Dokumentuaren akzioak
Euskal sorkuntzaren plaza bihurtuko dute Bilbo apirilaren 23tik 26ra
Guztira, hamazazpi ekitaldi eskainiko ditu Loraldia jaialdiak, eta 50 sortzaile baino gehiago bilduko ditu. Udaberriko euskal kulturgintzaren erreferente izatea da antolatzaileen asmoa.
Anton Abbadiak antolatutako Lore Jokoak ditu abiapuntuan Loraldia jaialdiak. “Iparraldean euskarari prestigioa emateko xedearekin jarri zituen Abbadia kulturgileak lore jokoak XIX. mende erdialdean. Loraldiak haren lekukoa hartuko du eta XXI. Mendean euskal kultura garaikidearen plaza ezinbestekoa sortu gura du”. Omenaldi berezia egingo diote horregatik Abbadiari. Haren figura oinarri duen Anton Abbadia emanaldia estreinatuko dute apirilaren 23an. Aitor Mazo aktoreak jokatuko du euskaltzalearen papera, eta Kukai Dantza taldea eta Arkaitz Miner musikariak lagunduko dute emanaldian.
Unamunori erantzuna
Horrez gainera, Miguel Unamunok 1901eko Bilboko lore jokoetan botatakoak ere izango dituzte gogoan jaialdian. Lutxo Egiak prestatutako gidoiaren gainean, Bilboko idazle eta pentsalariaren hitzei erantzunez arituko dira Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak, Mikel Martinez aurkezleak gidatuta. Eta hemendik 100 urteko Bilbori arituko zaizkie kantuan apirilaren 26an Uxue Alberdi eta Oihana Bartra bertsolariak, Gorka Benitez eta David Xirgu eta Josu Goiko musikarien laguntzarekin. Halaber, Metrokoadroka antzerki konpainiaren Sua izan nahi pieza ere estreinatuko dute, eta Kukai Dantzak Hazipenen pozak izeneko atzera begirako ikuskizun berria estreinatuko du.
Musika izango da beste protagonistetariko bat. Itoizen omenezko saioa antolatu dute, esaterako, apirilaren 24an, eta Badok musika atariarekin batera 22M2, Lurra eta Piztiak taldeen kontzertua antolatu dute egun bererako.
Apirilak 23
ANTON ABBADIA (Antzerkia-dantza)- Aitor Mazo aktorea, Kukai dantza taldea eta Arkaitz Miner musikaria. Arriagako Foyer aretoan. 19:30ean.
Apirilak 24
PLAZA: kultur industria topaketa. Zabalguneko merkatuan, 09:30ean hasita.
BAGA BIGA HIGA (musika-hitzaldia). Eñaut Elorrieta eta Mikel Martinez. Campos aretoan, 11:00etan.
ANTON ABBADIA, MIXEL ETXEKOPAR eta IGELAREN BANDA (Antzerkia-musika)- Rekalde aretoan, 19:30ean.
ITOIZ GAUA (musika). Espaloian-Joseba Irazoki-Hutsa, Kafe Antzokian, 22:00etan.
Apirilak 25
EUSKAL ZINEMAREN PANTAILA. Vasconiako historia bat, Sor Lekua eta film laburren proiekzioa, EITB Multibox gelan, 11:00etan.
ZAMA, artista plastiko eta bisualen instalazioak (Artea). Rekalde aretoan egun osoz, hogei artistaren lanak biltzen dituen erakusketa. Okela Sormen Lantegiak antolatuta.
ABBADIA ESPLORA: Burdin itsasadarra (Interpretazio-ibilbidea). Edorta Jimenezek gidatuta, Ibaizabal itsasadarrean zehar, Euskal Herria itsasontziz, 12:00etan hasita, Udaletxe aurreko pantaletik.
UNAMUNO, 1901EKO LORE JOKOETAN BERTSO BAZKARIA. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak Miguel Unamunoren hitzetan oinarritutako saioa. Kafe Antzokian, 14:30ean.
SUA IZAN NAHI: hildakoak, senideak eta maskotak (Antzerkia). Metrokoadroka konpainiaren lanaren estreinaldia. Pabiloi 6 aretoan, 19:30ean.
BADOK GEROA (musika). 22M2, Lurra eta Piztiak taldeak. Campos Kupula aretoan, 20:30ean. Badok.info atariak antolatuta.
KALAKAN, ON eta ABBADIA DANTZA (Musika-dantza). Kalakan taldea, Xabier Zeberio eta Pello Ramirez musikariak, eta Kukai dantza taldea eta Arkaitz Miner musikaria. Campos antzokian, 22:30ean.
Apirilak 26
KIXOTE (Antzerkia). Markeliñe konpainia, Euskaldunako A1 aretoan, 11:00etan.
BILBAO-BAOBIL 2115 (Literatura-bertsolaritza-jazza). Harkaitz Cano idazlearen testua, Uxue Alberdi eta Oihana Bartra bertsolariak, eta Gorka Benitez band eta Josu Goiko musikariak. Guggenheim entzungelan, 12:00etan.
HAZIPENEN POZAK (Dantza). Kukai dantza taldearen pieza estreinaldia, Guggenheim plazan, 13:00ean.
Jaialdiaren aurkezpena. / Iñigo Astiz
Dokumentuaren akzioak