Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Txoriak, Alsaziatik Tolosara

Dokumentuaren akzioak

Txoriak, Alsaziatik Tolosara

François Rosse konpositoreak idatzi 'Txorieri' bihar estreinatuko dute Gotainen, Xiru jaialdiaren karietara.

Rossek, Mixel Etxekoparrek eta Et Incarnatus orkestrak emanen dute elkarrekin
Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/03/27
Lotura
Berria

François Rosse konpositore eta piano jotzailea eta Mixel Etxekopar kantari eta txirulariaren arteko adiskidantzaren sarea zabalduz doa, eta asteburu honetako Xiru jaialdia horren lekuko ikus daiteke nolabait. Transhumantzia (2010) eta Izturitzeko harpeetan grabatu Aspaldian (2013) lanen ondoren, aldi honetan, Tolosako Et Incarnatus orkestrarekin batera, Txorieri konposizioa dute aurkeztuko. Bihar dute estreina nagusia Gotainen (Zuberoa), Xiru jaialdiaren barruan. Hortik landa, beste hamaika lekutan aurkeztekoa dute.

François Rossek egin konposaketa du oinarrian proiektuak. Alsazian sortua, alsaziarra ama hizkuntza duela, pianista eta inprobisatzaile autodidakta da. 400 bat konposaketa lan idatziak ditu. Olivier Messiaen (1908-1992) konpositorearen ikaslea ere izana da. Geroztik, inprobisaziotik zein bide ohikoetatik zabalduz joan da bere musika. Eta baita ezagupen bat lortu ere: «Gaur egun, mundu mailako espektroan oso goi mailakoa da», Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariak nabarmendu duenez. Haatik, 18 urteak bete arte, piano bat hunki gabe ibili zen Rosse. Haurtzaroa Alsaziako mendietan, oihanetan, iragan zuela gogoratzea gustukoa du konpositoreak. Txoriak entzuten eta. Eta horrek ere badu garrantzia bere musika ulertzeko mementoan.

Etxekoparrekin duen loturaren azalpen bat ere baita hori. 25 bat urte elkar ezagutzen dutela, Rossek hauxe dio Etxekoparrez erdi txantxetan: «Txoriak imitatzen ditu, agian txoriek berek baino hobeki. Pentsatzen dut lezioak ematen dizkiela».

Txoriak gora, txoriak behera, Txorieri izeneko konposaketak ere hortik edaten du. Rossek konposaketa lanaren oinarriak esplikatzean, Etxekoparrekin elkarlanean segitzeko gogoaz gain, Euskal Herriarekin duen harremanaz ere zerbait egiteko xedea izan duela dio: «Euskal Herriarekin daukadan sentimenduetatik» abiatu dela.

Hortik, musikaz gain, konposaketa lana osatzen duen testua. Rossek berak idatzi duena frantsesez. Baina euskaraz emanen dutena Mixel Etxekoparrek euskaraturik, zehaztu du Rossek. Eta harreman hori du aipatzen, hain zuzen. Bestetik, bada musika, zuzenekoa, Rossek, Etxekoparrek eta Et Incarnatus orkestrak emanen dutena. Soinu elektro-akustikoak gehitzen zaizkiela. Eta hor ere bada Euskal Herriko lotura hori. Horien artean, adibidez, Tolosako Babarrunen Astean Rossek harrapatu soinuak. Orkestrakoen ezagutza egitera joan zela Tolosara, kasualitatez topatu zuen besta hori. Zenbait soinu grabatu zituen, gero ordenagailuarekin moldatu zituenak. Gogoan du egun hura Zeberiok ere. Eta haren iduriko, Rosseren lan egiteko eraren adierazgarri da: «Proiektuan oso murgildua dago. Bizi du oso era betean. Normalki maila horretako konpositoreek idazten dute eta kito. Ez dute halako ñabardurekin lan egiten».

Zeberiok hitz egin du emaitzaz: «Kanpotik irakurriko lukeen batek pentsa lezake: 'Ufa! Hau izutzeko modukoa da. Goazen hemendik urrutira'. Ba, nik esango nioke ezetz. Emanaldia oro har oso ikusgarria da». Adibidez, orkestrakoek zutik jotzen dute. Rossek eskuekin pianoaren barneko sokak ere kitzikatzen ditu. «Eta entzuten den horrek ezagutzen ditugun giro asko ekartzen dizkigu burura. Inkontzientziarekin jokatzen du, Zeberioren ustez: «Guztiok daukagu soinu mundu bat buruan. Batetik, bada norberak entzuten duen musika, eta, bestetik, badira soinuak. Kalekoak, oihanekoak, lanekoak. Soinu moduan identifikatzen ditugunak. Soinu horiek daude txertatuak musikan. Hurbilketa bat egiten dute musikaren edukiarekin. Nik uste dut horrek ezustekoa sortzen duela eta errazten duela konpositorearen lanarekin komunikazioa».

Txorieri konposaketaz gain, txoriei lotu beste zenbait lan proposatuko dituzte zuzenean bihar arratsean. Artean, Goizian argi hastian, Belatxa baita Australiako konposaketa bat ere oihaneko soinuei lotua dena.

François Rosse konpositorea zutik ezkerrean Et Incarnatus orkestrakoekin <em>Txorieri</em> konposaketa lana errepikatzen.

François Rosse konpositorea zutik ezkerrean Et Incarnatus orkestrakoekin Txorieri konposaketa lana errepikatzen. XIRU JAIALDIA

Dokumentuaren akzioak