Dokumentuaren akzioak
Lezoko Nora Fraile eta Oiartzungo Mattin Etxebeste nagusi dantza txapelketetan
Elizalde dantza taldeak antolatutako Soinu Zahar eta Aurresku txapelketako kanporaketan 29 dantzarik parte hartu dute
Guztira 29 dantzarik hartu zuten parte Oiartzungo Soinu Zahar eta Aurresku Txapelketetan: alde batetik, 11-14 urte bitarteko 21 neska, B sailekoak; 6-10 urte arteko 8 mutil (A saila), bestetik.
Dantzarien lana epaitzeko Euskal Dantzarien Biltzarreko Idoia Besada, Nagore Indakoetxea eta Arantxa Ferrero aritu ziren, Estibalitz Iturria idazkariarekin batera. Haien arabera, dantzari irabazleak hauexek izan ziren: Oiartzungo Soinu Zahar txapelketako B sailean: 1. Nora Fraile (Lezo). 2. Maddi Bengoetxea (Lizartza) eta 3. Maialen Mariezkurrena (Elduaien). Aurresku txapelketako A sailean, berriz: 1. Mattin Etxebeste (Oiartzun 2. Oier Galindo (Elgoibar) eta 3. Gorka Izulain (Lezo).
Asier Legorburu Kultura zinegotziak, Andoitz Apaolaza Elizalde Herri eskolako zuzendariak eta Izar Etxeberria Euskal Herriko dantzari txapeldunak banatu zituzten igandeko sariak.
Maddi Nazabal aurkezleak oholtza gainean dantzan aritu ziren neska-mutil guztiak zoriondu zituen, amaieran; izan ere, egindako lana ez baitzen makala izan eta maila altua zutela erakutsi zuten. Txistularien lan bikaina ere goraipatu zuen, haiek gabe ez baitzegoen txapelketarik. Elorsoroko harmailetan bildu ziren ikusle-entzuleek txalo zaparradarekin eskertu zuten denen eginahala. Bukatzeko, irabazleek agurra eskaini zuten.
Nora Fraile eta Mattin Etxebeste dantzariak Idoia Berasarte eta Lorena Zalakain dantza irakasleekin. / GOIZARIN
Dokumentuaren akzioak