Dokumentuaren akzioak
Jon Vallejo: "Errutina artistaren heriotza da"
Dantzaria
BERE amarengandik eta ume-umetatik datorkio dantzarekiko zaletasuna Jon Vallejori (Donostia, 1985). Gaztea bada ere, txapela kentzeko moduko ibilbidea egina du honezkero. Euskal Herriko dantzari askoren lehen gidari izan den Mentxu Medelen eskutik izan zuen dantzaren munduarekin lehen harremana, 1990eko hamarkadan. Urteak aurrera, dantzaren bidetik jarraitzea erabaki zuen, ordurarte dantzarekin partekatzen zituen beste afizioak alboratuz. Euskal dantzari askoren pausoak jarraituz, Madrilera abiatu zen bere teknika hobetzera, eta handik Europara egin zuen jauzi. Gaur egun, Dresdeko Operako Baleteko dantzaria da.
Mentxu Medelen eskolan eman zenituen dantzaren munduan aurreneko urratsak. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Oso garai polita izan zen. Ni orduan maitemindu nintzen dantzarekin, eta hori Mentxuri berari zor diot hein handi batean. Berak irakatsi zidan dantza maitatzen eta dantzaz gozatzen. Irakasle handia izan da niretzat, ez bakarrik dantzaren ikuspegitik, baita personalki ere, bizitzarako baloreak transmititu zizkidalako. Mentxuren akademiatik jende on asko igaro da nire aurretik: Jone San Martin, Urtzi Aranburu, Lucia Lacarra, Iker Murillo… Ibilbide oparoa egin duen dantzari asko.
Dantzari –eta orohar artista– askorentzat Madril izan ohi da bigarren eskola. Zu 14 urterekin joan zinen bertara. Gogorra izan zen pausoa ematea?
Egia esan, bai. Carmen Rocheren eskolara joan nintzen ikastera, oraindik ume bat nintzela. Urrats ausarta izan zen, amildegiaren ertzean jauzi egin eta noiz eta nola lur hartuko nuen ez nekielako. Dena dela, neukan ilusioa, motibazioa eta esperientzia berri bat bizitzeko gogoa beldur eta ezjakintasuna baino handiagoa zen. Orain ohartzen naiz, atzera begiratuta, zer nolako ahalegina izan zen niretzat eta nire familiarentzat.
Asko zor diot familiari, nigan eduki duen konfidantzagatik eta urte guzti hauetan nire ametsa gauzatzeko eman didan babesagatik.
Dantzari profesionaloi azkar heltzea exigitzen zaizue. Hori da gainditu beharreko zailtasun handienetakoa? Egia da gure adineko beste asko baino azkarrago bizi behar izaten dugula, eta ez da erraza. Nire kasuan, behintzat, 14 urterekin etxetik joatea ez zen gozoa izan. Baina modu profesionalean diziplina askotan gertatzen da hori, kirol arloan, adibidez. Batzuek asko sufritzen dute, eta sentsazioa izaten dute bidean gauza asko galtzen dituztela. Nik, hala ere, ez dut inoiz sentsazio hori izan. Gauza desberdinak bizi izan ditut, eta asko eta asko dantzari esker.
Noiz sentitu zinen aurreneko aldiz dantzari profesional?
Ez dakit zehazki noiz sentitu ahal zaren profesional; suposatzen dut paper baten idatzita doala hori. Dantzari bezala, 2003. urtean sinatu nuen nire aurreneko lan-kontratua. Hala ere, hori baino lehen ere dantzaria nintzen, bai behintzat dantza nire bizimoduaren erdigune bilakatzen den unetik. Zure ibilbidean sari asko eskuratu dituzu; besteak beste, Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkartearen Errebelazioa Saria jaso zenuen 2010ean; sari hau lortu duen dantzari gazteena.
Ohore bat, eta, batez ere, bultzada handia da norbaitek zure lana errekonozitzea. Jarraitzeko motibazioa eta indarra ematen dute sariek, hori da garrantzitsuena.
Egiten duzuna edozer dela-ere, ona da baloratua izatea, jakinda beti daukazula zer ikasi eta zer hobetu. Niri sari horrek sekulako ilusioa egin zidan, baina baita bidean etorri diren beste guztiek ere.
2006az geroztik Dresdeko Operako Baleteko dantzaria zara. Gustora ari zara?
Niretzat amets bat da hemen egotea; zorte handia dut nire ibilbide profesionala hemen garatu ahal dudalako. Ahal dudan bitartean hemen jarraitu nahiko nuke, beti ere nire bizitza profesional eta pertsonalaren artean oreka bat mantentzea lortzen badut. Dena hartzen dut kontuan, ez lana bakarrik, eta dantzan ez nagoenean egiten dudanari ere garrantzia ematen diot. Denbora asko ez dut izaten, baina saiatzen naiz denbora ateratzen lagunez, hiriaz eta afizioez gozatzeko.
Dantzariena bizimodu sakrifikatua dela esaten da. Oso diziplinatua izan beharra dago?
Autodiziplinatua izatea ezinbestekoa da ofizio honetan, sarritan horrek markatzen du bi dantzarien arteko diferentzia. Egia da dantzaren mundua oso sakrifikatua dela, zer esanik ez profesionala zarenean, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Bi aldeak landu behar dira egunero.
Gogorra dirudi. Inoiz pasa zaizu burutik dena bertan behera uztea?
Egunero. Baina, era berean, egunetik egunera gehiago maite dut dantza; dantzatzea arte moduan, eta ez ofizio moduan, esan nahi dut. Errutina artistaren heriotza da, eta lanak errutina bihurtzeko arriskua dauka. Egia da denboraldi batzuetan nire bizitza lanera soilik mugatzen dela. Beharrezkoa bada, egunero 14 orduz entsaiatzen dut, astelehenetik igandera, lo egin eta hurrengo astean berdin... Sasoi batzuetan ez dut bizitza sozialik izaten. Mundua aurrera doan bitartean, niretzat egunak pasatuko ez balira bezala izaten da. Baina hauxe da nirea, zer egingo diogu!
Trukean zerbait jasotzen duzun seinale. Zer ematez dizu dantzak?
Asko. Nire burua adierazteko bide bat da, hitzez edo gestuen bidez adierazi ezin dudana azaleratzeko modua. Sekulakoa da, brutala, dantzatzean sentitzen dudana; barru-barrutik ateratzen den zerbait da, publikoarekin kontaktuan ez-ezik neure buruarekin ere harremantzeko balio didana.
Dantzaren bidez hitz egiten duen aktorea zarela esana duzu.
Azken finean, dantzariok aktoreak gara. Ni neu aktore sentitzen naiz oholtzan, baina gorputzarekin hitz egiten dut. Horrek exigitzen dizu zure gorputza primeran ezagutzea. Normalean badakizu noraino irits zaitezkeen, zeintzuk diren zure mugak; baina, batzuetan, zure mugak gainditzen dituzula ikusten duzu, eta harritu egiten zara.
Oholtzak deskribatu ezin diren esperientziak eskaintzen ditu. Beti ez da erosoa; oso harreman pertsonal eta intimoa da dantzariaren eta oholtzaren artekoa. Beldurra ez, baina errespetua ematen du.
Formazio klasikoa jaso zenuen. Beste genero batzuk ere landu dituzu?
Nire formazioa klasikoa izan da, baina gaztetatik gaur eguneko koreografoekin lan egiteko aukera izan dut eta horrek asko ireki nau mentalki. Ez nintzateke dantzari klasiko moduan definituko. Gaur egun, eta dantzaren munduak bizi duen egoera ikusita, zure burua sailkatzeak eta mugatzeak ez du zentzurik. Oraingo dantza konpainia gehienek eskaintza anitza izaten dute, eta gero eta egoera anitzagoetara moldatzeko gai diren dantzariak nahi izaten dituzte. Gaur egun ezin da aterik itxi.
Konpetentzia asko nabari duzu zure inguruan?
Konpetentzia ikaragarria da, bai eskola onenetan sartzeko eta, zer esanik ez, lan bat lortu eta dantzatik bizimodua ateratzeko. Oso zaila da leku bat egitea, eta are gehiago orain, dantzari kopurua dauden lan aukerak baino askoz handiagoa denean.
Zuk zure herria utzi behar izan zenuen dantzan jarraitu ahal izateko. Egoerak berdintsu jarraitzen al du?
Zoritxarrez bai. Lehenik Euskal Herritik eta gero Espainiatik alde egin behar izan nuen. Esango nuke gauzak okerrera egin dutela azken urte hauetan. Jendeak sekulako ahalegina egiten du, baina ez dago inongo babesik eta laguntzarik instituzioen partetik. Eta, hala ere, jendeak hor jarraitzen du, ez du etsitzen. Hori benetan txalotzekoa da.
Sekulako talentua eta harrobia dago, baina tamalez hemen ezinezkoa da bidea egitea. Oinarrizko dantza eskolek oso lan ona egiten dute, baina hortik gora sekulako hutsunea dago, ez dago mediorik.
Dena den, dantzarena ez da herri honetan babesa jasotzen ez duen arlo bakarra. Kultura, orohar, ahaztuta eta alboratuta daukagu erabat, eta benetan penagarria da. Kultura herri baten oinarrizko elementua da, jendearen alde emozionala elikatzen duelako. Tamalez, Kulturak gaur egun betetzen duen lekua bete beharko lukeenetik oso urrun dago.
Alemanian bestelakoa da dantza profesionalak bizi duen egoera?
Alde handia dago. Ez dantzaren alorrean bakarrik, kulturaren aldeko jarrera da oso bestelakoa, orohar. Ezin dut Europa osoaz hitz egin, baina Alemanian, adibidez, 80 antzoki baino gehiago finantzatzen dira diru publikoarekin. Antzoki hauek, jende askori lana emateaz gain, milioika pertsonen kultur egarria asetzen dute. Eta aretoak ia beti beteta daude. Guzti honen inguruan ez nuke jakingo ezta nondik hasi ere nire sentsazioak deskribatzen.
Baletean eta dantza klasikoan are larriagoa da egoera?
Uste dut baietz. Munduan sakabanatuta bidea egiten ari diren balet dantzari euskaldunak daude, baina ez dago euskal baletik, eta egon beharko litzateke. “Euskal balet dantzariak munduan” izeneko saio bat eginez gero, kapitulu pila bat aterako lirateke, hori ziur.
Dokumentuaren akzioak