Dokumentuaren akzioak
"Gizartean aurkitu dezakeguna aurkitu dezakegu dantzan, lehen eta orain"
Genero bereizketa betidanik egon da dantza tradizionalean?
Dantza tradizionala gizartearen adierazpen bat da. Beraz, gizartearen isla besterik ez da. Gizartean aurkitu dezakeguna aurkitu dezakegu dantzan, lehen eta orain. Historiari begiratuz gero, ikusten dugu momentu batzuetan beste batzuetan baino jarrera zurrunagoak egon direla generoaren gaiarekiko. Berdintasunaren ikuspuntutik, garai batzuk lasaiagoak izan dira eta beste batzuk zailagoak. Hala ere, emakumearen parte-hartzea dantzan uste duguna baino zabalagoa, ohikoagoa eta arruntagoa izan da, nahiz eta ia garai guztietan borrokatu behar izan duen debekuen eta plaza publikoa monopolizatzeko gizonezkoek eginiko ahaleginen kontra. Eraiki dugun mutil dantzariaren irudia aurkaritza horretatik abiatu da.
Ezpata dantzarien eta 'hilanderen' bereizketa gaur egun ere egiten da?
Poxpolinak XX. mendean asmatu ziren, hain zuzen ere, ordura arte mutilek betetzen zituzten dantzen ondoan emakumeentzat espazio bat sortzeko. Ondorioz, dantzarako bi estereotipo eta bi eredu, bi ibilbide eta bi jantzi sortu dira. Eta, gaur egun, toki askotan hortxe dugu arazo latza. Hau da, dantza asko mutilekin identifikatzen dira, baina dantza horiek dantzarien dantzak
dira. Eta ez du zertan emakumeen zein gizonen dantza izan.
Durangaldean, gizonezkoen Ezpatadantzari Egunari gehitu zaio Dantzaroa.
Dantzaroak eredu bat erreproduzitzen du, baina ez dio arazoaren muinari kolpe egiten. Eremu estankoak markatzen ditu, nahiz eta parte hartzen duten askok kontrakoa pentsatu; hau da, emakumeek berdintasunean dantzatzeko aukera bat dela. Praktikan kontrakoa da, emakumeari adierazten dietelako euren esparrua zein den, ez dezaten muga gurutzatu.
Iurretako Urrixenan aurten emakumeek ere parte hartu dute.
Gauza bera da. Parte hartzen hasi dira, baina zertan? Aitortuak zaizkien dantzetan; gorularien estanpan eta erregeletan orain urte batzuk aitorpen bat egin zelako. Ez euskaldunon hitzari eta bideari esker, baizik eta kanpotar batek, Humboltek, orain berrehun urte esan zuelako emakumeak sokadantzan ikusi zituela Iurretan, eta ebidentzia horren aurrean onartu behar izan zuten emakumeek ere dantzatu zitzaketela erregelak. Humboltek ez zituenez neska ezpata dantzariak aipatu, eremu hori ez da planteagarria. Horrela, Urrixenan badakite emakumeak zertan dantzatu daitezkeen: zinta dantzan, arku dantzan, gorularien estanpan eta erregeletan. Ba ote dago inolako arrazoirik emakume batek ezpata dantza edo dantzari dantza ez egiteko?
Barikuko ANBOTO astekarian elkarrizketa osoa
Dokumentuaren akzioak