Dokumentuaren akzioak
Pariseko euskaldunek sorturiko "Makila" dantza ikuskizunak 600 ikusle bildu zituen estrenaldian
Pariseko euskal giroko lagun andana bildu zen iragan urtarrilaren 31n Asnières-sur-Seine-eko antzokira, "Makila" ikuskizunaz gozatzeko. Guztira, 600 ikuslek bete zuten antzokia, Pariseko euskal etxeko kide Arlette Oçafrainek EuskalKultura.com-i azaldu dionez.
Pozik agertu ziren proiektua sortu duten 60 bat dantzari, abeslari eta musikariak, harrera bero hori dela eta. Sustatzaileen artean dira, besteak beste, Hervé Trinquet dantza irakaslea, Mikel Perez musikaria, Gazteria dantza taldea, Biper Neskak ahots taldea eta Gernika abesbatza.
Bi urteko lana
Gazteria duela bi urte hasi zen proiektua lantzen, asteburuetan koreografiak sortzen eta ikasten. Gernika abesbatza uda hasieran batu zen proiektura. Dantzarako jantziak sortzea ere lan nekeza izan da, eta horretan jardun dute jo eta ke Isabelle eta Bruno Garay, Elisabeth Caserta et Joséphine Trinquet jostunek.
"Makila"-ren estrenaldiaren ostean proiektuaren balioespen oso positiboa egiten dute sortzaileek, euren esanetan, "ikuskizunak bilkura garrantzitsu bat sortu duelako Pariseko Eskual Etxean". Euskal etxearekin batera, egitasmoa sustatu dute ere Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak. Proiektua pertsonalki lagundu dute ere Alain Bidot-Naudek (soinua), Pierre Oteizak (buffeta) eta La Biscuiterie Basque (postreak) eta egitasmoa diruz lagundu duten hainbat eta hainbat lagunek (3.100 euro bildu zituen proiektuak crowfunding kanpaina baten bidez).
Dokumentuaren akzioak