Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza garaikidea, mitologiaz gogoeta egiteko: ‘El cielo ahora’

Dokumentuaren akzioak

Dantza garaikidea, mitologiaz gogoeta egiteko: ‘El cielo ahora’

Martxoaren 1ean, 19:00etan, Durangoko San Agustinen eskainiko dute Isaak Erdoiza dantzari abadinarrak eta bere taldekideek El cielo ahora ikuskizuna.
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Durango
Mota
Albistea
Data
2015/02/26
Lotura
Anboto

Mitologiari buruz taldekideek egindako gogoeten inguruan eraikitako ikuskizuna da El cielo ahora. Erdoizak aurreratu duenez, hainbat galdera planteatzen dituena: “Zer eragin izan du historian zehar, eta dauka, gaur egun, mitologiak gugan?”, adibidez.

Iaz, Bilboko dantza garaikidearen BAD jaialdian aurkeztu zuten El cielo ahora ikuskizuna. Bi egunez jarraian eskaini zuten emanaldia, eta saio guztietan ikuslez bete zen aretoa. “Kritika eta publikoaren erantzun oso ona jaso genuen”, gogoratu du ikuskizunean parte hartzen duen Isaak Erdoiza dantzariak.

Olatz de Andres dantzariaren ideia da ikuskizunaren ardatza, eta talde lanagaz gauzatu dute lau dantzariek, Bartzelonako El Graner sormenerako gunean izan duten egoitza artistikoan. Erdoizaren berbetan, “dantzaren munduko erreferentziazko lekua da Bartzelonan El Graner, eta aukera ederra izan da”.

2011. urtean Durangoko San Agustinen ere erakutsi zuten Privolva ikuskizuna sortu zuen lan taldeari kide berri bat gehitu zaio El cielo ahora obrarako. Idurre Azkue gehitu zaie Pilar de Andres, Olatz de Andres eta Isaak Erdoizari.

Oso berezia izango da Isaak Erdoiza dantzariarentzat domekako San Agustineko emanaldia: “Emozio handia sortzen dit, publikoaren erdia lagunak eta familiartekoak izango direlako; urduritasuna eta poztasuna sentitzen ditut aldiz berean”. 

 

Dokumentuaren akzioak