Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzari leiho zabal bat

Dokumentuaren akzioak

Dantzari leiho zabal bat

Bost dantza ikuskizun berri ikusi ahal izango dira dFerian, martxoaren 9tik 12ra.

Aurten 29 ikuskizun izango dira; bakan batzuk euskaraz
Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/02/20
Lotura
Berria
Dantzari bereziki eskainitako leihoa ez du atzo goizekoa dFeria Donostiako antzerki eta dantza azokak. Aurten hamabost urte beteko ditu Dantza Bultzatuz programak, 2001ean hasi baitzen. Aurten, martxoaren 9tik 12ra bitartean bost dantza ikuskizun berri ikusteko aukera izango da.

DFERIA DANTZAN

Urteak daramatza Euskal Herrian lan egiten Helena Golab dantzari eta koreografo poloniarrak. Dantza, antzerkia eta musika uztartzen ditu haren IN BEtween lan berriak, eta martxoaren 9an eskainiko du Intxaurrondoko Kultur Etxean. Erabakiak hartzeko zailtasunaz ariko da, eta proiektuan parte hartzen duen talde artistikoa presente egongo da agertokian, espazioa denbora errealean partekatuz.

Martxoaren 10ean ariko da Intxaurrondoko Kultur Etxean bertan Olatz de Andres dantzaria. El cielo ahora lana aurkeztuko du aurrez Zootropo eta Privola egin zituenak. Iraganaren eta historiaren pilaketa sinbolikoaz eta orainaren indarraz gogoeta egiten du lanak. Gaztelaniazko testua da, eta frantsesezko eta ingelesezko azpidatziak irakurri ahal izango dira. Egun berean, baina Gazteszenan, ikusi ahal izango da Cielo Raso konpainiaren Pereza lana. Igor Calongek zuzendutako lana da, eta gizakiaren ekintza, hitz eta keinu bakoitzean den edertasunaz mintzo da.

Judith Argomanizek zuzendutakoa da Lasala konpainiaren Lauesku 22 lana. 25 minutu eskaseko ikuskizuna da, eta pilota-partida baten bitartez hainbat egoera azaltzen dira jokoaren arauak auzitan jartzeko. Martxoaren 11n Viktoria Eugenian eskainiko dute. Euskal Herriko bosgarren dantza ikuskizuna Natxo Monteroren Barbecho izango da. Sorkuntza prozesuari buruzko gogoeta bat da, mugimendu eta koreografien segida bat, non hainbat gauza jartzen baitira auzitan, baita sortzaileak piezaren aurrean hartzen duen jarrera edo lekua ere. Martxoaren 12an ikusi ahal izango da, Imanol Larzabal kultur etxean.

Euskal Herritik kanpoko dantzak ere izango dira; Colectivo la Majara Danzaren Innings, Carmelo Segura Companhiaren Walking City eta Choni Compañia Flamencaren Compás de espera.

ESZENA T

Aurtengo berritasunetako bat da. Akitaniako OARA sareak (Euskal Antzoki Sarearen baliokidea) dFerian inplikatzeko konpromisoa hartu zuen. Akitania-Euskadi izeneko leihoaren bitartez OARAk bi ikuskizun programatuko ditu dFerian, eta sare horretako eragileak gonbidatuko ditu azoka bere osotasunean ezagut dezaten; «egitarauaz haraindi, lehen harremanak has daitezen, gure arteko lotura sendotu dadin eta etorkizunean proiektu komunak egin ditzagun», antolatzaileen esanetan. Yma konpainiak (Mezin, Akitania) L'Homme Assis lana eskainiko du martxoaren 11n, Imanol Larzabal kultur etxean. Lan horren abiapuntua gertaera soil bat da; mendebaldeko munduan gizakia aulkien gainean bizi dela. «Gure arbasoak zutitu egin ziren, baina guk eboluzionatzen jarraitu dugu, eserita egoteraino», diote. Paul le Oiseauxen Toutes les filles devraient avoir un poeme lana izango da Eszena T-ko bigarren emanaldia. Bordeleko konpainia da, eta Valeriere Riviere koreografoak obra honetan Emily Dickinson, Richard Brautigan eta Paul Eluarden hitzak darabiltza. Poeton funtsa nabarmentzen du dantzari laukote baten mugimenduen eta elkarrizketaren bitartez. Poema dantzatuak eta poema kantatuak.

EUSKAL ANTZERKIA

Orotara 28 konpainiak parte hartuko dute aurtengo dFerian. Erdiak baino gutxixeago dira Euskal Herrikoak, eta ez dira asko euskarazko emanaldiak. Shakti Olaizolak Irakurriz ikuskizuna emango du Viktoria Eugeniako klub aretoan, martxoaren 10ean; irakurtzen ari den neska baten mundu bitxi batean murgilduko da ikuslea. Pikor Teatrok Jauzi hirukoitza emango du Imanol Larzabal aretoan martxoaren 12an, eta Vaiven Producciones konpainiak New Orleansko Cyrano eskainiko du martxoaren 10ean Imanol Larzabal kultur etxean, 11:30ean.

LATINOAMERIKAKO LEIHOA

Microscopia y Oligor konpainia mexikarrak La maquina de la soledad emango du, San Telmo museoan, martxoaren 9an. Posta arruntari egindako omenaldia da. Teatro El Picadero argentinarrak Federico Luppi aktore entzutetsua izango du protagonista El reportaje-n. Antzoki Zaharrean izango da, martxoaren 11n. Teatro Errante konpainia txiletarrarenYo maté a Pinochet eta Mariano Tenconi Blanco idazle eta zuzendari argentinarraren La Fiera ere ikusgai izango dira.

@ dFeriaren egitarau osoa ikusi ahal izateko, jo webgune honetara:

www.dferia.com 

Federico Luppi aktorea dFerian izango da <em>El reportaje</em> antzezlanarekin.
Federico Luppi aktorea dFerian izango da El reportaje antzezlanarekin. BERRIA

Dokumentuaren akzioak