Agenda
Pastorala: Inesa Gaxen
2024/06/16 15:30
Bardoze
Inesa Gaxeni (Bastida, 1566 - Lapurdi, XVII. mendea) buruzko pastorala plazaratuko da Xarnegun. Sorgin izateaz akusatu zuten Gaxen eta sorginkeriagatik bitan giltzapetua izan zen. Bordeleko parlamentuan epaitu zuten hemezortzi urte zituela; libre utzi zuten. 1611. urtean, haur batzuek sorgina zela esan eta preso hartu zuten berriro ere, beste emakume batzuekin batera. Hondarribiko epaiek Logroñoko Inkisizioaren eskuetan utzi zuten auzia, espero ez bazen ere, kargurik gabe utzi zuten. Hondarribiko herritar askok ez zuen epaia onartu, eta, azkenean, Hendaiako mugan utzi zituzten Inesa Gaxen eta beste emakumeak.
Xarnegu eta inguruetako bederatzi herri ekainean batu ziren pastorala egiteko asmotan. Pantxika Urruti pastoral zuzendariaren eskutik iritsi zen proposamena eta ideia gauzatzeko Xarnegu Pastorala elkartea sortu zuten, zonaldeko 15 bat kide biltzen dituena. Bastida (NB), Ahurti (L), Erango (NB), Bardoze (L), Burgue-Erreiti (NB), Bidaxune (NB), Akamarre (NB), Gixune (L) eta Samatzeko (NB) herritarrak dabiltza lanean.
Xarnegu zonaldea Lapurdi eta Nafarroa Behereko eskualde geografiko bat da, eta bereizgarri du historikoki elebiduna izan dela, mendeetan zehar euskarak eta gaskoi okzitanierak elkarrekin biziraun dute. Beraz, pastoralean euskara eta gaskoiera nahastuko dira, euskaraz idatzi du pastorala Itxaro Bordak, eta bertan badira Sergi Javaloyesek gaskoieraz idatzi dituen zatiak. Ekainaren 15ean eta 16an Bastidan eta irailaren 21 eta 22an Bardozen emango dute.
Dantzakia
2024/06/16 17:00
Etxarri Aranatz, San Adrian ermita
Dantzakia deitzen zaio Etxarri Aranatzen egiten duten soka-dantzari. Hau, San Kiriko, San Adrian eta abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren egunean dantzatzen da.
Goizean goizetik hurbiltzen dira etxarriarrak San Adrian ermitara han egun osoa igarotzeko asmoz. Familian bazkaldu ondoren, txistulariak mahairik mahai igarotzen dira kalejira, fandango eta arin-arin doinuekin giroa alaituz. Ondoren, kintoen txanda da, 18 urte bete dutenek ateratzen baitute soka-dantza edo Dantzakia, eta nahi beste gaztek parte hartzen dute bertan. Amaitzean herrira egiten dute buelta guztiek txistularien laguntzarekin, baina bidean zenbait geldialdi egiten dituzte udalak eskaintzen duen ardoa dastatzeko. Behin Etxarrira iritsi baino apur bat lehenago eta jada ilargia irtenda dagoela, txistulariak berriro ere Dantzakia jotzen dute. Orduan iristen da zoramena, bertan nahi duen orok parte hartzen baitu. Horrela egiten dute bidea herriko plazaraino, Dantzakia dantzatzen.