Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Frantsesez pentsatua

Dokumentuaren akzioak

Frantsesez pentsatua

'Pierra Lhande' pastorala frantsesez idatzi du Annick Renaud-Coulonek; euskaraz taularatuko dute uztail-agorriletan, baina lehen aldia da frantses bertsioaren autorea dutela pastoralaren autore.
Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/03/21
Lotura
Berria

Aurtengo Pierra Lhande (1877-1957) pastorala euskaraz emanen dute zalgiztar eta iruritarrek uztailaren 26an eta agorrilaren 2an, Zalgizen.

Baina, frantsesezko bertsioaren itzulpena izanen da testua, eta, lehen aldikoz, frantses bertsioa idatzi duena da pastoralaren autore gisa aurkeztua. Hau da, Annick Renaud-Coulon. Euskarazko itzulpen lanaren %75 Jean-Pierre Behokaraik egin du. Gaineratekoa talde lana izan dela zehaztu du Renaud-Coulonek, baina izenak ez dira jakineko. Eta nola horiek ez duten agertu nahi, Behokaraik ere ez du nahi ukan ofizialki agertu, liburuxkan eta.

Sorkuntza lana frantsesezkoan dela, hori segurtatu du Renaud-Coulonek: «Zaindu dut ongi ulertua izan dadin nik jarri nahi izan dudana. Nire testuaren itzulpena izan dadin. Testuak Pierra Lhanderen errealitatea baitakar». Alexandrino neurtitza erabili du pastorala idazteko. Behokaraik pastoral osoa idatzia zuen. 206 kopla eta 5 kantu. Baina ez zuen dena gustukoa ukan Renaud-Coulonek: «Hark nahi zuen, hitzez hitz. Nik erran nion ez zela ahal. Norbaitek egin du, halere; nik baino hobeki, seguruenik, antolatzaileek hartu baitute testua Annickek nahi bezala, ez nik nahi bezala», Behokarairen hitzetan. Ez dela kexu zehaztu du. Egin lana, «pastoralaren onetan eginik izan da». Hori dela denen xedea, baita harena ere argi utzi nahi izan du Behokaraik. Kantuak, berriz, Behokarairenak dituzte hartu. Hark ditu izenpetzen. Pierra Lhanderen olerkietatik ditu jalgiak. Lhandek frantsesez idatzi zituen olerkiak, egokitu dituenak.

Pastoralaren historian frantsesez idatzi liburuxketatik egokitzapenak eginak izan dira. 1963an Pierre Bordazar Etxahun-Iruri (1908-1979) autorearen Santxo Azkarra pastorala, adibidez. Marc Legassek idatzi liburuki batetatik abiatu zen. Baina pastoralaren autorea Etxahun-Iruri da. Marc Legasse ez da nehon agertzen. Behokaraik ere idatzia du bat gisa bereko egokitzapenetatik: Etxahun Barkoxe khantore egilia (1985). Pierre Hegiaphalek frantsesez idatzi zuen lehen idazkia. Baina Behokarai da pastoral horren autore.

Renaud-Coulonen Lhande

Bere pastoralaren testuarekin Renaud-Coulonek «XXI. mendeko errealitateei lotzea» izan du ideia. Oroz gainetik, eragina izan duen gizon politiko gisa nahi izan du erakutsi, «bi gerlen arteko izar» izan dena. Erbestea eta familiarekiko bereizketa nabarmentzen ditu baita. Eta horri lotua pastoraleko beste gidalerro bat euskal emigrazioa duela esplikatu du Renaud-Coulonek. Argentina, Madagaskar eta Indiatik ibilia izan da Lhande. Alde hori franko gustukoa ukan dute pastorala emanen dutenek, preseski: «Kolore eta jantzien aldetik erliebea ematen dute», dio Josy Arrozagarai, pastoralaren elkarteko presidenteak. Pastoralerako prestatzen ari diren dantzetako baten gaia munduaren itzulia dute: «Lhandek ezagutu herrialde bakoitzeko jantziekin». Jesuita zen Lhande, eta, funtsean, egin bidaiak, hasiz Pariseko auzo pobreetatik, jesuita gisa egin zituen. Hori ere aipatzen du Renaud-Coulonek, «Pierre apeza Emmaus lagundiaren sortzailearen aitzindari» bezala aurkeztuz. Baina, ez duela, «kakotxen artean, apez pastoral bat» egin nahi izan dio.

Lhandek idatzi euskara-frantsesa hiztegia, Etxahun Barkoxez egin ikerketa eta Euskaltzaindiaren sortzaile taldean egon izana aipatzen ditu pastoralak, «baina ele laburrez» Behokarairen iritziz. Eta beste eskas bat «bitxi» kausitzen du Behokaraik. Etxahun Iruri batere ez agertzea pastoralean. «Hangoa izenez, pastoral idazle, kantu eta soinu egile, gizonik handienetarik bat da Euskal Herrian».

Antolatzaileen ideia

Pierra Lhandez euskaraz idatzi pastoral bat existitzen da, Jean-Louis Davant idazlearena. Baina ez ziotela haiek eskatu eta ez zutela gustukoa ukan pastorala muntatzen dutenek adierazi du Arrozagaraik. Lhanderen bizitzako zati batzuk ez zituelako aski aipatzen, haren iduriko: «Eta badakizu nola gertatzen den horrelakoetan. Afari batean, mahai inguruan talde bat jartzen da, eta solasean hasi. Davantena ez zela egokia eta, hortik, nork ezagutzen ote zuen Lhande galdera pausatu, eta Annick bazela batek atera. Euskara ez zekiela, baina itzularaziko genuela erabaki eta horrela hasi zen».

Renaud-Coulonek Zuberoa 1982an zuen ezagutu. Etxarrira zuzenbide ikastaroak ematera etorri zela. Jurista da lanbidez. Eta lekua «liluragarria» egin zitzaion. Orduz geroztik, urtero etorri da. Horrela da Zalgizko Aphatia etxera iritsi. Pierra Lhanderen Zalgizko familia etxea izan zen Aphatia. Erosi eta berritu zuen senarrarekin, duela hamar bat urte. Hor du pausatua aingura, nahiz Parisera joan-jin anitz egin lanagatik. Lhanderen biziaz horrela da hasi interesatzen. «2002tik ari naiz ikertzen». Lhandek berak anitz idatzi badu, proportzioz euskaraz ez duela hainbeste idatzi, eta horrek bere alde egin duela aitortu du Renaud-Coulonek. Lhandek baditu euskaraz idatziak, Yolanda eleberria bezala, baina frantses itzulpena irakurri ahal izan duela gaineratu du.

Horrez gain, pastoralak behar bezain ongi ezagutzen dituela dio: «Frantsesez pentsatu dut. Baina badakizu, 20 bat pastoral ikusiak ditut bizian. Maite ditut pastoralak. Pastoralaren generoaz betea dut gogoa. Gorriaz eta urdinaz pentsatzen aritu naiz».

Pastoralei lotu kodeez eta, horretan, taula zuzendariarena dela ardura handiena nabarmendu du Behokaraik: «Segur naiz Jean-Pierre Rekaltek errejent lana eginen duela eta ontsa eginen duela. Orain artio egin duen bezala». Rekaltek, justuki, itzulpenaren kontu horretaz, praktikan ez diola deus aldatzen dio. «Aitzinetik frantsesez edo euskaraz, nik ez dut frantsesik ukan eskuetan. Nik testua ukaiten dudalarik euskaraz dut».

Horrek guztiak ez dio euskara ikasteko gogorik piztu, haatik, Renaud-Couloni: «Hasi nintzen doi bat 1983an, baina hain da konplikatua... Egia da gogoa eman lezakeela, entzuten direlarik euskaraz mintzatzen... Egia da, orobat, eginahalak egin behar direla hizkuntza hau ez dadin gal. Gure aktoreetan ere anitz dira ez dutenak mintzo. Nire pastoralean biziki presente da gai hori, pastoral guztietan bezala, hizkuntza babesteko behar hori».

Jatorrian euskaraz pentsatua izatea ala frantsesez, horrek zerbait aldatzen ote duen galderari, hauxe dio Renaud-Coulonek: «Egia da hizkuntza batek egituratzen duela pentsamendua. Ezberdinki azaltzen dira frantsesez eta euskaraz. Euskaraz biziki espresio politak badira, itzultzeko zailak direnak, hain dira finak».

Arrozagarairentzat, nahiz eta «hartu bidea doi bat berezia» izan, emaitzak du interesatzen. «Bide guztiek norabait eramaten dute. Guk nahi genuen plazerez jokatuko genuen pastoral bat lortu. Publiko guztiari plazer eginen dion pastoral bat». Eta itzulpena egin dutenek zuberera biziki ongi menperatzen dutela eta, itzulpengintzari esker, «nonbait euskara ere irabazle ateratzen da».

Frantsesez idatzi eta «itzulpena besteei eginaraztea», ez zaio «manera hoberena» iruditzen Behokarairi: «jakinez berak ez duela hitz bat ere konprenitzen». Hoberena zuberotarrez idaztea dela: «Gauza aisatzen du, hasteko, eta ez duzu hainbeste lan beharrik. Hor gertatu dena ez da sekula agitzen. Itzulpen denak ez onarturik eta». Halere, hor ere berresten du dena dela horrek ez duela erran nahi pastorala «txikiturik» dela. «Pastoralak merezi du, beste orok bezala izan dadin kausiturik».

http://www.berria.eus/argazkiak_papera/BERRIA/d20150321/p032_f01.jpg

Iruri eta Zalgize herrikoak ari dira aurtengo pastorala prestatzen; erdian, testua eskuetan, Beñat Larrori sujeta. A.SOKARROS

Dokumentuaren akzioak