Dokumentuaren akzioak
Patxi Perez: “Asmo nuke egunen batean Euskal Aste batera etorri eta dantza tailerrak ematen segitzea euskal etxeetan”
Bidaia berez pribatua bazuen ere, kontaktuan jarri zen Patxi Perez dantzaria Argentinako hainbat euskal etxerekin urtarrilaren 17tik otsailaren 12ra dantza tailerrak eman ahal izateko. Buenos Airesko Ekin dantza taldeko Aitor Alavaren laguntzarekin, bira polit bat antolatu du dantzari lapurtarrak, Buenos Aires hiriburuan hasita Patagonia sakonera iristeko, Necochea, Bahia Blanca, Bariloche, Comodoro Rivadavia eta Comandante Luis Piedra Buenatik pasatuz.
Ibilbidea eginda, pozik agertu da Perez esperientziarekin eta euskal etxeei esker Argentinan bizirik dagoen Euskal Herriari buruzko ezagutzarekin. Hobetzeko gauzak ere ikusi ditu dantzariak eta bere iritzia azaldu dio EuskalKultura.com-i. “Euskaldunberria naizelako, euskara zale naiz eta ikusi dut euskara falta dela. Badakigu ez dela erraza euskararen presentzia bermatzea, baina batez ere Buenos Airesetik oso urrun dauden euskal etxeetan, oso oinarrizko gauzak, euskal etxeko gelen izenak ere, esate baterako, ez dituzte ezagutzen”, adierazi digu Perezek.
“Dantzei dagokienez, atzean geratu dira Euskal Herriari begira. Esango nuke ez dela ezagutzen gaur egungo Euskal Herriko dantza-errealitatea. Dantza zaharrak dantzatzen dira eta, adibidez, Iparraldeko dantzei buruz ezagutza gutxi dago eta erromerietan fandango eta arin-arinez aparte ezer gutxi egiten da. Nik jauziak eta mutxikoak irakatsi ditut, Iparraldean eta Hegoaldean dantzatzen direnak. Uste dut etorri beharko luketela Euskal Herriko irakasleak gauzak eguneratzeko, ikusi ikusten delako dantzariek nahi handia dutela”, emendatu du.
Iritzi kritikoa agertuta, irtenbide batzuk ere proposatu ditu dantzariak. “Dantzekin batera, musika ere eguneratu behar da eta Buenos Airesetik oso urrun dauden euskal etxeetan entzun dut zaila egiten zaiela musika eskuratzea. Hori dela era agindu diet, Agorila nire diskoetxeko CD batzuk bidaliko dizkiedala gaurko musika eta kantak ere ezagut ditzaten. Plazer handiz egingo dut gainera”.
Etorkizunari begira, ez du Perezek Necocheako 2016ko Euskal Astera etortzeko ideia baztertzen. Hala ere, bere bidaia ez litzateke Euskal Astearen aurkezpenera mugatuko: “Hurrengoan Patxi eta Konpainiarekin --talde osoarekin-- etorri nahi nuke, eta beste bira bat egin, klaseak eta tailerrak emanez hala nahi duten guztiei”.
Dokumentuaren akzioak