Dokumentuaren akzioak
Inauteriak ospatzeko dena prest Lizartzan
Gero, herriko antzerki taldeko kideek prestutako lana ikusteko aukera izango dute pilotalekura hurbiltzen direnak. Azken urteetan, primerako antzezlana eskaini ohi dute lizartzarrek.
Gero, Otsolar dantza taldekoen txanda izango da. Hauek ere, urtean zehar Lurdes Esnaola eta Eneko Arteagarekin ikasita eta hobetutako dantzak eskainiko dituzte. Txikienek euren saioa prest dute jendeaurrean eskaintzeko, eta nagusiek ere entsaiatzen aritu dira gogotik. Aurten, Garazi Esnaolak azaltzen zuenez «Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldeko kide batzuk ere bertan izango dira dantza batzuk eskaintzen lizartzarrekin batera».
Arratsalderako, berriz, kantu poteoa antolatu dute Lizartzan inauterietako lehen asteburuan.
Aurretik, ostegunean, inauterietako argazki proiekzioa izango da. Aurtengoan berrikuntza moduan, argazki lehiaketa antolatu dute lizartarrek. Parte hartu nahi duenak, iazko Lizartzako Ihauterietako argazkiak bidali behar ditu otsolardantzataldea@gmail.com helbidera, urtarrilaren 31 baino lehen. Jasotzen diren argazkiak, Otsailaren 5ean arratsaldeko 19etan gunean egingo den 'Ihauteriak 2014 iruditan' argazki proiekzioan erakusgai izango dira. Horrez gain, parte har-tzaileen artean igandeko herri bazkarirako bi txartel zozketatuko dira. Beraz, herritar guztiak animatu nahi dituzte iaztik gordeak dituzten argazki horiek atera eta lehiaketan parte hartzera.
Inauteriak, egun bereziak
Inauteriak dira Otsolarrentzako antolatzen dituen «egun berezienak, egitaraua antzekoa izaten da urtero, baina berezitasunak izaten ditu, pasa den urteko inauterietako berrikuntzak kantu poteoa eta Galdakaoko bideo emanaldia izan ziren» azaltzen dute lizartzarrek. Diotenez «lehenengo asteburua, herrian inauteri giroa pizteko izaten da, asmo horrekin, kantu poteoa egin genuen, Lizartzako inauterietako abestiak gogoratuz eta abestuz. 1985eko irailaren 15ean Lizartzako dantzariek Galdakaon dantzatu zituzten ihauteri dantzak, eta ekitaldi horretako bideoa ikusi ahal izan genuen otsailaren 20an».
Berrikuntzez gain, «aurten ere ohikoak diren dantza emanaldiak ikusteko aukera ere izan genuen, lehenengo asteburuko larunbatean eta baita bigarren asteburuko igandean ere».
Puska bilketa
Lizartzarrek bildutako datuen arabera «puska biltzeko ohitura ain-tzinakoa dela esaten da, zehatz mehatz jakiterik ez dago, baina inauterietan egiten denaren antzeko ibilaldia egiteko ohitura ezagutu dute urteetan aurrera doaztenek». Esan ohi da «festa giroa alaitu, herri guztiari festaren berri eman, gonbitea pasa, elkarretaratu, solaserako tartea hartu konturatu gabe askotarako balio du puska biltzeak».
Lizartzan «puska biltzeko ohitura oso errotua egon zen. Dirua eta jakia biltzeko nagusiki eta gero otorduak egiteko, disfrutatzeko, elkartasuna adierazteko, ospatzen den egunarekiko atxikipena adierazteko, eskean dabiltzanak eta etxekoak harremanetan jartzeko. Antzinako inauterietan gastuak ordaintzeko beharrezkoa zuten, beren poltsikotik ordaintzen zituzten Inauteriak egiteko izena emandako gazteak soinujolea, ardoa, jatekoa etab. Bi Ermandade arduratzen ziren dirua bildu eta gastuak ordaintzeko».
Ohitura honen inguruan, Juan Garmendiak nabarmentzen du «Santa Agedatan kantatzen diren koplatan 'legearekin kunpli dezagun' kantatzen dela, eta gauza jakina dela Foruak ohituretan oinarritutako legeak zirela, beraz, foruak baino zaharragoa dela puska biltzea. Gureganaino ahozko transmisioz iritsi zaizkigun berriek diote gure gurasoek 1900. urte inguruan Astelehenitaz dianaren ondotik egiten zutela puska biltzea. Bi zaldunak, dantzarien jantziekin baina mantoi gabe, orratzik eta erraztunik gabe, urrutieneko baserrietaraino joaten ziren. Felix Barriola Maritxalar zenaren hitzetatik hartuta ezagutzen dugu zaldizko hauen ibilera bat: 1930 inguruko inauterietan elur handia zegoela eta arrautzez beteta zutela zaldia lurrera erori zela, baina zorte onez ez zela arrautza bat bera ere hautsi (arrautza gogorrak egiten zituzten oiloak orduan) Dantzariek, txistulari eta atabaleroarekin eta kamareroak, beste etxeetako ateak jo-tzen zituzten. Atarian, kapitainak, dantza sailetik berak nahi zuena dantzatzen zuen. Etxeetan ematen zieten gutxienez dozena arrautza. Eta txerria hil berria bazen, txorixoa eta xolamua ere bai. Gaur egun ere baserrietan eskuzabal azaltzen dira baina, ikusten denez ohitura hori lehen ere horrela izaten zen Kale etxeetakoak dirua ematen zieten eta ematen dute gaur egun ere, kamareroak ziren poltsero eta puska eramaile» gogoan dute.
Karroza, ijitoa eta moxorroak
Kaleko puska biltzean, «karroza edo galera izeneko gurdi baten gainean ibiltzen zutela inauterietako janzten zuten alkate ordea. Mutilek beraiek ibiltzen zuten galera edo karro hori, batzuek bultza eta, besteak tira. Zaldidun eta dantzarien eskeari eran-tzuten zieten etxe jauna edo seme zaharrena Asteartitako bazkarira gonbidatua izaten zen, bainan ez zen doakoa izaten, baizik eta 5 pezeta ordaintzen zuten. Bazkaria garbantzuak eta aurrez hildako txekorra izaten ziren, gaur egun egiten dugun bezala» diote.
Lizartzako inauterietan ez ziren mozorroak faltatzen, «hauek Astelehenitaz eta Asteartitaz ateratzen ziren, ezkonduak nahiz ezkongabeak izan zitezkeen eta puska biltzea ere egiten zuten, baina Ihauteri giroan erabat trakets eta ustekabekoan. Felix Barriolaren esanetan dozena erdi bat koadrila ibiltzen ziren emakumez edo ijitoz etab. mozorrotuta, eta hauetako kide bati (.izenekoa) 'ipurtaundi' deitzen zioten eta elur asko zegoenez galtzak jaitsi eta elurretan eseri zen eta neurtzen aritu ziren, 45 zm neurtzen omen zuen ipurdiak. Beste batek patata batekin egindako erlojua zeraman eta lurrean eseri eta 'Roncalesa' gerarazi zuen. Ikusten denez umorea eta festa girorik ez zen falta izaten puska biltzeko ekitaldian. Egun ere, gazteek dantzari nahiz mozorroek ongi pasatzeko aukerarik ez dute galtzen puska biltzeko aitzakian».
Otsolar dantza taldeko kideak udaletxe aurrean dantzan inauterietan. / BELAUNTZARAN
Dokumentuaren akzioak