Dokumentuaren akzioak
«Eskolan ikasitako dantzariak haserretu egiten ziren bizkor jotzen genuelako»
Kepa Arrizabalaga. Pandero jotzailea
Nekez da mutua irudia. Aurrean duen argazkilariaren objektiboari berdin-berdin dio panderoa jo bitartean Kepa Arrizabalaga kantuan ari den ala ez, baina Gatikako elizako arkupean kantuan hasi da Kepa Arrizabalaga (Plentzia, Bizkaia, 1944). Inork eskatu gabe. Despedida kopla batzuekin dabil, eta trikitilariari nola, kantatu bitartean, hala ari zaio argazkilariari ere animoka: «Ieup! Epa! Aupele!». Berezkoa du, kasik. Tomas Arrizabalaga Sitze soinu jotzailearen seme, urte luzez Rufino Arrola trikitilariaren alboko, Bizkaiko trikiti lehiaketa sorta baten irabazle eta Roberto Etxebarriarekin batera Euskal Herriko plazarik plazako musikari; orain lau urte utzi zituen zuzeneko emanaldiak behin betiko, baina nahikoa izan du argazki saioaren aitzakia hatzak busti eta kantuari ekiteko. Bizkaiko trikitiaren ikur nagusietariko bat da, eta baita bi munduren arteko zubi ere. «Lehen, trikitilariak ez ziren irteten, gehienbat baserrietan egoten ziren, baina ez zegoen askorik. Debekatuta egoten zen, erlijioa asko sartzen zen... Ni sartu nintzenean ja hasi ziren eskolak eta horrek gauzak irteten eta indarra ematen». Horregatik egin diote omenaldia Gatikan (Bizkaia), eta apropos hautatu dute harentzako ezizena ere: Panderoaren ahotsa.
Aitarekin hasiko zinen, noski.
Nik aita soinu txikia jotzen ezagutu nuen, eta gero ibili eta ibili eta horrela ikasi nuen jotzen. Baina irten? Inora bere ez. Erromerietara aita igual norabait joaten zen, baina ni ez nintzen ibili inoiz. Gero ezkondu ostean hasi nintzen. Bilbon egin zen halako txapelketa moduko bat, eta apur bat ibiltzen ginenok hara joan ginen. Lehiaketa egin zen, eta han hasi ginen. Jendeak ikusi, jendeari gustatu eta orduan hasi ziren erromerietarako deitzen. Direkzioa ematen genuen, eta horrela; orduan telefonorik ez genuen eta. Handik hasi ginen. Etxean jotzen genuen, baina gutxi. Gonbidatuak eta egoten zirenean; erromeria egiten genuen etxean, jo eta jo, baina ez esateko moduan prestatzen.
Prestatu gabe taula gainera igotzeko ausardia beharko da ba.
Ez da izan beharrik balientea, aurpegia jarrita nahikoa da. Gero bai, hasi ginen apur bat gehiago preparatzen, ze erromerietarako errepertorioa izaten zen zabaltxoagoa. Ni Isuskiza auzoan jaio nintzen, sakonean dagoen baserri batean, eta halaxe hasi ginen.
Eta nola piztu zitzaizun ezkondu ostean gogoa?
Hemendik leku askotara joaten ginen. Gero hasi ziren egiten txapelketak, eta txapelketetara bere joaten ginen. Ezkerraldera bere bai, Errekatxora... astebete bere hantxe egin genuen. Aita gazte hil zen, eta hil zenean jarraitu nuen Agustin Arrola, Luis Bilbao eta beste batzuekin. Zaharrekaz.
Izen handiak dira aipatu dituzun horiek.
Bai, bai. Txapelketak bere, Arrolagaz irabazi dut Bizkaiko txapelketa hainbat bider. Batera bere egiten nuen biekaz: aitagaz eta Arrolagaz. Eta gero aitagaz behin joan ginen 1974an Donostiako txapelketara Trinitateko plazara, eta han hamabik-edo jo genuen, eta bigarren egin genuen.
Marka ona.
Ez genuen sinesten. Laja-eta lehenengo eta gu bigarren. Han zeuden Tapia zaharra eta kuadrilla. Eta 1978an aita hil zenetik Rufinogaz [Arrolagaz], eta 1980an ere laugarren atera genuen Baldan Donostian.
Zu lehiaketetan beti eroso?
Bai, trankil.
Saltsero fama duzu, eta plaza nahiago duzula esango zenidala pentsatzen nuen, egia esan.
Bai, saltseroa naiz. Eta bai, jende aurrean gogortxoago egiten da. Hainbat gogorrago. Bestela eskatzen dizute bat eta beste eta jo eta ala. Aurrera. Ondo badoa, ondo, eta txarto badoa, txarto, baina denak ondo! [Barre egin du].
Panderoaren ahotsa. Ahots fuertea izan duzu beti.
Lehengo eguneko omenaldian Jose Mari Iriondo egon zen hemen aurkezle lanetan, eta esan zuen altuetan beti altuenak kantatzen nituela, eta hori gogorra dela. Eta nik pentsatzen dut baietz, hori hala zela. Orduan gehiago. Orain ez dut gobernatzen. Omenaldian ibili nintzen apur bat, eta igartzen dut. Entrenamendurik ez eta...
Zure emazteak esan du lehen: bazekien noiz ateratzen zinen, baina noiz bueltatuko zinen ez.
Orain ez da horrenbeste, lehen izaten zen gehiago. Autorik ez zegoenean hainbeste. Oinez joan beharra igual. Guk gauez ez genuen egiten behar asko. Gureak izaten ziren egunez normalean. Goizean, gosari handiak, animazioa... Baina gauez gutxi.
Goitik behera ezagutu duzu Euskal Herria, halere.
Euskal Herria dena. Rufinogaz [Arrolagaz] atera ginen, baina Robertogaz [Etxebarriagaz] gehiago, Gipuzkoa aldetik eta. Gipuzkoako jendeari gustatzen zitzaion nire estiloa. Igarri egiten nuen festibalak-eta egoten zirenean Beasainen eta. Irten eta andre-gizon zahartxoek esaten zidaten oso ondo egin nuela, gehienak zahartxoak izaten zirelako.
Xabi Aburruzaga trikitilariak dio Bizkaiko trikitiaren estiloa dela zurea. Hala da?
Bai, bai. Apur bat braboagoa zen gurea. Orain melodia gehiago dauka. Gurea izaten zen braboa. Jendeari gustatzen zitzaion. Ez dakit zelan esan, baina estilotxo bat zen.
Orain galdu egin da hori, akaso?
Mejoratu! Lehen, dantzaldiak eta erromeriak egiten ziren, eta bizkorrago jotzen zen jendea bere bizkorrago joateko. Gero ja hasi ziren eskolakoak dantzatzen, eta haiek geldiro jotzeko eskatzen ziguten, ze jakina haienak izaten dira pauso konplikatuagoak, eta denbora behar da horiek egiteko. Batzuek haserretu bere egiten ziren geugaz. Oihuka baten bat: «Ei, astirotxoago!». [Barreak]. Gero lantzean behin egoten zen konplizeren bat bere, eta esaten zigun: «eman!».
Erromerien mundua aldatu da.
Ni hasi nintzenean jotzen denak dantzan barra-barra, igual astiroko zein arineko, jendea berehala hasten zen, baina orain ez. Orain beste zer bat da. Jende gutxik egiten du dantzan orain. Entzutera gehiago.
Zuretzat panderoa eta boza gauza bera izango dira jadanik. Beti aritu zara bietara?
Ahotsean gehiago. Hemen egon da zer bat. Lehengo trikitilariak ez ziren irteten, gehienbat baserrietan egoten ziren, baina ez zegoen askorik bere. Debekatuta egoten zen, erlijioa asko sartzen zen... Ni sartu nintzenean ja hasi ziren eskolak eta horrek gauzak irteten eta indarra ematen, eta salto horren aurretik igual igarri gehiago egiten zen panderoa jotzen zuena.
Debekurik ezagutu zenuen?
Busturian. Aitagaz nengoen. Mikel Laboa zen kantatzen, eta, bueno, akaberarako muntatu zen saltsa. Berak deskantsua egiten zuenean jotzen genuen guk. Bigarren saioa hasi zuenean, garrote hotza guardiak. Bertako antolatzaileak deitu gintuen. Dantzan jendea gurekin, eta Mikel entzuten gero... Aitak jotak jotzen zituen, eta denak dantzan. Orduan jendeak dantza egiten zuen.
Zu jotzen ongi, kantatzen ongi, baina animatzen ere ona.
Eduki egin behar da hori ere, poztasun apur bat, alegria apur bat, zer edo zer emateko. Pizteko.
Soinu jotzaileak ez lokartzeko?
Bai, bestela igual soinu jotzaileak lokartzen hasten dira, eta «aire, aire!» egiten diozu albotik eta tira! Sestaon ere jende asko egoten zen dantzarako, hemezortzi edo hogei bikote, eta haiei denei jo eta kanta egin behar zitzaien. Aitak kantatu barik egiten zuen, eta egundokoa zen. Igual ziren hogei jota eta hogei arin-arin. Probak, premioen ostekoak eta... Orduan aguantatzen nuen.
Aitaren omenezko disko bat ere grabatu zenuen ezta?
Bai, hor dago. [Elkarrizketarako bere ibilbide osoan irabazitako garaikurrez eta oroigarriz bete du sukaldeko mahaia, eta kartel baten azpitik atera du biniloa]. Aita hil eta hurrengo urtean izan zen. [Azalean aitaren argazkia ageri da, eta hari begira dago. Trikitian dituen itsasgarriak seinalatzen ditu irribarrez]. Hemen Sabino Aranarena, hor bestea, denak hor pegatuta! Eta hor argazki txikiagoetan gu: hau Rufino [Arrola], hau Luis [Bilbao], eta hau ni. Ni orduan bizarrarekin ibiltzen nintzen, bai.
Eta zer gogoratzen duzu diskoaz?
Disko berezia izan zen. Bi kanta badaude aitari dedikatutakoak: Arrizabalaga eta Isuskiza aldean baziren trikitilariak. Bertso horiek atera nituen neuk eta bertsolari batek. Donostian grabatu genituen. Denak tiradaz, ez errepikatu eta ez ezer. «Zelan dago?», besteak «ondo» esan, eta aurrera. Hurrengoa txarto irtengo zen. Natural-natural atera genuen. Orain batek bakarrik kanta, bakarrik jo soinua, eta gero dena juntatu. Guk denok batera. Jo eta jo.
Hitzik ez duzu idatzi, bestela?
Ez, hori. Bestela Balentin Enbeita bertsolariak eta. Ni analfabetoa naiz euskaraz. Leitu eta eskribitu egiten dut, baina neure erara.
Zuri zein pandero jotzaile edo trikitilari gustatzen zitzaizun?
Hainbeste daude... Prudentzio Azpiazu. Garbi-garbia zen. Hori duda barik. Tiki-taka-tiki-taka eta abesten ere, fina eta itzelak, ikustekoa izaten zen hura, baina gutxi ibili zen. Eta gero ba Epelarre [Xabier Errasti], Landakanda [Ramon Zubizarreta] , Eusebito [Eusebio Rueda], Maurizia [Aldeiturriaga] eta... Ez noa esatera baten izena, asko zeuden-eta. Onak asko. Balbino [Ojanguren] eta Txilibrin [Silvestre Elezkano]... Onak-onak. Baina orduan gutxi ginen.
Entzuten dituzu oraingo trikitilariak?
Bai. Gustatzen zait. Miretsi egiten ditut, baina beste estilo bat da. Artistak dira, eta askoz bere preparatuago daude ordukoak baino. Baina estiloa da, beste estilo bat.
Bizkaiko trikitiaren ikur zarela diote. Horrela sentitzen zara?
Ez, ez! Ez nuke nahi sentitu ikur. Omenaldikoa larrekoa izan zen!
Nola ikusten duzu orain panderoaren osasuna?
Bueno, bueno, bueno... fuerte dago. Jendeak ez dauka intentziorik panderoa lagatzeko. Ni poztu egiten naiz horiek kuadrillak ikustean. Egin zidaten omenaldian ere pilo bat egon ziren, eta hemen jende guztia zegoen belarriak altxatuta. Etorkizuna eta etorria dago. Gizonak daude apur bat alferrago. Neskak dira gehiago; orain neskak dira finagoak.
Dokumentuaren akzioak