fuera de Nabarra. En esta danza tan sólo los hombres toman parte; en fila, unos tras otro, recorren varias veces la plaza haciendo figuras que a los guipuzcoanos nos parecían estrañas por lo nuevas, y que en Oñate valieron muchos aplausos a los fornidos muchachos baztaneses.
Irailak 9, egitaraua
- 11:00 Baztango kankailuak, txistulariak eta gaitariak herrian barrena.
- 12:00 Antzinsolasak: Eusk Ikaskuntzaren sorrera eta baztandar mutil-dantzariak Oñatin 1918an.
- 12:30 Mutil-dantzak, Baztango jauziak, Gaita dantza...
* Baztango Foru Plazan izango dira, eguraldi txarra egiten badu Joakin Iriarte pilotalekuan.
Dokumentuaren akzioak