Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gauzak konkistatzen ohituak gaude, eta ez geure buruaren jabe egiten»

Dokumentuaren akzioak

«Gauzak konkistatzen ohituak gaude, eta ez geure buruaren jabe egiten»

Wilfried van Poppel eta Amaya Lubeigt. Dantzariak

Europako dantza konpainia onenetan arituak dira lanean, Alemanian eta Herbehereetan; egun, gazteen rolak aldarazteko eta nork bere gaitasun eta izaerak sendotzeko tresna moduan darabilte dantza.
Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/02/19
Lotura
Berria

Dantza komunitarioaren kontzeptua zer zen ez zekien Wilfried Van Poppelek (Utrecht, Herbehereak, 1958) 1990eko hamarkada hasieran bere herrialdeko institutuetan dantza irakasten hasi zenean. «Bost-sei astez koreografia bat osatzen nuen gazteekin. Ez zuen inporta dantza egiten ez bazekiten». Gero, Alemanian, dantzari profesional gisa lanean ari zela, Royston Maldoom koreografo ingelesa ezagutu zuen: «Hark erabiltzen zuen dantza komunitarioa kontzeptua. Besteak beste, espetxeetako presoei dantza egiten irakasten zien». Gero eta gehiago barneratu zuen dantza bizitzeko modu hori, eta 2003an DE LooPErs konpainia sortu zuen. Urte batzuk geroago, Amaya Lubeigt (Donostia, 1963) batu zitzaion. Lubeigtek Bartzelonan eta Essenen (Alemania) ikasi zuen dantza garaikidea, eta Susanne Linke, Urs Dietrich eta Pina Bauschen konpainietan lan egin zuen. Dantza profesionalaren distira mundua ezagutu zuten biek, baina dantza «zerbait gehiago» zela konturatu, eta bestelako langintzetan aritzen dira orain. Jose Andreu eta Rafael Molesek zuzendutako Five Days To Dance dokumentalak egitasmo horietako bat azaltzen du; bi dantza koreografoak Donostiako Larramendi ikastetxera azaldu, eta, bost egunean, bertako ikasleekin koreografia bat osatzen dutenekoa. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten filma, eta iragan asteburuan berriro ere Donostian izan dira filma erakusteko asmoz. Dantza elitearentzako espresabide artistikoa dela. Horra gizartean txertatua dagoen pertzepzio orokor bat.

WILFRIED VAN POPPEL: Bai, eta ez elite batentzat egiten dela soilik, jende jakin batek soilik egin dezakeela ere bai. «Dantza honentzat eta honentzat da», entzuten da sarri. Gazteengana joan, eta lehen erreakzioa arbuiozkoa izaten da sarri: «Nik dantza? Ez, ez...». Rol jakin batzuekin oso lotua dago oraindik. Eta hori aldatu egin behar dugu. Dantza gorputza erabiltzea da, eta gorputza ez da soilik futbolerako erabiltzen...

AMAYA LUBEIGT: Nik uste dut ez dela soilik dantzarekin gertatzen, arte adierazpide guztiekin baizik. Nik neuk uste nuen ezingo nintzela sekula dantzaria izan; artista izateko berezia izan behar zela uste nuen. Zenbat jendek esaten du : «Ni ez naiz artista!». Aspalditik txertatu diguten ideia bat da, eta ez da erreala. Artea adieraztea da; nola adierazi bakoitzaren araberakoa da.

Sorkuntza, kultura, hezkuntzan txertatua ez egoteak zerikusia izan dezake?

AL: Bai. Kosta egiten da dantza hezkuntzan txertatzea. Musikak sarbide errazagoa izan du. Gutxi, hala ere. Zenbaitetan, matematikak balira bezala erakusten dute musika, eta, ondorioz, haurrak aspertu egiten dira. Azterketak eta... hori guztia berrikusi egin beharko litzateke. Pena da dantza ez egotea gizartean txertatuago. Denok baikara artistak. Denok.

WVP: Dantzan egitea da gure gorputzaren kontzientzia hartzea, eta hortik abiatuta lan izugarria egin liteke. Oso txertaturik daukagu ezkortasuna: «Nik ez daukat erritmorik». «Nik ez daukat malgutasunik». «Nik ez daukat hau eta beste...».

AL: Eskolan hori entzuten dute haurrek. «Zuk balio duzu honetarako; zuk ez duzu balio». Helduek erabat barneraturik dauzkate errealak ez diren ezintasun ustezko horiek. Utzi erakuts diezazugun, eta mugi zaitez!

Gorpuztasunak, fisikotasun horrek ematen dio dantzari harremanetarako gertutasun bat?

AL: Dantza oso arte adierazpide biluzia da. Zure gorputza duzu, ez duzu beste bitartekorik espresatzeko, ez duzu beste tresnarik. Ez daukazu ezer berezirik konkistatu beharrik. Tira, bai, zure gorputza, eta hori asko da. Ohituak gaude gauzak konkistatzen, eta ez geure buruaren jabe egiten, eta horregatik zaigu zailagoa akaso. Baina dantzak duen potentzialitatea izugarria da, mundu guztiak baitauka gorputz bat.

WVP: Pertsonen arteko harreman fisikoa gauzatzen du dantzak, eta hortik abiatuta nortasuna sendotzen, baina rolak apurtu beharra daude. Mutil askok normaltzat ikusten dute gol bat sartu ondoren elkar besarkatzea, lurrera bota eta denak nahaspilan egotea. Hori onartua baitago. Dantza egiten hasi, ordea, eta elkar ukitzea ez zaie normala egiten. Hasieran... Hirugarren egunetik aurrera erosoago sentitzen dira, eta elkarren eskuak ukitzea ere gustuko dute.

Dantzak alda dezake gizartea?

AL: Dantzak ezin dezake alda gizartea, baina dantza egiten duten pertsonek bai.

WVP: Dantzak lagundu egin dezake.

AL: Baina ez da dantza hori gauzarazten duena: pertsonak dira, gu gara. Dantzari asko eta asko dago onena izateko helburu hutsa duena. Horrek gizartea aldaraziko du? Ez. Lan on bat egingo dute euren esparruan, baina kito. Gizartea gutako bakoitzak aldatuko du; eta, horretarako, ezinbestekoa dugu jarrea humanoago batean aritzea, eta ondoan dugunari erreparatzea, baina ez harengandik gustatzen ez zaiguna azpimarratzeko, ez lehia jarrera batetik. Hori egin dugu, eta ez du ezertarako balio. Itomen hutsa da hori.

WVP: Dantza erreminta bat da, oso erreminta ederra, baina beste asko daude, jakina.

Koreografo entzutetsuekin lan egin izan duzue. Zer ikasi duzue haiekin?

WVP: Konpainia onenetan ibilitako maisu batek esan zidan antzoki handietan dantza egitea bezain garrantzitsua dela herri txikienetan egitea. Ez ahazteko nondik gatozen, sorlekuetara itzultzeko ikasitako hura erakustera.

AL: Zer ez duzun egin nahi ere ikasten da. Oso-oso ona zen dantzari bat izan nuen irakasle, Pina Bauschen konpainiako dantzari izarretako bat. Asko ikasi nuen harekin, baina ikasi nuen nik ez nuela sekula emango klaserik berak ematen zituen modura. Asko haserretzen zen, eta nik ezin izaten nuen nire barneko guztia eman. Horregatik erabaki nuen nik sekula ez nuela dantza modu horretara irakatsiko. Niri gustatzen zait lan egitea maitasunarekin eta umore onarekin.

Lehiakortasun handia dago dantzaren munduan egun?

AL: Sekulakoa, eta batez ere emakumezko dantzarien artean. Dantza egitea gustuko duen emakumezko asko dago, eta dantza egiteko konpainia gutxi, baina lehiakortasuna gaitz orokorra da, ez dantzarena soilik. Horrela hezi gaituzte, eta aldatu beharra dago.

Dokumentuaren akzioak