Dokumentuaren akzioak
Makilak dantzan jartzeko ordua
Inauteriak iristerakoan, Amezketan eta Abaltzisketan dantzariak baserriz baserri aritzen dira eskean
Maialen Senperenak musika jartzen die Abaltzisketako Txantxoei eta ohitura honek aurreko mendean izan zituen gorabeherak azaldu ditu: «Bada argazki bat 1933koa, baina gero galduta egon zen. Berriz ere 50eko harmakadan ibili omen ziren, eta 70ko hamarkadan ere, baina bi urte edo hiru urtez, eta gero 1986tik urtero egiten da». Amezketan ohitura 1976an berreskuratu zen eta ordutik urtero egin da.
Makil dantza bat da egiten dutena bi herrietan. Zortzi dantzari aritzen dira, bi ilaratan jarrita, eta etxez etxe joaten dira eskean, etxe edo baserri bakoitzaren aurrean dantza eginez. Egun soinuak jarritako musikarekin dantzatzen da, baina aurretik ziurrena txistu eta danbolinarekin egiten zen.
Inauteriekin bat
Ohituren berezitasunetako bat dantza inauterietan egiten dela da. Abaltzisketan inauterien igandean izaten da, eta Orendain alderako baserrietatik hasten dira, gero herrigunean aritzen dira, eta azkenik Larraitz aldera joaten dira. Amezketan igandean eta astelehenean egiten dute. Igandean Ugarte auzoa, herrigunea eta goiko baserri batzuk pasatzen dituzte. Astelehenean Bedaio aldera joaten dira eta gero herrigunearen inguruko baserriak bisitatzen dituzte.
Bi ohituren arteko ezberdintasun nagusiena jantziak dira, baina horrek azalpen bat du, Artolak azaldu duenez: «Garai batean jantziak oso antzekoak izan behar zuten.
Amezketan 1976an berreskuratu zenean ohitura, eta jendearen parte hartzea bultzatzeko, jantziak sinpleago bihurtu ziren. Mahonezko praka batzuk, alkandora txuri bat, gerrikoa, abarkak, txapela, eta bereizgarriena, kolore biziak duen lepokoa janzten ditugu».
Abaltzisketan praka eta alkandora zuriarekin joaten dira, gerrikoa gorria da, eta abarkak janzten dituzte. Bi sorbaldetatik zapiak janzten dituzte, horia eta gorria. «Ilaran aurrenak dauden bietatik batek kanpokaldetik zapi horia jantzi behar du eta besteak kanpokaldetik painuelo gorria. Eta ilarako hurrengo bikoteak txandakatuz janzten dituzte, eta, beraz, dantza egiterakoan, bakoitzak badaki zein lekutan jarri behar den», dio Senperenak.
Ez dakite jantziak nondik datozen, baina Senpereneak azaldu duenez, orain dela urte batzuk, Txantxoetan dantza aritutako bat Afrikara oporretara joan zenean, Txantxoek janzten dituzten kolore berdinetako zapiak aurkitu zituen. «Ez dakigu nondik datorren, baina han berdinak topatu zituen», esan du Senperenak.
Abaltzisketan badira bi pertsonaia egun Amezketan ez dutenak parte hartzen. Batetik, Mozorro izenekoa dago: aurpegia beltzez margotuta du, erratza ematen du eta mahonezko prakak ditu, eta erratzarekin etxeetako edota baserrietako atariak garbitzen ditu. Bestetik, saskiarekin ibiltzen dena dago, txalekoa jantzita, eta oiloren bat hartzen du nonbaitetik eta saskian eramaten du. Amezketan pertsonaia horiek galdu egin ziren berreskuratu zenean.
Musika ere berdina da oinarrian, ezberdintasuna erritmoan dago: Amezketakoa biziagoa da, eta dantza hiru aldiz errepikatzen dute. Txantxoek, bere aldetik, bialdiz errepikatzen dute.
Izenari dagokionez ere, garai batean berdina zen, biei deitzen baizitzaien txantxoak. «Ohitura berreskuratu zenean, Talai hitza erabiltzen hasi zen gehiago, eta ematen du zerbait ezberdina izango zela, baina lehen garai batean berdina edo antzekoa zen», azaldu du Artolak.
Bi ohiturak berreskuratu eta gero, dantzarien artean belaunaldi aldaketak ere izan dira. Halere, tarteka zailtasunak ere izan dituzte nahi bezainbeste jende biltzeko. Ibai Amondarain Talai dantzariak parte hartzera animatu ditu gazteak, eta batez ere gonbidapena neskei luzatu die: «Ez dira asko animatzen. Esaten dute beste bat animatzen bada, parte hartuko dutela, baina azkenean ez dira etortzen». Izan dira Talai dantzari neskak orain urte gutxi, eta irekita daude nahi duenak parte hartzera, Abaltzisketan bezala. Txindokipean, baserriz baserri, makilekin dantzan aritzeko ohitura aurrera jarraitu dezan da asmoa.
Dokumentuaren akzioak