Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Entzuten zekien ikerlari bakartia

Dokumentuaren akzioak

Entzuten zekien ikerlari bakartia

Juan Garmendia Larrañaga etnografoa hil da, 88 urterekin; euskal ohituren ikertzaile nagusietako bat zen.

Desagertzen ari zen nekazaritza munduak piztu zuen haren arreta, eta hari eskaini zizkion bere lanetako asko
Egilea
Mikel Lizarralde
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/01/09
Lotura
Berria

Hiru laurdeneko botilan ezin litroa sartu. Esaera horrekin laburbiltzen zuen Juan Garmendia Larrañagak euskaltasunari, euskaldun izateari buruzko bere pentsamendua. Norberak jakin behar duela nor den eta non dagoen. «Hortik abiatuta, hau da, geure nortasunaren gaineko konbentzimendutik, bide erdia eginda daukagu». Eta konbentzimendua zuen berak. Lepora diezaieketenaren gainetik, beste edozeren gainetik, euskaldunak euskaldun direla. «Gutxi garela? Noiztik neurtzen da kalitatea buruen kopuruaren arabera?». Euskal kultura eta, zehatzago esanda, Euskal Herriko etnografia izan zituen aztergai Garmendiak bizitza osoan, eta horrek euskararekin lotzen zuen haren lana. Eusko Ikaskuntzak 2005ean argitaratutako elkarrizketa luzerako Josemari Velez de Mendizabalek galdetzen ziolarik zertarako balio duen etnografiak, Garmendiak hitz gutxirekin laburbiltzen zuen bere lana: «Gure kasu konkretuan, euskalduna zer izan zen eta zer den ezagutzeko. Euskaldunaren bizimodua aztergai izan dugu eta dugu, oraindik ere, etnografian».

Juan Garmendia Larrañaga etnografo eta ohorezko euskaltzaina (Tolosa, 1926) atzo hil zen, 88 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna gaur egingo da, 19:00etan, jaioterriko Santa Maria parrokian, Garmendiak berak emandako aginduei zintzo jarraituz: «Beti-betiko zoriona bertan abestu behar didatela agindu diet semeei». Eusko Jaurlaritzak doluminak adierazi dizkie ohar baten bidez etnografoaren senide eta adiskideei, eta haren lana aitortu du.

Merkataritza ikasketak egin bazituen ere, Juan Garmendia Larrañagak oso gaztetatik izan zuen etnografiarako eta historiarako joera nabarmen bat. Familiak argizaiolak eta kandelak egiteko lantegi bat zuen, eta han, aitak lan egiten zuen bitartean, hasi zen lehen ikerketak egiten. «Heriotzaren inguruko ohiturak galduz zihoazela ikusten nuen. Eta hasi nintzen oharrak hartzen». Hori izan baitzuen afizio lehendabizi eta ofizio ondoren: informazioa biltzea, desagertzen ari zen mundu baten berri jasotzea, gal ez zedin. 18 urterekin ekin zion lanari, eta apurka-apurka, material andana pilatu zuen, gai askotakoa: «Gaiak ere pilatzen hasi zitzaizkidan, erreskadan, batekin hasi eta bestea ate-joka!». Eta horrela ia bizitza osoan, etenik gabe eta lanari egunero gutxienez tarte bat eskainiz, egin zuen bidea Garmendia Larrañagak: «Aleka-aleka bete dut nire biltegia. Gutxika-gutxika. Matxinbentako aita Lasa frantziskotarrak behin gogorarazi zidanez, apur askok asko dagite». Koadernoak osatzen zituen Garmendiak, eta behin Joxe Miel Barandiarani erakutsi zizkion, eta hark argitaratzeko esan zion. 1969an argitaratu zuen bere lehen lana: Monografía histórica de la villa de Tolosa.

Galtzear dagoena

Etnologoa baino gehiago, Garmendia etnografoa izan zela nabarmendu du Edorta Kortadi historialari eta lagunak. «Batez ere, datuak aurkitzea eta biltzea zen haren helburua». Alde horretatik, Barandiaranen eskolakoa izan zela dio. «Desagertzen ari ziren datuak jaso eta transkribatzen zituen, batez ere nekazaritza mundukoak eta itsas mundukoak. Ez zitzaion hainbeste interesatzen antropologia hiritarra, baina bai desagertzen ari zen edo desagertu zen nekazaritza mundu hori: tresnak, lanak, ohiturak... Kosmobisio horren inguruan lan egin zuen». Horregatik, Garmendiak beti adierazten zuen kezka usadio zaharrei buruzko informazioa emango zuen jendea ere usadio horiekin batera desagertzen ari zelako. «Nik idatzi ditudan gauza asko orain ezin dira idatzi, ez dagoelako nondik atera. Pertsona bat hiltzea, askotan, liburutegi oso bat erretzea baino okerragoa da, eta pertsona batzuek zekizkiten gauza asko, bizimodu bat betikoz galdu dira eurekin», zioen 2005ean BERRIAko Igandea gehigarriari emandako elkarrizketan.

Datuak biltzeko gogo horrek eraman zuen Euskal Herriko txoko ia guztietara. Beti entzuteko prest. «Kanpo ikerketan, etnografian lasai asko ibili behar da», zioen bere lan egiteko moduaz. «Norbaitengana jotzen baduzu daturen baten bila, hark zuk baino gehiago dakielako da. Eta hori, pellokeria dirudien arren, erraz ahazten da».

Josemari Velez de Mendizabal ikerlari, idazle eta Eusko Ikaskuntzako zuzendari izandakoak artikulu batean idatzi bezala, Garmendia «bere burua janzten» joan zen urteetan barrena. «Sendi negozioaren ezkutuetatik abiatuta, unibertsitate aulkirainoko ibilbideak gizakume jakintsu baten erretratua eskaintzen digu. Baina, bitxia bada ere, Juanek ez du bere burua inoren artzaintzat ezta besteren artaldeko arditzat hartzen». Izan ere, bakarrik lan egitearen aldekoa izan zen bizitza osoan Garmendia, «ikerlari bakartia», Velez de Mendizabalen esanetan. Ez zitzaion gustatzen taldean lan egitea, nahiz eta hori ere beharrezkoa zela iritzi. Baina beretzat ez zuen nahi. «Lan asko egin behar dira taldean, baina bakarrik egiteko lanak ere badaude, eta nik bide horri jarraitu diot. Julio Caro Barojak honela esan zidan behin: 'Talde batean sartu izan bazina, ez zenuke egin duzun lanaren bostena ere eginda edukiko. Beti egongo zinen taldeko nagusitxoaren esanen menpe'».

Lanean bere kasa hasi zen Garmendia, eta gerora, ordurako 40 urteak ondo gaindituta zeuzkala, eman zuen izena unibertsitatean. Geografia eta Historia ikasi zuen, Deustuko Unibertsitatean, eta 1984an doktore tesia aurkeztu zuen EHUn: Julio Caro Barojak zuzendutako Euskal lexiko etnografikoa lana. Hain zuzen ere, lan hori, Xabier Mendiguren Bereziarturekin elkarlanean osatua, 2003an eman zuen argitara, Hiztegi etnografikoa izenarekin.

Inauteriak Tolosan

Tolosarra izanik, inauteriak maite zituen Garmendia Larrañagak, eta antzinako ohiturei gehien eusten dieten jaiak direla iritzi zion, nahiz eta, batik bat herri handietan, oso aldatuak ikusten zituen: «Ikuskizun bihurtu dira, espaloian zutik-zutik jarri eta begira egoteko. Eta hemengo inauteriak beti parte hartzekoak izan dira». Bera ez zen ikerketan gelditzekoa; gustatzen zitzaion txantxo janztea eta kalera egitea. Honela gogoratu du Kortadik: «Tolosar peto-petoa zen. Juan Antonio Garmendia Elosegirekin batera, urtero-urtero eta egunero mozorrotu eta ateratzen zen». Alderdi hori, herrikoia, liburuetatik haratago doana nabarmendu du arte historialariak «Nahiz eta beti liburu artean ibili, oso kalekoa zen».

Izaera herrikoi horrek eraman zuen Garmendia Laskorain ikastolaren eta Lizardi kultur elkartearen sortzaileetako bat izatera, eta izaera herrikoi horren ondorioa izan ziren bere sendiaren lantegian antolatzen zituen tertuliak ere. 32 urtez, «eta egunero, igandeetan izan ezik» han biltzen ziren ordubetez Tolosa eta inguruetako lagunak, ikuspegi politiko eta ideologiko ezberdinekoak, hitz egiteko eta, batik bat, entzuteko. «Ikasteko bidea izan da beti elkarrizketa, baina, zalantzarik gabe, horretarako tertuliako pertsona izan behar da», zioen Garmendiak.

Inauteriak, itsasoa, artisautza, udako solstizioaren gaineko errituak, kondairak... aztertu zituen Garmendiak, pazientzia handiarekin eta herriz herri ibiliz. Lagunekin bezala, ezezagunekin solasean. Entzuten. Berak zioen moduan, lekuko bat hiltzen denean entziklopedia oso bat galtzen delako.

Juan Garmendiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare saria jaso zuen 2011n.

Juan Garmendiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare saria jaso zuen 2011n. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak