Dokumentuaren akzioak
Norenak dira dantzariak?
Obdulio López Uralde artista arabarraren hogei litografia daude Gasteizko Arte Ederren Museoan ikusgai irailera arte. Bertan, euskal dantzariak dira protagonistak, beren janzekerekin. Katximorroa, ezpata dantzaria, zaldikoa, zamalzaina, godaleta eta kantinera. Laguardia, Zaldibia, Oñati, Iruña, Berriz, Lapurdi edota Zuberoakoak. "Oso interesgarria da folklorearen alde lan artistikoa egitea, herrialde bakoitzeko jantzi tipikoak gordetzeko. Oso gutxi geratzen dira eta", aipatu zuen artistak 1948an egindako elkarrizketa batean.
Arte Ederren Museoak 2002an erosi zizkion laminak Donostiako antikuario bati. Eta ordutik, Cristina Armentia eta Ana Arregui adituek aztertu dituzte obrak. Hogei lanek O. Uralde sinadura dute eskuin partean, arkatzez egina beti. Eta hala ere azaltzen ziren 1932ko dokumentu batean. Donostiako San Telmo museoaren zabaltzean "Veinte bailarines vascos-litografía" jasotzen zen katalogoaren parte bezala. Obdulio López de Uralderenak, justu. Normala dirudi honek guztiak. Baina gaur egungo San Telmok, baita Bilboko Euskal Artearen museoak ere, antzeko litografiak dituzte. Eta hauek ez dute Uralderen sinadura, Gonzalo Manso de Zuñigarena baizik.
Espezialista arabarrek, hori bai, litografiak Uralderenak direla defendatzen dute. Eta hainbat arrazoi azaldu dituzte. "Estiloa López de Uralderena da. Garaiko hainbat aldizkaritan argi eta garbi ikusi daiteke. Manso de Zuñigak folklore euskalduna aztertu zuen. Baina ez zen marrazkilari aditua". Dena den, Aita Donostiak 'Txistulan' aldizkarian, 1932an, Zuñigarenak zirela defendatu zuen. "Agian kolaborazio bat izan zen", diote adituek. Manso de Zuñigak, akaso, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako jantzi eta soinekoen xehetasunen ekarpena egingo zuen. Obduliok, berriz, marrazkiak egingo zituen.
Dena delakoa, Arabako Arte Ederren museoan ikusi daitezke hogei obrak. "Obdulio Lopez Uralde, 1896an Gasteizen jaioa, artista polifazetikoa izan zen, eta bere karreran arte diziplina askotan jardun zuen: pintura, marrazkia, ilustrazioa, zeramika eta eszenografia. Bere lehenengo prestakuntza Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan jaso zuen, eta gero Ignazio Diaz Olanoren akademia partikularrean osatu zituen ikasketak. Lehen Mundu gerra hasi zenean, alde batera utzi behar izan zuen Parisera joateko asmoa, eta Madrilera joatea erabaki zuen. Han, margolaritzarekin zuen interesa asetzearekin batera, delineante lanetan jardun zuen hainbat arkitektura estudio eta altzari etxetan. Horiez gain, ilustratzaile lanetan ere ibili zen. Madrilgo esperientziak, ordea, ez zizkion eman berak esperotako emaitzak, eta 1923an berriro Gasteizera bueltatu zen", esan du Foru Aldundiak. "Hemen, marrazkien eta ilustrazioen munduan murgilduta jarraitu zuen, eta bertako hainbat erakunde eta argitalpenen mandatuak jaso zituen. Testuinguru horretan egin zuen, 1932an, gaur aurkezten dugun bilduma hau, Euskal Herrian piztu zen joera baten barruan: arte herrikoia eta folklorea berreskuratzea, galtzeko arriskuan ikusirik tradizioko hainbat usadio eta ohitura".
Arte Ederren Museoan hogei dantzariren inguruko litografiak ikusi daitezke. "Hegoaldeko Euskal Herriko eta Nafarroako eta ipar aldeko Euskal Herriko herri askotako dantzariena", hain zuzen ere. "Erakusketa osatzeko, artistak ilustratutako hainbat aldizkari daude, gehienak Antso Jakituna fundazioari eskatuak", azaldu du Foru Aldundiak.
Gasteizko Arte Ederren Museoan López Uralde artistaren hogei litografia daude ikusgai. / El Correo
Dokumentuaren akzioak