Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Neskek plazan dantzatu nahi dute

Dokumentuaren akzioak

Neskek plazan dantzatu nahi dute

Emakumeak bestetan duen parte-hartzeari buruz eztabaida piztu da Elizondon, ospatu berri dituzten jaietan hainbat neska mutil-dantzetan aritzera plazara atera ondoren.

Egilea
Edurne Elizondo
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2007/08/10

Beste hainbat tokitan bezala, emakumeari eta bestetan duen parte-hartzeari buruzko eztabaida piztu da Elizondon aurten. Egitarau ofizialeko ekimen batean aritzeko urratsa egin dute hainbat neskek, eta, horrek, kontrako eta aldeko iritziak sortu ditu herritarren artean. Plazan bertan, emakumeen jarrerarekin bat egin dute gizon askok, eta haien ondoan hasi dira dantzan. Tradizioei eutsi bai, baina gaurkotzeko eta egungo balioekin bat egiteko beharra azpimarratu dute. Gizonentzako mutil-dantzen aldekoek, berriz, ohiturari egin diote so. Tradizioari. Mutil-dantzak, izenak dioen bezala, mutilenak direla.

Elizondon sortu den eztabaidak ez du isla bera izan Baztan osoan. Duela bizpahiru urte hasi ziren emakumeak beste zenbait herritan dantzatzen, inolako arazorik gabe. Eztabaidarik gabe. Emakumeen parte-hartzea zalantzan jartzen zuen ahotsik gabe. «Gartzainen, Erratzun, Zigan edo Berroetan aritu naiz. Azken bi herri horietan aspaldi galduak ziren mutil-dantzak; inork ez zituen dantzatzen, neskak hasi ginen arte». Oianko Garderen hitzak dira. Baztandarra, eta dantzaria. Elizondoko bestetan aritu direnetako bat.

Argi eta garbi azaltzen du Gardek: «Duela hainbat urte emakumeak ez ginen ibiltzen txalaparta jotzen, edo txistua jotzen. Orain bai. Espazio guztietan parte hartzeko eskubidea dugu, eta berdin mutil-dantzetan». Bestaren zati direla nabarmendu du, eta bestan murgildu, dantzatu eta dibertitu, besterik ez duela nahi plazan sartzeko urratsa egiten duenean.

Mutil-dantzak aspaldiko ohitura direla badaki dantzariak. Belaunaldiz belaunaldi jaso den tradizioa dela. «Baina tradizioak egokitu egin behar dira, garaian garaiko errealitatearekin bat egin dezaten». Tradizioak duen kutsu berezia galdu gabe: «Santio eguneko meza ondorengo dantzan, lehengo arropekin aritzen dira gizonak. Lehengo moduak islatzeko borondatea dago, eta hori errespetatzen dugu. Hor ez gara sartzen, ohitura hori erakusteko modu bat delako. Baina gaueroko dantzaldia beste kontu bat da».

MUTIL EZKONGABEEN DANTZA. Felix Menaren aburuz, ordea, ez dago alderik. Ez du emakumerik nahi mutil-dantzetan, eta halaxe azpimarratzen du. Ez du zalantzarako aukerarik uzten: «Emakumeak sartzen badira, nik ez dut dantzatuko, eta ez naiz plazan geldituko tradizio hori nola desitxuratzen duten ikusteko».

72 urte ditu, eta haur bat zenean hasi zen mutil-dantzetan Elizondon. «Erratzuko osabek bazekiten. Aitak ez. Amak bai, ordea. Emakumeek bazekiten dantzatzen, ez baitira zailak mutil-dantzak, baina karrikan ez ziren aritzen, jendaurrean ez». Etxean, plazan ez.

«60 urtetik goiti egin ditut jada dantzan». Elizondoko bestetan iaz egin zuten lehen saioa emakumeek mutil-datzetan aritzeko. Aurten gertatu den bezala, musika eten, eta saioak ez zuen arrakastarik izan. «Matxistatzat jo gintuzten orduan». Menak, hala ere, ez du bere burua halakotzat. Ez omen da matxismo kontua. «Tradizioa da; ohitura. Mutil-dantzak gizonen dantzak dira».

Eta beti izan dira horrela, Elizondoko dantzariaren hitzetan. «Gizonak aritu gara beti, berdin 70 urtekoak edo haurrak. Agintariei omenaldia egiteko dantza da hau». Hainbat ñabardura aipatu ditu, ordea, Patxi Larralde txistulariak. Baztango Jo Ala Jo kultur elkarteko kidea da. Musikaria, eta dantza irakaslea ere bai.

Larraldek zehaztu du aspaldi mutil ezkongabeen dantza zirela mutil-dantzak, herritarren aurrean aurkezteko modu bat. «Errituala». Denboraren poderioz, ezkondutako gizonak eta haurrak ere hasi ziren. «Gure gurasoen garaian, adibidez, ezkonduek ezin zuten santio egunean dantzatu». Baztango Udalak berak, eskuorri batean, halaxe aurkezten du mutil-dantzen jatorria, eta hasieran gizon ezkongabeak bakarrik aritzen zirela aipatzen du. Denborak aurrera egin ahala bilakatu zirela gizon guztien dantza.

Horrek erakusten du mutil-dantzak aldatuz eta garatuz joan direla urteen poderioz. Mutil ezkongabeen aurkezpen gisa ez lukete zentzurik izanen, adibidez, gaur egungo gizartean. «Gaur egun, dibertitzeko modu bat dira, batez ere». Horregatik, emakumeen parte-hartzea bermatu behar dela uste du Larraldek.

Mutil-dantzak zer diren badakiela nabarmendu du txistulariak: «Beti egon naiz txistua jotzen eta dantzak erakusten; badakit zer-nolako garrantzia duten mutildantzek aritzen diren gizonentzat, baina horrek ez die ematen eskubidea besteak baino gehiago direla uste izateko». Eta horrek badu zerikusirik, bere ustez, Elizondon gertatu denarekin. «Mutil-dantzetan ateratzeak badu harremanik, nolabait, ospearekin; protagonista bilakatzen dira gizartearen antzerkian. Halaxe barneratu dute. Horregatik ez dute emakumerik nahi dantzan», erran du Larraldek.

Menak azaldu du beretzat mutildantzak zer diren: «Txikitatik jasotako zerbait. Erakustaldia egitea maite dugu, dantzatzea. Tradizioa da, dantza guztiz herrikoia. Emakumeek parte hartzen badute desagertuko dira mutildantzak; jada ez dira gaur direna izanen». Eztabaida mahai gainean dago Elizondon.

«Tradizioak egokitu egin behar dira garaian garaiko errealitatearekin bat egin dezaten»

Oianko Garde

dantzaria

«Emakumeak sartzen badira, nik ez dut dantzatuko, eta ez naiz plazan geldituko»

Felix Mena

dantzaria

«Mutil-dantzetan ateratzeak badu harremanik, nolabait, ospearekin»

Patxi Larralde

txistularia eta jo ala jo elkarteko kidea

Dokumentuaren akzioak