Dokumentuaren akzioak
Agenda

Azeri-dantza
Noiz: 2023/02/18 10:00Non: Hernani
Inaute larunbatean, gazte talde bat Hernaniko plazan biltzen da, soka bat daramate esku batean eta puxika bat bestean. Txistulari taldea, ondo mozorrotuta, haien zain dago. Halako batean, haur eta gazte talde bat inguratu, eta indar osoarekin zigor gogorra eskaintzen diete, puxikarekin gorputz enborra, besoak eta hankak kolpatuz. Itxidura desegin eta beste norabide batean korrika ateratzen dira, taberna batean sartuz. Tarte batean desagertzen dira eta halako batean beste denda batean agertzen dira, gazteak berriz ere inguratuz eta berriz ere kolpatuz. Bi orduz, kaleetan gora eta bera dabiltza, kale, zeharkale, pasabide, denda eta tabernetan. Eszenan agertzen diren bakoitzean, txistulariek doinuaren abiadura areagotzen dute. Bitartean, buruan azeri larrua daraman gazte bat gora eta behera dabil kaleetan, ume eta gazteak puxikarekin jotzen, eta tarteka dantza eginez. Behin plazara iritsita, ekitaldia bukatzeko, puxiken gainean jauzi egin eta hautsi egiten dituzte.

2023ko Beasaingo Inauteri herrikoiak
Noiz: 2023/02/18 10:30Non: Beasain
Inaute larunbatean, urteroko Beasaingo Inauteri herrikoiak ospatuko dira, herriko Ostadar Dantza Taldeak antolatuta. Urtero bezala, Euskal Herri mailan ikus daitezkeen Inauterietako dantza ezberdinak eskainiko dituzte. Urtero legez, ekimenaren helburua Beasaingo herria Inauterietako dantzaz, kolorez eta musikaz janztea izango da. Laster gehituko dugu eguneko egitarau osoa.

Kalez-kaleko eskea eta dantzak
Noiz: 2023/02/18 11:00Non: Gallarta
Inaute larunbatean Gallartan eta ondoko larunbatean San Fuentes-en ateratzen dute Meatzaldeko Harrigorria dantza taldeak antolatzen duen landa izaera daukan inauteria. Larunbat goizean, 11:00etan kale-eskea egingo dute herriko baserri, etxe ta kaleetatik. Ondoren elkarrekin bazkaldu eta arratsaldeko 18:00etan Herriko goiko aldetik plazarainoko kalejira egingo dute mozorro ta aratustetako beste pertsonaiekin: Bizkarbaltza, Zangaluzea, Beldarroia, Hartza eta Hartzazaina, Sorginak, eta Artauntxoa.

Oñatiko inauteria
Noiz: 2023/02/18 11:30Non: Oñati
Oñatz dantza taldeak, herriko musikariek eta inauterietako lantaldeak antolatzen dute Oñatiko Inauteria inaute larunbatean. Goizeko 11:30ean kalejiran abiatuko dira dantzan eta egun osoan zehar arituko dira herriko kaleetan.

Kaskaboboak eta Maskaritak
Noiz: 2023/02/18 13:00Non: Agoitz
Inaute larunbatean eta hausterre-egun bezperan ateratzen dira Kaskaboboak eta Maskaritak. Gazteak mozorrotuta ateratzen dira eta puska biltzea egiten duten herrian zehar larunbatean. Etxerik etxe arrautza eta txistor biltzean aritzen dira, eta ondoren horrekin afaria prestatzen dute. Asteartean aldiz, inauteriari emango diote amaiera kalejira batekin berriro ere Kaskaboboak eta Maskaritak.

Mantagunak
Noiz: 2023/02/18 16:30Non: Urdiain
Arpilerazko mantak edo zakuak soinean, aurpegia estalia, ikusteko bi zulorekin. Horrela jantzitako pertsonaiak topatuko dituzue Urdiainen larunbat inauteriz 16:30etik aurrera Urdiaingo kaleetan. Hori bai, argi ibili beharko da jendea, ihote-pertsonaiek eskuan zigorra dutelako eta jendea berotzeko prest daudelako. Haiek zirikatu nahi dituenak honako errepika esatea besterik ez du: Mantaguna, guna, guna, guna, zakuan kunkuna.

Zarramuskeroak
Noiz: 2023/02/18 17:00Non: Cintruenigo
Zarramuskeroak dira Cintruenigoko inauterietako pertsonaiak. Ostiral gauez, Kultur Etxeko balkoitik pregoia irakurrita, inauteriak hasten dira. Baina Zarramuskeroak larunbat eta igande arratsaldean ateratzen dira kalera. Ordubeteko tartean, zarramuskeroak izaten dira kaleetako jaun eta jabe. Talko-hautsak, kolonia eta beste produktu batzuk hartuta, aurpegia agerian duten gazte-koadrilen atzetik ibiltzen dira, eta horietako asko ez ezagutzeko moduan uzten dituzte. Antzinako jatorria duten herri-pertsonaia horiek parrokiako elizako kanpaien joaldi bereziarekin batera hasi eta amaitu ohi dute irteera.

Kamarroak
Noiz: 2023/02/18 18:00Non: Bakaiku
Kamarroa da Bakaikuko (Nafarroa) inauterietako pertsonaia. Mozorro guztiak dira Kamarro, ez dauka janzkera zehatzik. Inaute larunbatean ateratzen dira Kamarroak Bakaikun. Herriko elkartean elkarrekin bazkaldu ondoren, mozorrotu eta etxez-etxe abiatzen dira goldea garraiatuz eta hautsak botaz. Zaparra deitzen zaio Kamarroek eskuan darabilten makil luzeari, eta herritarrak eta bereziki umeak beldurtzen aritzen dira herriko kaleetan.

Surrandiak
Noiz: 2023/02/18 18:30Non: Durango
Surrandien konpartsa ateratzen da Durangon inauterietako larunbatean. Surrandiak kalejiran irtengo dira Plateruenetik Jaizale txistulari taldea eta Tabira musika bandarekin batera eta Andra Maria elizpean emango zaio amaiera. Eguerdiko 12:00etan Surrandiek triki-poteoa egiten dute eta arratsaldean 18:00etan txokolatea hartu ondoren Surrandi konpartsa irtengo da kalera 20:00etan Andra Mariko elizpean kalejirarekin amaitzeko.
Dokumentuaren akzioak