Dokumentuaren akzioak
Mutil-dantzak, pitilin-dantzak?
Zuzendariari
Izenaren argudioak ez du ez hanka eta ez bururik. Argudio sinple bat desmuntatzeko, galdera sinple bat; nolatan onartzen ahal da larrain-dantza frontoietan, karriketan edota plazetan jotzea eta dantzatzea? Izenak erraten duenez larrainetan dantzatu beharko zen, ezta? Dantza hori, berez, neska-mutilek osatutako bikoteek dantzatzen dute, baina maiz bi neskek edo bi mutilek dantzatzen dute; zer egin beharko lukete dultzaineroek? Gelditu? Zentzugabea, ezta?
Dena ohituraren izenean. Noiztik da ohitura atorra zuriarekin, pintzak dituzten prakekin eta zapatekin dantzatzea? Noiztik dira ohitura 20 minutuko zortzikoak? Noiztik dira ohitura arin-arinik gabeko fandangoak? Noiztik da ohitura nork dantzatzen ahal duen eta nork ez txistulariak erabakitzea? Noiztik da ohitura bere betebeharrak betetzen ez dituen txistulariari ordaintzea? Gauza batzuk aldatzen ahal dira eta bertze batzuk ez? Nork erabakitzen du hori? Bistan denez, ohiturak egiten eta desegiten dira.
Eztabaida hauen gainetik, nire ustez, bertze arazo potoloago bat dago. Jendarte sexista batean bizi gara. Horren ondorioz, kultura eta heziketa sexistak jaso ditugu. Txikitatik hainbat eredu eta ideia sartu dizkigute, barne-barneraino, eta nahita ez bada ere, aunitzetan jarrera sexistak ditugu. Kulturan, bertze eremuetan bezala, emakumearen parte-hartzea normalizatu behar da. Atzendu behar ditugu konplexu eta urteen poderioz inposatutako molde itxi guziak. Mutil-dantzak dantza herrikoiak direlako, guztiok izan behar dugu parte hartzeko aukera, mutilek eta neskek.
Mutil-dantzak bai, pitilin-dantzak ez.
Dokumentuaren akzioak