Dokumentuaren akzioak
Dantzakia
Dantzakia deitzen zaio Etxarri Aranatzen egiten duten soka-dantzari. Hau, San Kiriko, San Adrian eta abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren egunean dantzatzen da.
Goizean goizetik hurbiltzen dira etxarriarrak San Adrian ermitara han egun osoa igarotzeko asmoz. Familian bazkaldu ondoren, txistulariak mahairik mahai igarotzen dira kalejira, fandango eta arin-arin doinuekin giroa alaituz. Ondoren, kintoen txanda da, 18 urte bete dutenek ateratzen baitute soka-dantza edo Dantzakia, eta nahi beste gaztek parte hartzen dute bertan. Amaitzean herrira egiten dute buelta guztiek txistularien laguntzarekin, baina bidean zenbait geldialdi egiten dituzte udalak eskaintzen duen ardoa dastatzeko. Behin Etxarrira iritsi baino apur bat lehenago eta jada ilargia irtenda dagoela, txistulariak berriro ere Dantzakia jotzen dute. Orduan iristen da zoramena, bertan nahi duen orok parte hartzen baitu. Horrela egiten dute bidea herriko plazaraino, Dantzakia dantzatzen.
Dokumentuaren akzioak