Dokumentuaren akzioak
Agenda
Talai-dantza
Noiz: 2026/02/15 08:00Non: Amezketa
Inauterietako larunbat eta igandean ateratzen dira Amezketako talai-dantzariak eskean. 2016an hasi ziren larunbat eta igandez ateratzen, ordura arte inaute igande eta astelehenez ateratzen baitziren makil-dantza dantzatu eta puskak biltzera. Ugarte eta Amezketako baserrietatik egiten dute etxez-etxekoa. Aurten 50. urteurrena dela eta 12:00 inguruan, hiru taldeek bat egingo dute Bartolome Deuna kalearen hasieran, Bion-Etxe inguruan. Dei berezia egiten dugu, urte guzti hauetan soinujole, poltsero edo dantzari izan diren guztiei, beharrezko janzkerarekin aukeran, bertan biltzeko. Belaunaldi ezberdinen arteko Talai jendetsuena burutu nahi dugu, plazan amaituz. Amaieran, indarrak berritzeko, mokadutxo bat izango da, eztarria bustiz, makilak bezala kontu zaharrak astintzeko.
Txantxoak
Noiz: 2026/02/15 08:00Non: Abaltzisketa
Inauterietako igande edo Zaldunitan ateratzen dira Abaltzisketako txantxoak, mozorroa, zesteroa eta soinujolea puska biltzean baserrietan eta herrian ere. Etxe bakoitzaren atarian erratza pasa eta txantxoen makila-dantza eskaintzen dute. Goizeko 8etan elkartzen dira herriko plazan prestaketa lanari ekiteko eta ondoren hasten dira baserriak bisitatzen. Txantxoek makila-txiki deritzon makil-dantza bat egingo dute.
Puska biltzea
Noiz: 2026/02/15 09:00Non: Irun
Inaute larunbat eta igandean ateratzen dira puska biltzean Irunen. Hainbat dantza taldek Irungo txoko desberdinak bisitatuko dituzte dantzan. Inaute larunbata: Inaute igandea:
Garaziko libertimendua
Noiz: 2026/02/15 09:30Non: Donibane Garazi
Inaute igandean Libertimendua emanen dute Donibane Garazin. Garaztarrak dantza taldeak, Zirtzilen antzerkiak eta bertsolariek girotuko dituzte Donibane Garaziko kaleak. Goizeko 9:30ean hasiko da kabalkada karriketan eta ondotik 11:30ean Libertimendua Trinketaren aitzinean.
Iruinkokoa
Noiz: 2026/02/15 10:00Non: Iruñea, Santa Ana Plaza
Martxoaren 2an (igandea) Iruinkokoak Iruñeko karrikak hartuko ditu. Hau duzue egunerako programa: 10:00 Zaldiko Maldikotik karrikaz karrika. Asalduak:
IRUINKOKOA
(Iruñeko libertimendua)
Atorrak
Noiz: 2026/02/15 10:00Non: Mundaka
Inaute igandean ateratzen dira Mundakako Atorrak kantuan. Mundakako Txistulari Marrauen kalejira, 10etan Atorrekin lagundurik. 12.30etan Mundakako Atorren Estudiantina Aratuste abestiarekin hasita. 18.00etan Herriko plazan Laminek agerraldia egingo dute orro, dantza eta kantuekin.
Zahagi-dantza eta Hartza
Noiz: 2026/02/15 10:00Non: Markina-Xemein
Aratuste domekan, inauteri igandean, zaragi-dantzariak ibiltzen dira Markina-Xemeingo kaleetan Hartzak lagunduta. Zaragi-dantza egiten dute Zerutxuko dantzariek eta Hartzak panderoaren doinura dantza egiteko ahalegina egiten du, baina iheserako eta jendea beldurtzeko zaletasuna handiago du. Markina-Xemein: Zaragi-dantza eta antzar jokoa 2013 [Bideoa]
Inude eta artzaiak
Noiz: 2026/02/15 10:00Non: Bera
Inaute igandean ateratzen dira inude eta artzaiak Berako kaleetan. Goizeko 10etatik aurrera kalejira egingo dute herrian zehar Eztegara pilotalekutik hasita. Ondoren arratsaldean, 18:00etan hasiko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara.
Zirikoketa
Noiz: 2026/02/15 10:00Non: Astigarraga
Inauteri igandean, martxoaren 2an, Zirikoketa plazaratuko dute Astigarragan. Herriko dantzari, musikari, bertsolari eta antzerkilariak batuta libertimenduen egitura duen festa prestatzen ari dira inauterietarako. Txistulariak, dultzaineroak, trikitilariak, txaranga, danborrada taldea, bertsolariak eta antzerkia izango dira plazan dantzariekin batera. Goizean zehar puska-biltzea egingo dute hainbat auzotan eta gero eguerdian plazako emanaldia.
Markitos
Noiz: 2026/02/15 11:30Non: Zalduondo
Markitos da inauterietako igandeko protagonista. Urtero bezala, zaldi gainean agertuko da goizeko 11.30ak inguruan, Arabako herri honetako kale nagusian, traje beltzez jantzita, gorbata eta guzti. Atzean herriko mutil bat izango du laguntzaile gisa, erori ez dadin. Ibilbideko puntu batean, jauregi baten parean, astotik jeitsi eta sei metroko luzerako makila baten puntan ezarriko dute. Makila zutik jarri, lurrean sartu, eta han goian geratuko da Markitos hainbat orduz. Arratsaldean, berriz, predikadorea buru duen prozesio zaratatsu bat abiatuko da Markitos dagoen tokiraino. Kale-garbitzailea eta errauts-zabaltzailea joango dira lehenbizi, biak bata beltzez jantzita. Musikariak, ondoren, eta, gero, behor batek tiratutako gurdi bat, Predikadorea barruan joango da. Ondoren Atsoa eta Agurea, Markitosen aita eta ama. Hartza eta ardia joango dira ondoren, eta, azkenik, Porreroak. Zaku-telaz jantzita, porrero hauek beren buruak lurrera bota eta pertikak erabiliz teilatuetatik zintzilikatutako kandela izoztuak apurtuko dituzte. Markitos jaitsi eta gurdian jarriko dute. Frontoira heltzen direnean epaia irakurriko dio Predikadoreak Markitosi: hil egin beharko du. Jendeak txalo egingo du. Panpina lurrean jarri eta su emango diote. Eta taldeko guztiek dantza egingo dute haren inguruan.
Dokumentuaren akzioak


