Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jauzi baterako lehen notak

Dokumentuaren akzioak

Jauzi baterako lehen notak

Errenteriako Eresbil musikaren euskal artxiboa dantzari buruzko dokumentazioa biltzen hasi da. Berrogei urte igaro dira musika partiturak jasotzen hasi zenetik; dagoeneko 220.000 dokumentu baino gehiago ditu. Herritarrek eurek egiten dituzte ekarpenak, eta aldi berean erabiltzaile dira.
Egilea
Maite Alustiza
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/02/20
Lotura
Berria
Mauletik Madrilera. Madril-Kanariak. Kanariak-Errenteria. Jean Dominique Julien Salaberri Zuberoako abokatuaren kantu bildumak egindako bidaia da, sortu zen tokitik Eresbil musikaren euskal artxibora iritsi arte. Hango eta hemengo, 220.000 dokumentutik gora jaso dituzte artxiboan dagoeneko. Musika oinarri hartuta, beste urrats bat egin du orain Eresbilek: dantzari buruzko dokumentazioa biltzen hasi dira.

 

Harreraren alboko geletako batek hartu du dantzaren gunea. Dantza tradizional, herrikoi eta garaikideari buruzko informazioa jasotzen dabiltza. Liburuak eta dokumentuak dauzkate apaletan sailkatuta, baina ez horiek bakarrik. "Eusko Jaurlaritzak zituen bideoak ere geureganatu ditugu, eta digitalizatzen hasi gara", dio Jon Bagues Eresbileko zuzendariak.

Dantzaren sektoreak dokumentazio gune baten beharra zuela eta, haiengana jo zuten duela bospasei urte. "Krisi garaian gaudenez, erakunde berri bat sortzea ez zen posible ikusten, eta Jaurlaritzak galdetu zigun ea zer edo zer egin genezakeen". Horrela, gutxika dantzari buruzko liburutegi bat osatzen joatea bururatu zitzaien, eta, hala, "dantza munduarekin kontaktuan egotea". Gipuzkoako Foru Aldundiak gidatuta eta Dantzagunearekin lankidetzan jarri dute martxan. Fisikoki Errenterian egon arren, Interneten bidez ere dokumentazio hori hedatzea dute helburu.

Dantza edo musika izan, oro har Euskal Herria eta musika kontzeptuak uztartzen dituen edozein dokumentu jasotzen saiatzen dira Eresbilen. Berrogei urte daramatzate zeregin horretan. Batez ere musikagileen partiturak bildu dituzte urteotan, baina baita horren inguruan sortzen diren beste zenbait dokumentu mota ere. Lehena, soinua. Euskarri guztietan eta denboran zehar egin direnak sartu dituzte bilduman: grabaketak dituzte argizarizko zilindroetan, pianolako bilkarietan, LPetan, CDetan... Horrekin batera, musikari buruz idazten dena ere jasotzen dute; izan liburuetan, aldizkarietan... bai eta programak, kartelak, prentsa mozketak... "Nukleo kontzentrikoka jokatzen dugu Eresbilen; euskal musika da barruko nukleoa, eta, kanpora begiratuz, geografikoki zabaltzen doa: Espainiakoa, Frantziakoa, Europakoa eta mundu osokoa".

Kutxa ilara batek hartua du lurra beheko solairuan. Biltegia da. Dokumentuak hara iristen dira, eta, lehenengo eta behin, ikusi eta sailkatu egiten dituzte. "Sartzen dugun guztia ez dugu gordetzen; lehenengo begiratu behar dugu ondo dagoen, askotan kopia asko egoten dira...". Kopia horiek, bota baino gehiago, beste erakunde batzuei ematen dizkiete.

Jotak eta tangoak ageri dira apaletan sailkaturiko diskoetan; Herri Irratiaren fonoteka ere han dago. Baguesek dioenez, funts batzuk oso handiak izaten dira, eta "denbora asko" behar izaten da horiek tratatzeko. Inbentarioa eta katalogazioa egiten dute gero.

Paperezko dokumentuak gordetzen dituzte batetik, eta ikus-entzunezkoak bestetik. Bietan, funtsak zati garrantzitsua dira; 160tik gora dituzte: "Hasieran, partiturak solteka jasotzen hasi ginen, baina berehala joan zitzaizkion Jose Luis Ansorenari [Eresbilen sortzaileari] hildako musikarien senideak, haien dokumentuak eman nahi zituztela esanez. Funts horietan ez dago beraiek egiten zuten musika bakarrik, baizik eta erosten zuten musika, entzuten zutena... Fisikoki ere horrela mantentzen ditugu". Norbanakoen funtsak ez ezik, erakundeenak ere badituzte. Ikus-entzunezkoetan, adibidez, Diaz & Cia Donostiako argitaletxearen partiturak dituzte: "Denda itxi zutenean han zituzten partitura guztiak bildu zituzten, eta guk erosi genuen".

Musikagile izan gabe ere, herritarrak ere joaten zaizkie tarteka. Eskutitzak, disko zaharrak... askotariko formatuetan iristen zaizkie edukiak. "Jendearen eskuzabaltasuna aipatzekoa da. Normalean esaten diegu ez diegula ziurtatzen dena gordeko dugunik; interes oso handikoa ez bada, errepikatua badago... Baina asko eskertzen dugu".

Zaharrena, XIII. mendekoa

Eresbileko dokumentu gehienak XX. mendekoak dira, eta denboran atzera joan ahala, gero eta zailagoa da horiek eskuratzea. "XIX. mendekoak noizbehinka etortzen dira; XVIII. mendekoak zailagoak dira, baina duela urte batzuk Markinako etxe bateko funts txiki bat iritsi zitzaigun, hainbat dokumenturekin". Eresbilen aurki daitekeen dokumenturik zaharrena, berriz, XIII. mendekoa da: pergamino orri bat. "Liburu zahar bat estaltzeko erabili zen, azal bezala. Horrelako orrietan musika zegoen askotan". Paperezkoen artean ere, beste dokumentu bat aipatu du Baguesek: 1705eko gabon kanta bat, "euskaraz idatzitakoen artean datatua dagoen dokumentu zaharrenetako bat".

Ikus-entzunezkoen atalean ere bitxikeriak badaude. 1940tik 1970era Viktoria Eugenia antzokiko zuzendari izandakoaren funtsak, adibidez, Giuseppe Verdi musikagilearen Rigoletto-ren bederatzi bertsio jasotzen ditu.

Isilik dago kontsulta gela; lasaitasuna da nagusi. Eresbilen dituzten dokumentuen jatorria bezain ezberdina da kontsulta egitera doazenena. "Lehen bezeroak" musika arlokoak dira, Baguesek dioenez: koru zuzendariak errepertorioa berritzeko partituren bila doaz, bandak, orkestrak, musikariak... Horiekin batera, "kopuruan murritzagoak baina garrantzitsuak", ikerlariak, euskal musika ikertzen ari direnak. Eta baita erakundeak ere. "Adibidez, BERRIArekin elkarlana egin genuen Badok atarirako; irudiak guk ditugun diskoenak dira".

Dokumentu bat kontsultatu nahi duenak hara joatea besterik ez du. Hori bai, liburuaren edo dena delakoaren mailegua egin beharrean, edukiarena egiten dute: "Liburutegi publikoetan liburuak puska daitezke, erabileragatik, eta ahal bada liburu horrekin errepikatzen dute edo gai horretaz beste liburu bat sartzen dute. Gu, ordea, ondarezko erakunde bat gara, eta liburuak ahalik eta gehien irauteko daude hemen". Webgunearen bitartez ere, gero eta dokumentu gehiago zintzilikatzen ari dira.

Azken hamarkadan %40 igo da Eresbilek jaso dituen dokumentuen kopurua.

Azken hamarkadan %40 igo da Eresbilek jaso dituen dokumentuen kopurua. Jon Urbe / Argazki Press

Dokumentuaren akzioak