Dokumentuaren akzioak
Eskariak
Bote prontoan
Behin eskatzen hasita, erritmoa ere nahi dudala pentsatu dut Erritmoa berba egitean, paseoa ematean, lan egitean... Erritmo bizia noizbehinka bihotzean, eta beste une batzuetan, erritmo geldoa, lasaia, arnasarekin bat etorriko dena. Erritmoa aurkitu nahi dut irakurtzen ditudan liburuetan, eta melodia, eta armonia, eta arima ukitzen dizkidaten notak.
Armonia nahi dut. Lagunekin armonian sentitzea, lehertu arte barre egitea batzuetan, beste batzuetan irribarre egitea besterik ez, edo elkarrekin negar egitea, batasunak emandako energia berezi hori sentitzea.
Irrintzi baten indarra nahi dut. Bai esateko era ez esateko, galerei aurre egiteko, erronkei kokotsa goian dudala begiratzeko, gorputzaren eta buruaren ahuldadeak ahazteko. Sendatzeko. Edo ez gaixotzeko.
Musika nahi dut, armonia nahi dut, dantza egiteko gogoarekin bizi nahi dut... Urte berri honetan sentitu nahiko nuke eztanda egiteko prest dagoen irrintzi bat dudala ezkutatuta paparrean. Eta edozein momentutan lehertu daitekeela.
Dokumentuaren akzioak