Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Gaur egun, gehienetan, fiteago jotzen da»

Dokumentuaren akzioak

«Gaur egun, gehienetan, fiteago jotzen da»

Sabin Bikandi - Danbolindaria

Euskal dantza tradizionaleko jauzien ezagutza zabaltzeko ‘Urraska’ egitasmoan parte hartu du
Egilea
Iraitz Urkulo
Komunikabidea
El Correo
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/01/10

Aiko Taldea duela 8-9 urte Euskal Herriko musika eta dantzaren munduko lagun talde batek osatutako kolektiboa da. Berriki, www.aikotaldea.eus webgunean ‘Urraska’ egitasmoa abiarazi dute, euskal dantza tradizionaleko ‘jauzien’ inguruko informazio teoriko-praktikoa doan eskainiz. Sabin Bikandi Aiko Taldeko kidearekin hitz egin dugu ekimen interesgarri honen gainean.

– Zeintzuk dira Aiko Taldearen helburuak?

– Musika eta dantzaren arteko berezko lotura inportantea da guretzat, eta arlo horretan sakondu eta inguruarekin gure esperientzia partekatzea dugu helburu. Edo dantza irakaskuntza eta irakasbideak gaurkotu, hobetu, sakondu, profesionalizatu… Dantzak irakatsi beharrean dantzan irakatsi.

– Une honetan, zein proiektu dituzue abian?

– Dantzaldi Ibiltaria da ziurrenik Aikoren proiektu inportanteena. Hainbat herritan dantza eskolak ematen ditugu, oinarrizko baliabideak irakatsi eta jendea animatzeko asmoz dantza plazetara etor dadin. Bestalde, UPV/EHUrekin sinatu berri dugun hitzarmenari esker, hainbat ikastaro antolatzen hasi gara. Unibertsitatean dantza normaltasunez irakats dadin lan egiteko asmoa ere badugu.

– 2010ean, Nevadako Unibertsitatearen eskutik, ‘Urraska: dantza jauziak Sagasetaren bidetik’ izenburuko CD, DVD eta liburua kaleratu zenituzten. Nola sortu zen kolaborazio hori?

– Nevadako Unibertsitateak nire doktoretza tesia (Alejandro Aldekoa: Master of Pipe and Tabor Dance Music in the Basque Country) argitaratzeko liburu formatura egokitzen ari ginelarik, ‘Urraska’ ia kaleratzeko prest geneukan. Renoko Daniel Montero eta Cameron Watsonekin gure proiektu berria partekatu eta egoki eta interesgarri iruditu zitzaien ingelesera itzuli eta mundu zabalera hedatzea.

– Zein da halako lan baten balioa eta interesa?

– Jauzien inguruko lan monografiko sakon, zabal eta zientifikoa dela esango nuke, eta eskuzabala, erabilitako eta zabaldutako baliabideetan.  Lehenengoz Sagasetaren eskutik heldu zaizkigun jauzi guztiak grabatu genituen. Eta musikari askok eskertu diguten jauzien transkripzio berri bat, partiturak dantzaren abiapuntutik eginda, urratsen egitura kontuan harturik. Eta aspaldiko bideo interesgarri batzuk, eta abar.

– Nor da Sagaseta? Zein da haren ekarpena? 

– Migel Angel Sagaseta apaiza, historialaria, musikari eta dan tzaria da. 1970 urte inguruan Luzaiden parrokoa izan zen eta bertako tradiziozko dantzak ikertu zituen: historia, pertsonaiak, dantzak, urratsak, musika… eta, 1977an, dantza jauzien ‘biblia’ bilakatuko zen lana argitaratu zuen: ‘Danzas de Valcarlos-Luzaideko dantzak’. 2011n lan berri bat argitaratu zuen, aurrekoa baino askoz ere sakonagoa: ‘Luzaideko ddantzak’. Bere lana erreferente bat izan da jauzien munduan, eta ez da izan musikaririk ez dantza talderik Sagasetaren paperak erabili ez dituenik.

– Zer dira jauziak?

– Jauzien tankerako talde dantzak aspalditik ezagutzen dira Europa inguruan ere, branleak adibidez. Gurean Pirinio inguruan egin dira batik bat, Nafarroako iparraldean, Lapurdin eta Zuberoan. Biribilean egiten diren gizatalde edo komunitate dantzak dira jauziak. Biribilean aritzeak talde nortasuna indartzen du, sustrai komunak sendotuz. Gaur egun, jauziak Euskal Herri osora zabaldu dira.

– Zertan datza proposatzen duzuen jauzien inguruko interpretazio berria?

– Musikari dagokionez, abiadura mantsoagoa, Beñat Irigoyen ‘Galtxetaburu’ Azkaindarrak jauziaren grabaketa bat abiapuntu hartuta. Lasaiago, luzeago jotzen dugu urraska lur gainak dantzan gozatu ahal izateko. Gaur egun gehienetan fiteago jotzen da. Bestalde, egin ditugun musika transkripzio berriekin, dantzara, urratsetara egokitu dugu musika jotzeko modua eta erritmoa. 

Eskuragarri

– Berriki Aiko Taldearen webgunean, ‘Diskografia’ atalean, material guztia denon eskura jarri duzue. Zergatik? Nori zuzenduta dago?

– ‘Urraska’ agorturik dago aspaldian eta, buelta batzuk eman ondoren, ‘Urraska’ berriz argitaratu beharrean gure lana zabaltzeko modu egokiena Internet zela erabaki genuen. Gure helburua, hain zuzen, zabalkuntza da eta horregatik doan jarri dugu lana gure webgunean.

– Sakon dezagun webgunean aurki daitezkeen edukietan. Zer dakar liburuak?

– Testuan jauzien inguruko oinarrizko informazioa dator, eta batez ere, gure jauziak interpretatzeko moduaren azalpen zehatza: erritmoa, transkripzio irizpideak, abiadurak, perkusioaren erabilera…

– Material praktikoa ere bada. 25 bat jauzi-melodiaren partiturak eta bakoitzaren bi grabazio-mota eskaintzen dituzue: bata pausoak markatuta, eta bestea, markatu gabe.

– Jauziak urratsak markatu gabe dantzatzea beste kontu bat da (mutil-dantzen modura) eta, horregatik, musika hutsez egin genuen bertsio nagusia. Baina, gaur egun, erabilienak urratsak markatuta dituzten jauzien grabaketak dira, hau da, zein urrats datorren ‘txibatu’ egiten digutenean. Edozein kasutan, bertsio biak ondo datoz ikasketa prozesuan.

– Bitxikeria nagusietako bat dantza-bideo zaharrak dira…

– Bai, ‘dantzan.eus’ekoekin batera ari gara horretan. Bideo oso interesgarriak ditugu. Claude Iruretagoyenak 1989an Aiziritzen egin zituen grabaketak, Michel Verdierek Bithiriñan eta Iholdin 1965ean egin zituenak (mutuak)… tartean Bordarrampe dantza maisuak urratsak banan-banan azaltzen ere ikusi daitekeelarik. Material ederrak, batez ere, lehengo dantzaeraren aniztasuna eta aberastasuna ikusteko. 

– Azkenik, ‘Urrastegia’ izeneko atala dago. ‘Jauzi’en urratsen eskuko gida izendatu duzuena. Zer informazioa kontsulta daiteke bertan?

– Poltsiko liburua da, urratsen izen ezberdinak konparatzeko taula dago bertan, urratsen ‘sinonimo hiztegia’ edo, eta ‘jauzi’ guztien urratsen segidak, liburuxka eskuetan dugula edozein ‘jauzi’ edo ‘muxiko’ dantzatu ahal izateko.

2015-01-10_Sabin-Bikandi-elkarrizketa-El-Correo

Dokumentuaren akzioak