Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Euskal dantza tradizionala unibertsitatera

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza tradizionala unibertsitatera

Urtea animoso amaitu eta hurrengoa ondo hasteko, Amurizak sortutako “Mundua dantzan jarriko nuke Jainkoa banintza” poema gogorarazi nahi nizueke. Zein ederto kantatzen zuen Imanolek! Gustuko abestia dut eta dantza saio erraldoiak imajinatzen ditut.
Egilea
Marisa Barrena
Komunikabidea
Durangon
Mota
Iritzia
Data
2015/01/01
Lotura
Durangon

Nire iritziz gure ingurua dantzan jartzeko hortxe ditugu gure ondarea diren dantza tradizional ederrak, eta lantzean behin dantzan egingo bagenu, zoriontsuagoak izango ginateke seguru asko. Halere, dantza horien transmisioa bermatzeko eta mundua dantzan jartzeko irakasle onak ere behar ditugu eta metodologia egokia.

Zoritxarrez Euskal Herrian “ez dugu eskolarik dantza maisu-maistrak trebatzeko”. Orain arte, batzuen borondatezko lanari esker mantendu dira euskal dantzak eta musika. Eta eskerrak horri!. Baina egungo gizarteak beste eskakizun batzuk ditu, beraz, dantza tradizionalaren transmisioaren erantzukizun osoa ezin da boluntarioen esku utzi. Berandu baino lehen Euskal Dantza Eskolak behar ditugu.

Irakasle aritzen direnen prestakuntzarik ezaren ondorioz metodologia falta ere nabaria da kasu gehienetan. Salbuespenak salbuespen. Halere pauso batzuk ematen hasi dira zenbait dantzari eta musikari. Oraintsu jakin dugunez, Aiko taldekoek Euskal Herriko Unibertsitatearekin hitzarmena sinatu dute.

Aipatutako hitzarmen horri esker unibertsitateko komunitateari ikastaroak eskainiko zaizkio. Besteak beste, zenbait ordutako "zure gorputzak badaki dantzan" mintegi espezifiko bat eskainiko zaie Irakasle-Eskolako ikasleei eta beste edozein Graduko ikasleei Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan.

Bihar-etzi eskoletan irakasle ibiliko direnei dantzan irakastea pauso garrantzitsua dela deritzot, eta hasteko mintegi eta gainerako ekimenak ederto daude, edozein modutan, ezin ahaztu pauso hauek ez dutela aipatu dugun Dantza Eskolaren beharrizana betetzen. Dena den, ea lehen urrats horiek jarraipena izaten duten eta mundu aldrebes hau dantzan jartzen dugun.

Dokumentuaren akzioak