Dokumentuaren akzioak
Euskara eta sinboloak berreskuratu nahi dituen maskarada Idauze-Mendin
Johañe Etxebest eta Maite Davant bata Ligi-Atherei herrikoa eta bestea Úrrústoi-Larrabilekoa izanki ere, Idauze-Mendin prestatzen ari diren maskaradako laguntzaile lanetan ari dira. Artistikoki gidaritza lan nagusia Etxebesten esku gelditu da, eta Davantek euskararen garrantzia indartu nahi izan du, gazteen artean mintzaira indartuz.
"Gazte anitzek euskara ulertzen dute, baita ematen ere, baina ez dute militantzia edo kontzientziazioa hori baliatzeko", azaldu zuen Johañe Etxebest. "Maite Davant duela bi urte hasi zen AEK ikastaroak eramaten Idauzeko gazteekin", gehitu zuen. "Transmisioaren" jakituria baliatu ez duten zazpi gazteri ""nozio batzuk eman" zizkiela azaldu zuen Davantek, baina bere lan nagusia "erabilpena akuilatzea" izan dela azaldu zuen.
Cedric Zamalbide idauztarrak maskaradan parte hartzen du eta proiektuak herritarren artean eragin duen aldaketa nabarmendu zuen: "Kanbiamendu oso batzuk ekarri ditu; aisatzen du euskara baliatzea eta deliberamenduak eman dira euskaraz mintzatzeko".
Lan horrek eragin artistikoak ere baditu; izan ere, lauzpabost parte hartzailek ez dakite euskaraz eta "erran zaie ez mintzatzeko, frantsesez ari badira itsusia izanen baita". Aldi berean, euskara jakin bai baina baliatzeko ohiturarik ez dutenen artean ere mustrakak, hots, entseguak praktikatzeko aukera direla azaldu zuen Davantek: "Dakitenek baina ematen ez dutenak maskaradan alkohola lagun praktikarik gabe beldurtuko dira. Errealitatea horrela da, ingurunea ez da euskalduna".
Maskaradaren bitartez maila ezberdinetan egiten ari diren lana aipatu nahi izan du Urrustoi-Larrabileko trebatzaileak: "Dantzariak lan handia egiten ari dira, jokoen zentzua erakusten ari da Johañe. Erakutsi nahi dugu maskarada ez dela justu besta eta mozkorra, euskara eta sinbologia ere bada".
Sinbolismoa
"Lotura sozial handia sortzen du maskaradak, baina kulturalki eta sinbolikoki ere ekartzen du. Behar da zerbait ekarri jendeari, eta berriz zentzua ematen entseatu gara", azaldu zuen Etxebestek. Horretarako maskaradetako sinboloak eta pertsonaiak lantzen ari dira. Sinbologia horrela azaldu zuen trebatzaileak: "Maskaradak ihauteriak dira; hau da, naturaren berpiztea, eta taldeak hori du eramaten barrikadetan berpizten ahal dela".
Esaterako, branlea edo soka-dantzari dagokion tokia eman nahi izan diote; horregatik "nahiz eta luzea izan hiru parterekin" emanen dute. Azken urteetan ikusleen hobe ikus zezaten dantzariek inguratzen zituztenek eskuak askatzen zituzten. "Lehen branlea hausten bazen, maskarada bukatua zen. Aurten espiritua berreskuratu nahi izan dugu eta dantzariak erdian eman ditugu, inguruan eskuak lotuak emanak", azaldu zuen ligitarrak.
Branlean, hala ere, gizartean izandako aldaketak txertatu direla ere nabarmendu zuen Etxebestek; lehen jauna eta laboraria ziren tokian, orain anderea eta laborarisa ere badira. "Lehen branlean mutikoek neskak gomitatzen zituzten, baina orain nahastuak baitira beste sinbolismo bat da", aipatu du.
Herriko giroa
Herriko gazteak duela 15 urte jokalari eta dantzari lanetan aritu zirenen laguntza jasotzen ari dira. Horrela, belaunaldi ezberdinen arteko transmisioa indartuz. "Zuberotar gazteak biziki lotuak dira maskaradari. Idauzekoak biziki motibatuak dira; aspaldi ez nituen ikusten hain motibatuak", erran zuen Ligi-Athereiko laguntzaileak.
Zedric Zamalbide idauztarrak herritarren arteko lotura aipatu zuen: "Izugarri giro ona bada, herri ttipia baita. 270 bizizale gara eta guztiok elkar ezagutzen dugu, eta prefosta giroa arras ona da".
Zuberoan herriz herri hedatzen doan ohitura
Maskarada antolatzen duen herrian abiatu eta bukatuko da Zuberoan barnako ibilbidea, ohiturak agintzen duen bezala. Beraz, aurtengo ibilbidea urtarrilaren 18an hasi eta apirilaren 19an amaituko da Idauze-Mendin.
Tartean, urtarrilaren 25ean Atharratzen, otsailaren 1ean Urdiñarbe/Muskildin, ñan Garindainen, 15ean Gamere-Zihigan, martxoaren 1ean Altzúrúkún, ñan Úrrústoi-Larrabilen, 14an Maule -Lextarren, 21ean Santa Grazin, 28an Zalgize/Irurin, apirilaren 5ean Barkoxen eta 12an Sohútako Hoki auzoan izango da.
"Idauzetik kanpo hamaika herritik pasako da, eta Zuberoa osoa biltzeko, orekatu egiten dute", azaldu du Maite Davant trebatzaileak ibilbideari buruz. "Duela 20 urte beti herri beretan egiten zuten, baina duela 15 urtetik herri gehiagok galdetzen dute maskarada. Talde honek ongi orekatu du itzulia, ohiturarik ez duten herrietara eramanez", gaineratu du Davantek.
Egindako hauteaketa horregatik zoriondu nahi izan ditu gidariak: "Nahia hedatzen da eta inportantea da maskaradetako taldeek horretan ere lan hori egitea eta herri ttipi eta ingurune frantsestuenetara joatea".
Kantak
Txorrotxen kanta Peio Agorrodik idatzitako "XIberoko astoak" izanen da; "Arrosako zolan" kanturako baliatzean egin zen aire ezaguna. Azken kanta Jean -Pierre Behokaraik idatzi du Jean Etxegoihenen airean.
Dokumentuaren akzioak