Dokumentuaren akzioak
Tolosa euskal dantzaren plaza erraldoi bilakatuko da larunbatean
Udaberri dantza taldeak dantzari txiki eta erromeria eguna antolatu du
Hamarkada pasatxo da, jada, helduei begirako erromeria antolatzen hasi zirela. Dantza taldearen 50. urteurrena girotzeko prestatu zuten egitasmoa, ospakizun urtearen aurretik. Haren ondotik iritsi zen, gero, etorkizuneko dantzariak plazetan trebatzeko festa: dantzari txiki eguna.
Urteen joan-etorrian, horrela, 58. urtemuga beteko du aurten dantza talde tolosarrak, eta, Zerkausian egindako agerraldian azaldu dutenez, dantza herritarrengana hurbiltzeko bi ekitaldiek gorantz baino ez dute egin, denborak aurrera bezala.
400 grina, dantzarako
Euskal Herriko hamaika txokotako nortasuna Tolosako kaleetan bilduko du dantzari txiki egunak. Ehunka neska-mutil elkartuko dira dantzarako, baina, horiekin batera, koordinatzaile, begirale, argazkilari, musikari, sukaldari eta guraso batzordeko kideak ere gogora ekarri nahi izan dituzte Udaberriko kideek, agerraldian: «Guztira, 400 pertsona inguru elkartuko gara neska-mutilen festa ospatzeko».
Plaza Zaharra elkargune dutela, 11:30ean ekingo diote kalejira bikoitzari. Bikoitza, Alde Zaharrerantz abiatuko baitira batzuk, besteek zabalguneko plazak girotzen dituzten bitartean: «Euskal Herri osoko hainbat talde gonbidatu ditugu gurera, herrialde bakoitzeko berezitasunek herria girotu dezaten».
Bide horretan, Hendaiako (Lapurdi) Akelarre dantza taldea, Amurrioko (Araba) Aiara dantza taldea, Lesakako (Nafarroa) Tantirumairu dantza taldea, Atarrabiako (Nafarroa) Idoskia dantza taldea, Getxoko (Bizkaia) Itxartu dantza taldea, Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza dantza taldea eta Oiartzungo (Gipuzkoa) Haurtzaro dantza taldea ariko dira, eskuz esku eta orpoz orpo, Tolosako Udaberri dantza taldeko gaztetxoekin batera.
Talde guztiek Trianguloa elkargune izango dute eguerdian eta, 13:00 inguruan, Plaza Berrirantz kalejira erraldoia abiatuko da, bazkaldu aurretik.
Dantzari berriak hezteko festa ez ezik, talde eta herrialde arteko sareak sortzeko jomuga ere izaten dute halako hitzorduek. Modu horretan, Udaberri dantza taldeak Tolosaldeko zenbait elkarte gastronomikoren laguntza izaten du azken urteotan, bazkari legea egiteko: «Eskerrak eman nahi dizkiegu Gure Kaiola, San Esteban, Iurre, Aiz-Orratz, Aurrera, Urdiña Txiki, Gure Txokoa, Oargi, Txinparta, Ero Etxe, Emendek, Arco Iris-Ortzadar, Ibaiondo, Izaskun eta Lizardi elkarteei, beren laguntza ezinbestekoa baitzaigu».
Goizean kalez kale ibili ondoren, emanaldi nagusia arratsaldean eskainiko du talde bakoitzak, 17:00etan hasita, Plaza Berrian. Aipatzekoa da, eguraldiak lagunduko ez balu, dantzari txikiak Jesuitinetako frontoian elkartuko liratekeela goizez; arratsaldean, berriz, Zerkausia izango lukete estalpe, dantzarako.
Euskal jai zahar-berritua
Gaztetxoenen gozamena amaitutakoan, dantzarako tarterik izango da, oraindik, Tolosan. Izan ere, 20:00etan ekingo diote poteo musikatuari, Agintari kaleko Zumeta tabernan.
Alde Zaharrari dantzan emango diote itzulia, eta 21:00etan jarri dute hitzordua, Zerkausiko afari-legea egiteko: «Hasiera batean taldeko kideak eta lagunak elkartzen zituen festak, gaur egun ia 200 pertsona biltzen ditu, eta gorantz doan ekitaldia da», azaldu dute agerraldian.
Horrela, beraz, ekitaldiari merezitako agurra emateko, afalondoan erromeria izango da Tolosaldeako Zesuma taldearen eskutik; atsedenaldian, berriz, Larrain dantza izango da, bertaratu guztientzat.
Afari txartelak salgai dira jada, 15 euroan, Tolosako Ikatza, Xirimiri eta Orbela tabernetan. Azkenik, deialdi txiki bat ere egin nahi izan dute: «Derrigorrezkoa ez bada ere, euskal jantzi tradizionalekin parte hartzeko deia egin nahi diegu herritarrei».
Dokumentuaren akzioak