Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bixente Amunarriz Azkarraga (1920, Donostia—1966, Donostia), dantzari onena

Dokumentuaren akzioak

Bixente Amunarriz Azkarraga (1920, Donostia—1966, Donostia), dantzari onena

Jose Ignazio Ansorena
2013/05/03 10:43
Bixente Amunarriz Azkarraga (1920, Donostia—1966, Donostia), dantzari onena

Donostia, Easo Plaza, 1923. Argazkia: Ricardo Martin. CC-BY-SA Guregipuzkoa.net

1936.eko gerra garaian gazte ziren dantzari eta dantzazale guztiei entzuna nien maiz: "Bixente Amunarriz bezalako dantzaririk ez da ezagutu". Etxean, aitonarengandik hasita, gurasoak, izeba-osabak, denak bat zetozen horretan. Galdezka ibili izan naiz garai hartako dantzarien artean eta denek kontu berbera errepikatu didate. Hura dantzan ikustea atsegin handia zen, batzuetan ez sinistekoa. Ematen zuen bazekiela hegan egiten. Harrigarriena, ez omen zuela horretarako itxura fisikorik aproposena: txikia eta potxoloa zelako. Hala ere, dantzan ikusita, horrelako besterik ez zegoela sinistuta geratzen omen ziren denak.

(2010-09-14an Donostiako bere etxean Margerite Trueba Enbil alargunari egindako elkarrizketako datuetan oinarritua)

Kostatu zitzaidan haren berri izatea, baina azkenean, Javier Itxaso Amunarriz ilobaren bitartez, Bixente Amunarriz zenaren alarguna topatu nuen, Margerite Trueba Enbil, bere larogeita hamar urtetan bizkor eta argi dagoena. Hari zor dizkiot hemen jasotzen ditudanak.

Bixente Amunarriz Donostiako Parte Zaharrean jaioa zen, sei anaiarrebetako familian: Pepita, Martina, Agustina, Eugenia, Roman eta Bixente. Anaiarreba zaharrak Aingeru kalean sortutakoak ziren, baina Bixente iada San Lorenzo kalean (koxkeroentzat Asto kalean) jaioa eta bertan hazia. Gaztetan Konstituzio Plazako dantza giroan ohitu zen solteko dantzetan eta gazterik Kiliki taldean hasi zen, Jesus Luisa maixu zuela. Gerra garaian Europan barrena ibili zen Eresoinka taldearekin batera eta talde honetan fama handia lortu zuen bereziki bi dantzetan egiten zituen abileziak zirela eta: Zuberoako Godaleta dantzan eta balet moduan antzezten zen Pilota partidan.

Gerra ondoren Venezuelara erbesteratuta joan zen, baina urte gutxi egin zituen han, herri minak bultzatuta, 1943.ean Donostiara itzuli baitzen. Txokoan berriro hasi zen dantzan, itzulitako Kilikitarrekin eta, batez ere, era librean, batzuekin eta besteekin kolaborazioak egiten zituela. Schola Cantorum taldearekin Estampas de Navidad ikuskizunean eta beste hainbatetan. Eskolak ere eman zituen, dantzazaletasunak bultzatuta, ez baitzen inoiz profesionalki horretan jardun, eskaintza onak izan zituen arren. Ez omen zitzaion gustagarri gertatzen artisten mundutxoa. Bera lanbidez kontulari baitzen, administratzaile, eta hortik ateratzen zuen bizimodua. Izaeraz ere gizon xalo eta jatorra zela aitortzen dute ezagutu zuten guztiek.

Gazte askori lagundu zien txapelketetarako prestatzen eta maisu zorrotzaren fama zuen. Solteko dantzan, berak Kilikitarrekin ikasi bezala, beti lau pausoen tankeran irakasten zuen. Eta txapelketa ugaritan izan zen epaimahaiko.

Dantzaren izar handi batzuk ere, bere famaz ohartuta, laguntza eskatu zioten euskal dantzak ikasteko eta berak ederki irakatsi ere: Antonio eta Mariemma espainiar dantzari ospetsuei, beren errepertorioan euskal dantzak sartu nahi izan zituztenean, esaterako.

Gazterik hil zen, berrogeita sei urtez, ustekabez, ebakuntza batean.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.