Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jose Ignacio Ansorena: ‘Kaldereroak: kontu batzuk’

Dokumentuaren akzioak

Jose Ignacio Ansorena: ‘Kaldereroak: kontu batzuk’

Jose Ignacio Ansorena, udal txistulari bandako zuzendaria.

AnsorenaHungariako Kaldereroen Konpartsa, azken urteetan, Danborradak egindako bidetik, Donostiako auzo guztietara zabaldu da, baita Gipuzkoa eta kanpoko hainbat herritara ere. Jatorrizko abesti gehienak gaztelaniaz sortu ziren, testu horien egilea jatorriz erdalduna baitzen, Cadizeko Jerez de la Fronteran jaioa 1843 urtean: Adolfo Comba y Garcia.
Egilea
Jose Ignacio Ansorena
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Mota
Iritzia
Data
2015/01/31
Lotura
Irutxuloko Hitza

Ingeniari agronomoa, 1881 urtearen inguruan Donostiako Arte eta Lanbide Eskolara irakasle etorri zen eta berehala bertako sentitu eta donostiarren giroan erabat murgildu. Euskaraz ere moldatzera iritsi zen, gure birramona Jenerosari kasu eginez gero. Raimundo Sarriegirekin ere adiskidetasun ona izan zuela badakigu. Agian Donostiako karnabalak uste duguna baino gehiago zor dio Andaluziako iñauteri tradizio bromoso eta bizia txertatu zion gizon honi.

1897ean, arrazoi profesionalengatik, Madrilera bizitzera joan behar izan zuenean, Donostiako Udalak egindako ekarpenengatik esker oneko gutuna bidali zion eta berak, besteak beste, honela erantzun: «…no puedo menos de manifestar a esa Excma. Corporación mi profundo agradecimiento por las lisonjeras e inmerecidas frases que me dedican que jamás olvidaré, puesto que lleno de buen deseo y amante de la clase obrera, he procurado solamente cumplir siempre con mi deber; viviendo eternamente en mi memoria el grato recuerdo de esa encantadora Ciudad y sus nobles hijos, y el del para mi siempre venerado solar guipuzcoano (sic)».

Aurrekoan Raimundo Sarriegi eta Serafin Barojaren memoriaren errespetua aipatzen nuen. Oraingoan Adolfo Combarena ekarri nahi nuke gogora. Azken urteetako berrikuntzetan zabaldu da hainbat lekutan gaztelaniaz sortutako abesti horiek euskaraz kantatzea. Ez zait egokia iruditzen. Sarriegiri bezain beste zor zaio Adolfo Combari tradizio horretan eta eurek sortu bezalaxe kantatzea da horren oroimena ongi zaintzeko erarik egokiena. Areago, gaztelaniaz hitzek sorkuntzaren garaiko kutsua dute, ongi lotzen dute tankera bromosoa eta poetikotasun xaloa, eta ezin hobeto uztartzen dira musikarekin. Euskarazko bertsioa alde guzti horietatik, ordea, oso eskasa da, akats gramatikal eta guztiz.

Kaldereroetan badugu euskarazko alea, bakarra baina zoragarria, Begi urdin bat, Biktoriano Iraolaren benetako perla, Sarriegik ere musikatua. Hori zaindu beharko genuke eta ongi abestu oraingo gehienetan ez bezala:

1

Famaren hotsak goititutzen du
merezi duben herriya,
zeru txiki bat dirudiyena,
hala da gustagarriya.

Lehengoko zaharra, txukun-txukuna,
eder alaya berriya,
etzaigu penik beñere juango
lenago ez etorriya (bis)

2

Begi urdin bat begira dago
algaraz leyo batetik.
beste beltxaran tentatzallea
txeletan berriz bestetik.

Txoramen habek maite ditugu
biyotzan erdi erditik,
ez gera juango, hoyek lajata,
geyago Donostiyatik (bis).

Ez gera juango ez, gu Donostiyatik!

Aukera ere badago Kaldereroentzako abesti berriak sortzeko. Betoz horiek euskaraz, baina euskara egoki, umoretsu eta txukunez.

Ez euskaraz (sarrera koskorra badu, baina nagusiak kantatzen zuen eta aspalditik ez da egiten), ezta gaztelaniaz ere Hungariako Kantua dugu, jatorrizko paperetan ezarritako izenpuruari kasu eginez gero. Makina-bat jestio egin dut hitzen esanahi zehatza argitzeko, baina ez da modurik izan. Hungariera edo magyarrera ez da inondik ere, Hungariako zinpeko itzultzaile ofizialek ziurtatu didate. Hauek aleman traza ikusten zioten, oso urrutikoa. Horretan ere ahalegin nahikoa xahutu dut.

Baina kontsultatu ditudan fidatzeko moduko guztiak (aleman hainbat tartean) bat datoz: alemanezko hitz batzuk izan arren, beste batzuk ez dira ulertzen eta ez du joskera logikorik ere.

Ziur aski, Donostiatik garai hartan igarotzen ziren hungariar (benetan auskalo nondik zetozen) ijito haiek euren aleman berezia erabiliko zuten (egun hemengo ijitoen artean gaztelaniarekin gertatzen den bezalaxe). Haiengandik ikasitako hitz batzuk abiapuntu hartuta, Adolfo Combak nahaste-borraste hau sortuko zuen. Barre ederrak egingo zituzkeen jakin izan balu sinplekeria hau argitzeko zenbat buelta eman ditudan hainbeste urteren ondoren.

HUNGARIAR KANTUA

Alanbratzekorik
guretzat nork du?
Nork du, nork du?

Nach geta mer nach1,
geta mer nach.
Nach geta mer nach.

Arbeit, asfreit,
ist gut ruhen singelin.
Arbeit, asfreit,
ist gut ruhen singelin (bis).

Est mur ser lunch.
Est mur ser lunch.
Frais ken, for len,
wolmiach on men (bis).

Testu honetan ba omen dira egungo alemanez esanahia duten hitz batzuk: nach  (geroago), mehr (gehiago), arbeit (lana), frei (librea), ist (da), gut (ongi, ona), ruhen (atseden hartu), singen (abestu), eta sehr (asko). Eta, fantasia nahikoa jarrita (zuzena izateko horrelako zerbait beharko omen luke: Von der Arbeit befreit ist es gut zu ruhen und zu singen), bigarren paragrafoa honela itzul liteke: Lanaren zamatik libre, ona da atseden hartzea eta kantatzea.

http://irutxulo.hitza.eus/files/2014/01/Ansorena.jpg

Dokumentuaren akzioak